KRONIKA

Araba, bizirik!

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Intxausti Aranguren 2026ko otsailaren 6a

Tea taldea Gurdi Gaztetxean. / Gorka Intxausti Guridi

Zinez, TEA + Ziztada & Erlantz + Komadü

Non: Gurdi gaztetxean, Laudion (Araba).
Noiz: Urtarrilaren 17an.

Gurdi izena eman diote, aurreko bizitzan izan zen jatetxeari keinu xume bat egiteko. Euripean eta gauez izanagatik, ilusioz egin dugu bidea Altuben behera aitaren todoterrenoan. Soinu probak martxan egon diren tartean, orain arte egindako bideari buruzko informazioa biltzen saiatu naiz: Eguberrietatik hona atondu dute etxea, eta kontzertu tokia, terraza, barra eta komunak erabilgarri dituzte jada. Gainontzeko espazioetan lan handia dute oraindik, baina ilusioa eta indar handia dagoela senti daiteke. Kanpora irten, sartzeko borondatea ordaindu eta kontzertuak hasi dira.

Zinez oholtzaratu da, eta hori bera ez da gutxi, kontuan harturik seikotea direla eta oholtzak metro karratu gutxi batzuk eta erdian egurrezko zutabe bat dituela. Benetako gaztetxe bat, finean. Gure taldeak zeinen ohituta egongo diren halako egoeretara, txikitasunera, hurbiltasunera. Behin elkarri ia ahots kordak ere ikusteko distantzia horretan katigaturik, preso hartu naute haien lehen, bigarren, hirugarren eta, tarteka, laugarren ahotsek, batere desafinatu gabe. Eta eraman naute, esaterako, Bidasoaz haragoko talde zenbaiten zantzuak antzematera.

TEA zarata taldea da. Baina lagun taldea, batez ere. Behin bidaiatzen hasita, denboran bidaiatzeko tartea eskaini didate, eta 1990eko hamarkadara joan naiz. Abeslariak berak ere behin baino gehiagotan esan du “gu [19]90eko hamarkadakoak gara” algara artean. Gauzak egiteko moduak eta moduak egoten dira, eta hauek baterijolea oholtzan utzi eta beste guztiak jende artera jaistea erabaki dute. Kategoriarik gabe, berdinen arteko kontzertu bat. Halaxe, abesti propioen artean, hardcorizatu ditugu Anari eta Rodrigo Cuevas, eta Chuleria, joder!-en Amigas abestu, kontzertua biribiltzeko.

Etxekoak azkenak. Ziztada & Erlantz eta Komadü agertokira eta ni Laudiotik Jamaika euskaldunera. Aldarrikapen zuzenez beteriko letrak dira Irunerenak, eta Oroitzapen eta aldarrikapen sorta ederra eskaini dizkigu Erlantzen livearen eta Iñigoren saxoaren erritmoan. Tartean, disko berri bat grabatzen ari direla ere adierazi digute, eta asmoa urte amaiera ingururako argitaratzea dela. Lehen aldiz oholtzaratu dute oso itxura ederreko kantu bat edo beste, eta entzundakoaren ildotik ari badira bidea egiten, estilo aldaketa bat ere nabari dela esango nuke.

Horixe izan da gaurkoa: bidaia arraro bat, espazioan eta denboran barrena. Konbinazio arraro bat, ospatzeko. Musika ez da izan garrantzitsuena. Ez gaur. Arabako eszena txikiak beste erakusleiho bat izango du aurrerantzean eta hori oso garrantzitsua da; baina, batez ere, bere alde lan egingo duen beste gazte talde motibatu bat izango du, eta hori… biziko denaren seinale da. 

Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons (CC-BY-SA) lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide