ANALISIA

Euskararen aurkako frontea antolatuta dago; euskararen aldekoa?

Erabiltzailearen aurpegia Zigor Olabarria Oleaga 2026ko martxoaren 23a

ARGIAk Euskara: nor dago oldarraldiaren atzean? ikerketa argitaratu du berriki, lan-talde oso baten ahalegin handiari esker. 

Ikerketak hainbat gauza utzi ditu agerian. Errenteriako Udalaren lan deialdiari dagokionez, frogatu du deialdiaren sabotajearen atzean talde antolatu bat egon zela, eta bertan saretuta daudela CCOO sindikatuko zenbait kide, Euskara Denontzat elkartea, Unidas por la Libertad Lingüística plataforma eta abokatu bat. Baina frogatu du ere Errenteriakoa ez dela gertaera isolatua. Komunikabide honek Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiei eta Donostiako Udalari eragin zioten beste lau helegite susmagarri identifikatu ditu. Kasualitatez edo kausalitatez, Errenteriaz gain hain justu beste lau helegiteetan “laguntza” eman izana aitortu dute sabotajearen antolatzaileek... ARGIAk informazio hori zuela jakin eta gero, aurretik kontrakoa ziurtatu baitzuten hainbat aldiz. Nekez pentsa daiteke identifikatu ditugunak direnik kasu eta inplikatu bakarrak. 

Harrabots handia eragin dute argitalpenek. Euskalgintzako eragileak, herritarrak, sindikatuak, alderdiak, sabotajearen protagonista zuzenak eta zeharkakoak... Denek eman dute iritzia. Ikerketak eta sortutako erreakzioek hausnarketa askotarako bidea ematen dute.

Eraso antolatu hauen protagonista nagusiak ez dira Vox edo PP, Espainia mailako ezkerreko espazioetan ari dira asko, eta ezkerreko erretorika batekin justifikatzen dute euskararen aurka egitea

Eraso antolatu hauen protagonista nagusiak ez dira Vox edo PP, Espainia mailako ezkerreko espazioetan ari dira asko, eta ezkerreko erretorika batekin justifikatzen dute euskararen aurka egitea. Bereziki kezkagarria da. Tamalez, ez da gauza berria gure historian, baina ez ote den gertatzen ari, gainera, inboluzio bat. Bi adibide: Errenteriako PSE-EEk sabotatzaileen aurka ez, udal gobernuaren aurka egin du administrariei 3.HE (C1) eskatzea “desproportzionatua” delako; 2008an, duela 18 urte, haiek izan ziren administrariei maila hori eskatzea proposatu eta onartu zutenak. Sumar alderdiko bozeramaile Jon Hernándezek Euskara Denontzati eta Osakidetzako plataformari babes zuzena adierazi die Legebiltzarrean, ARGIAk beren azpijokoen berri eman ostean; 2023ko azaroan Kontseiluak deituta dozenaka mila euskaltzale batu ziren Bilbon oldarraldi judizialaren aurka, Sumarrek atxikimendua eman zion manifestazioari eta ordezkariak bidali zituen. Zorionez, alderdi horietan bezala Podemosen edo CCOOn ere badira jarrera horiekin bat egiten ez duten pertsonak. Pozgarria litzateke ikerketak espazio horietan zenbait eztabaida piztea ekarriko balu.

Antolatzeak eta militatzeak emaitzak dakar, horra beste ondorio bat. Urteotan dozenaka eta dozenaka lan-deialdi bota ditu atzera euskararen aurkako fronteak, ARGIAren ikerketako protagonisten laguntzarekin besteak beste, eta larriagoa dena: oro har euskararen aurkako ideiak hedatu dituzte gizarte osoan, azpiratua pribilegiatu edota inposatzaile izendatuta. Oldarraldia orokorra baita, administrazioko euskara-eskakizunak erasoaren adar bat gehiago dira, beste askoren artean. Horregatik, martxoko LARRUN monografikoan fokua zabaldu eta oldarraldiaren eragile, jo-puntu eta diskurtso gehiago aztertuko ditugu, euskararen aurkako frontearen ezker hegalean arreta berezia jarrita.

Euskararen aurkako frontea antolatuta dago, bere lana egiten ari da, eta fruituak jasotzen. Eta euskararen aldekoa? Ziurrenik ez behar beste, beharra alimalekoa baita. Baina azken hilabeteetan zerbait aldatzen hasi dela ematen du, diskurtsoetan, egoeraren irakurketan, aldartean... praktikan?

Ikerketa argitaratu dugun aste berean, martxoaren 14ko larunbatean, goiz osoko topaketa egin berri dute Aiaraldea eskualdeko Zuhatza herriko Enegorta dorretxe sinbolikoan, Araban. Hilabeteak dira eskualde mailako deialdia zabaltzen hasi zirela: igorri dituzte eskuz idatzitako gutunak, bidali dituzte Esnatu ala hil liburuaren dozenaka ale; hartu dituzte kafeak. “Esnatzeko premia baitugu, gure hizkuntza biziko bada”, diote bultzatzaileek. “Gure diskurtsoak, praktikak eta lan tresnak birpentsatu beharra dugu”, diote. “Piztu behar gara, ahaldundu, boteretu”, diote. “Ez gara negar egiteko batuko, egoerari kemenez, grinez eta indarrez nola erantzun pentsatzeko baizik”, diote. “Maitasun eta errespetu handiz diogu: nekatuta edo etsituta bazaude ez zaitez etorri”, esan zieten gonbidatuei; 103 pertsona batu dira.

Ikerketak euskararen aldeko hausnarketa, emozio eta ekimenen pizkundean bere aletxoa jarri badu,  ahaleginak merezi izan du.

Eduki hau Argia.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide