Zail da esaten noiz hasi ote zen dena. Noiz piztu zen Ali El Amryrengan (Tetuan, Maroko, 2004) Tetuandik, Marokotik alde egiteko gogoa. Izan zitekeen Batxilergoko ikasketak utzi behar izan zituenean, autobusera igotzeko 50 dirhamak –5 euro– ez zituelako; edo Tangerreko jatetxe frantses batean lanean hasi zenean 300 euroko soldataren truke, eta 200 hirira joan-etorrian gastatzen zituenean, zer eta gaixotutakoan kaleratu zezaten; edo izan zitekeen, beste askoren kasuan bezala, Europara joandako lagun eta auzokideen bizitzak Instagramen ikusten zituenean, pantailaren beste aldetik miresten zituenean. Zail da esaten horietako zein arrazoik sortu zion harra. Ziurrenik denen arteko nahastea izango zen. Baina jakina da zerk piztu zuen metxa, zerk eraman zuen harra erabaki sendo bihurtzera: Omar Akallach umetako lagunak azaroan egin zuen lehen aldiz etxera buelta, hamarkada batean lehenengoz –ARGIAk kontatu zuen bertatik bertara 2.948. zenbakiko erreportajean–, eta hark Euskal Herrian lortutako bizimoduaren amuari kosk egin zion El Amryk, bete-betean egin ere.
Bisita horretatik urte erdi pasatxora, Euskal Herrian dira bi lagunak. Laudioko tren estazioan egin dute zita argazkilariarekin, etxeaz galdetuta inguru horiek seinalatzen baititu buruaz El Amryk. Bertako hizkuntzarik ez du lagun, apenas dakizkien berba batzuk gazteleraz, frantsesetik hurbilen daudenak. Akallach du itzultzaile; hura ez dagoenean, telefonoa edo keinuak. “Hemen inguruko eraikinen batean egiten du lo”, dio lagun eta itzultzaileak burumakur. Ez dizkio datu zehatzak galdetu, ez ditu nahi jakin, errudun sentitzen da. “Niri gertatu zitzaidan gauza bera ari zaio gertatzen”, dio, “baina ni adin txikikoa nintzen, eta hizkuntza banekien. Berak ez dauka ezer”.
Lortuko zuen. Horixe uste zuen El Amryk. Muga gurutzatuko zuen, Europara helduko zen, eta Akallachen bizi bera izango zuen. Ez zuen asko eskatzen: lotarako lekua, jana eta lana. Eta errei azkarretik egingo zuen, plan bat baitzeukan; amets europarra beteko zuen, bere aurretik milaka gaztek egin bezala. Koreografia bat balitz legez prestatu zuen, Akallachen laguntzarekin, Euskal Herrira heltzeko egin beharrekoa. Behin muga gaindituta, Europara helduta, bidea libre izango zuen bila zebilen bizi hobe horretarako. Akallachek aurreratu zion: “Hona heltzeko bidearen %50 nik erraztuko dizut”. Gainontzekoa, El Amryren esku. Horrela abiatu zen iparralderantz, otsaileko goizalde batean.
Akallachek ohartarazi zuen: “Ez dizute alfonbra gorririk jarriko”. Eta arrazoi zuen, baina berak ere ez zuen espero horrenbeste izaterik.
Txartel gorria
Dei galdu bat, hiruzpalau jakinarazpen. Mezu bat: “Banoa”. Otsailaren 3ko goizaldean gurutzatu zuen Marokoren eta Espainiako Estatuaren arteko muga El Amryk. Auzoko bi gazterekin batera egin zuen alde egiteko hautua. Ez du publikoki zehaztu nahi izan zelan egin zuen, baina muga gurutzatzeko ziurtasun osoz abiatu zen astearte hartan. Herio edo ametsa, bata edo beste aurkituko zituen goizalde hartan El Amryk, eta hori buruan egin zuen salto Mediterraneora.
Bi orduren ostean heldu zen espainiar lurrera. Berez, metro gutxiko zeharkaldia egin behar zuen, baina itsaso zakarrak gorriak eta bi pasarazi zizkion; bakarrik geratu zen uretan, berarekin muga pasatu zuten bi kideak aspaldi lehorreratuta. Eta iritsi osteko orduetan, ohiko tramiteak egin zituen: muga alboan bizi zen gizon baten etxean aterpe hartu, arropaz aldatu eta migratzaileentzako aldi baterako zentrora jo zuen; Gurutze Gorritik pasatu eta zenbaki bat zuen pultseratxoa hartu zuen aurretik, erregistroetan egon zedin, migratzaile guztiak bezala. Koreografiaren lehen pausoa, egina.
Tempoen garrantzia jakina da koreografia batean. Eta horrela izan zen El Amryren kasuan ere. “Martxoaren 27an Bilbon izango naiz”, zioen WhatsApp mezuetan, CETIko –migratzaileentzako behin-behineko zentroko– literaren argazkiekin eta bere gelakideen bideoekin batera. Plastikozko zorrotxo batean urrea legez gordetzen duen paperak du data horren arrazoia: bertan daukan agiriak baieztatzen du otsailaren 27an Espainiako Poliziaren Ceutako komisaldegi batean nazioarteko babesa eskatu zuela, asilo humanitarioa. Eta papertxo horrek dio hilabetean asiloa ukatzen ez badiote, bederatzi hilabete luzatuko dela iraungitze data. 30 egun horiek zituen buruan El Amryk, hori behin pasatuta, “txartel gorria” emango ziotela uste baitzuen, Europara gurutzatzeko argi berdea: dokumentu horrekin, Euskal Herrira heltzeaz gain, bertan lana egiteko baimena izango zuen, eta lan egin ahalko zuen. Horixe zen pentsatutakoaren azken pausoa.
Gerora jakingo du oker zebilela: Ceutak eta asiloak ez zutela bidea erraztuko, zailduko ez bazuten; baina momentu hartan planak bere horretan zirauen, pausoz pauso. Eta pauso orok zuen bere arrazoia. Asiloa eskatzearen arrazoia zen, jakina, beste erarik ez zuela estatuan legalki egoteko: edo hori, edo adin txikikoa zela esatea.
“18 urte baino gehiago dituena ez da inor”, esango du handik hilabete batzuetara, Nerbioiren ibaiertzean, adin txikikoei legez eman behar baitie aterpe estatuak. Berak 21 ditu, eta ez zuen nahi mugan gezurrik esaterik; baina aukerak izan bazituen, dokumentaziorik barik gurutzatu baitzuen muga. Orduan, beste aukera bakar horri heldu zion, jakinda, ziurrenik, ez duela asilorik lortuko –“Maroko” entzuten dutenean, horixe bera esaten diote bisitatu dituen gizarte zerbitzuetako erakunde eta GKEetako kideek, bertako biztanleei apenas ematen baitiete babesa–; baina burokraziak, kasu honetan, bere alde jokatu ahal duela jakitun da. Horixe baita txartel gorria: Espainiako Gobernuak eskaera tramitera onartu duela dioen ziurtagiria, bere eskaera tramitatu bitartean ematen dioten lanerako baimena, eta deportatua ez izateko hitza.
Egiari zor, bazuen asiloa eskatzeko benetako arrazoirik ere, Marokoko Gobernuaren aurka iaz Z belaunaldiak antolatutako protestetan parte hartzeaz gain, gobernuaren aurkako mezu ugari entzun baitaitezke rapero gaztearen letretan. Euskal Herrian egoera bestelakoa dela konbentzituta zegoen, irudietan ikusitako Palestinako eta ortzadar koloreko banderek “askatasuna eta eskubideak” bermatuta daudela esan nahi dutela ulertuta.
Heldu zen, bada, aipatu eguna, eta akatserako marjina gutxirekin bete zituen tempoak: apirilaren 2an heldu zen Bilbora, aurreikusitakotik astebete eskaseko atzerapenarekin. Baina txartel gorririk barik. Eta hor hasi zen konpasa galtzen.
Eskubiderik ez
Zail da esaten noiz erori zen dena, noiz galdu zuen forma behinola zehatz-mehatz pentsatutako plana zenak; noiz hasi zen desegiten ametsa. Izan zitekeen Euskal Herrira iritsi berritan etengabeko zapladak, ezezkoen segida, jaso zituenean: bi lan elkarrizketa egin eta bietan “paperik barik, ez” entzun zuenean; edota trenbidearen inguruan lotarako lekua aurkitu zuenean, lagun pare baten etxean ezin izan baitzuen luzaro geratu. Izan zitekeen bere burua gizarte segurantzako bulego batean ikusi zuenean, gizarte segurantzako zenbakia eskatzeko, Omar Akallach lagunak lortua baitzion lan duin bat; eta bertako funtzionarioak esan zionean: “Esku artean duzun paperarekin ezin duzu lanik egin”.
Eta egia zioen funtzionarioak, horixe baitio, hain zuzen ere, asilo eskaeraren papertxoak: abuztuaren 27ra arte ez du legez lan egiteko baimenik. Baina apiril hasiera da, eta oraindik ez dakien arren , aurtengo udaberria bereziki hotz eta euritsua izango da. “Kalea eta hotza ez dira lagunak”, esango du marokoarrak apirilaren amaieran, Euskal Herriko lehen hilabete euritsua kalean pairatu ondoren. Gerora helduko dira maiatz bukaerako bero itogarriak, eta horiexek ere ezagutuko ditu kalean. “Nire gorputza txokolatea bezala ari da urtzen”, esango du. Izan ere, berak imajinatu zuen lan baimen berehalako horrek emango lioke heldu eta segituan lanean hasteko aukera, eta horrekin, aterpea bilatzeko erraztasuna. Baina lanik barik, dirurik eta etxerik ez; eta horiek barik, burokraziaren erreinua.
“Errolda ezinbestekoa da gaur egun hiritar izateko. Eskubide denak handik datoz, hori ez badaukazu, ateak itxita daude”
Luis Guridi, Ongi Etorri Errefuxiatuak
Esan barik doa, jakina, erroldarik ere ez duela El Amryk. Huraxe luke lehen pausoa beste edozein laguntzatara jo aurretik, erroldak aitortzen baitizkio hainbat eskubide; alegia, hori barik, ezin “hiritar” izan, Luis Guridi Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko bozeramaileak ARGIAri adierazi dionez: “Errolda ezinbestekoa da gaur egun hiritar izateko. Eskubide denak handik datoz, hori ez badaukazu ateak itxita daude: haurra eskolan matrikulatzeko, Osakidetzara sarbidea izateko, gizarte laguntzak jasotzeko... edozertarako da ezinbestekoa erroldatuta egotea”. Horretarako, ordea, helbide bat behar. Eta premia horrek sortu du beste negozio bat ere: kontu jakina da migratzaile askok eta askok ordaindu egiten dutela etxe batean erroldatzeagatik, bertan bizi edo ez, eta hori ere, legez kontrakoa dela. Berriki, maiatzean, hemeretzi pertsona atxilotu dituzte Bilbon eta Donostian atzerritarrei agiri faltsuak saltzea egotzita, tartean errolda agiriak.
Baina errolda eskubidea da, eta eskubide den heinean bermatu behar dute erakundeek. “Legediak dio derrigor egon behar dutela erroldatuta herri batean bizi direnak, udalak horretara behartuta daude”, dio Guridik. Horretarako, euren plataformak, Eudelekin batera, osatua du dokumentu bat kalean bizi direnak –edo etxeko langile egoiliarrak, besteak beste– erroldatzeko jarraibide batzuekin: “Eudelek onartu duen dokumentuak dio udalak fikziozko helbide batean erroldatu behar dituela pertsona horiek”. Errolda soziala delakoa, alegia. Horren eskaera egina du, hain zuzen ere, El Amryk Laudioko Udalean. Oraindik ez du erantzunik jaso.
Txandarik ez
Sagua labirintoan legez dabil, beraz, gazte marokoarra gizarte zerbitzutik erakundera, GKEtik Lanbidera. Hirira jo du larrialdietako laguntza eske, han aukera gehiago egongo direlakoan; Laudion ere jo du, ordea, gizarte zerbitzuetara. “Txanda hartu behar duzu”, entzun du Bilboko larrialdietako gizarte zerbitzuetako atean, ulertzen ez duen hizkuntza batean. Ez dago txandarik datozen lau hilabeteetan. “Erosi egin behar duzu”, diotso atean aurkitu duen herrikide batek. Erosi. Gizarte zerbitzuetako txanda erosi. Espainiako Gobernuak, zenbait gizarte erakundek eta Lanbidek berak ere ohartarazi dute jakitun direla beren zerbitzu publikoetara sarbidea izateko txanden inguruan “mafia” dagoela antolatuta, txandak hartu eta gero saldu egiten dituztela. Gainera, Espainiako Gobernuak onartutako ezohiko erregularizazioaren garaian heldu da El Amry, gizarte zerbitzuak gainezka dauden momentuan, hain zuzen.
“Hiru-lau hilabete kalean lo egiten? Erraz esaten da etxea, jatekoa eta soldata dituzunean” Ali El Amry
Egoera ondo ezagutzen du Safia El Aaddam arrazismoaren aurkako ekintzaileak, berriki abiatu baitu kanpaina atzerritartasun bulegoetako txandekin dagoen "mafia" salatzeko, eta gainontzeko gizarte zerbitzuetan horrelako praktikarik dagoen baieztatu ez badezake ere, egoera, orokorrean, kolapsoarena dela dio: "Gizarte zerbitzuetan berez daude behar direnak baino txanda gutxiago. Egoera hori asko okertu da ezohiko erregularizazioarekin, zaurgarritasun ziurtagiria behar duelako jendeak –gizarte zerbitzuetan ematen dute–, eta herri gehienetan ez dutelako horretarako txanda gehigarririk jartzea aurreikusi".
Edozelan ere, El Amryk ez du lortu larrialdietako gizarte zerbitzuetara sarbidea emango dionik aurkitzea, esandako lekura joanda ere; ezin jakin alboan pertsona zuri batekin joan delako den. Alegia, ezin jakin txandarik balego ere salduko ote zioten, alboan duena zelataria edo salatzailea izan zitekeelakoan.
Zorte kolpe batek joko du gizarte zerbitzuetako lehen ezezko horretatik bi astetara, ordea, txanda aurkituko baitu larrialdietako zerbitzu horretarako. Bilboren bihotzean, Kafe Antzokiaren azpian, dago bere salbazioa; horrela uste du. Ilara egin beharko du, dezente aurretik heldu baita, eta duen zorteaz konturatuko da, bertaratu diren gainontzeko guztiak, banan-banan, atzera botako baitituzte: kalera atera den gizarte langileak azaldu duenez, aurretiko txanda hartzeko orduan, Bilboko Udaleko webgunean aukera berri bat dago, eta ordutik aurrera, lehen txanda eta gainontzeko txanda guztiak ezberdin eskatu behar dira. Itsuen herrian, okerra alkate: El Amryk egin ditu itzultzaile lanak, gazteleraz ulertzen dituen berba apurrak baliatuta, han izan den gainontzeko gizonetako batek ere ez baitu tutik ere ulertzen hizkuntza horretan. Eta ulertzen ez duten hizkuntza batean hartu behar izan dute txanda, mugikorrean, eta txanda aukeratzerakoan “lehen” berbaren ñabardura ulertu ez dutenez, ezin dute atean barrura egin. “Hiru hilabete egon da gizon hau txanda honen zain”, dio El Amryk. Parean duen tunisiarragatik ari da, hark ere esku hutsik egin beharko baitu buelta, txanden arteko nahaste horretan harrapatuta.
Bizitzako ironiak, bulego kanpoan jendea laguntzen irribarretsu aritzetik haserrera eta desesperaziora pasatuko da El Amry hamabost minutu eskasean: bere izena entzun eta bulegotik atera arteko tartean, hain zuzen ere. Lotarako leku baten bila sartuko da, udal aterpetxe bateko plaza baten eskean. Eta bera ere esku hutsik aterako da handik, eta zifra bat oihuka: hiru-lau hilabete. Hori itxaron beharko du hiriko aterpetxe batean sartu ahal izateko.
Zenbat denbora?
“Hiru-lau hilabete kalean lo egiten? Erraz esaten da etxea, jatekoa eta soldata dituzunean”, dio El Amryk gizarte zerbitzuetako albistea jakin berritan. Frustrazioak jan du larrialdietako gizarte zerbitzuetako bisitaz geroztik, eta geroko bisitak ere tonu berean doaz. “Hona heldu nintzenetik ez dakit zer pentsatu, zelan jokatu. Ez dakit ezer, dena dut nahastuta. Ez dakit nondik hasi, non bukatu”, dio. Larrialdietako gizarte zerbitzuetako kolpetik aurrera, dena da data festa.
Elkarte pribatuetara, GKEetara, jo du gazteak. Azaldu du bere egoera hor ere. Gurutze Gorrian asilo eskatzaile dela entzunda, programa jakin batean parte hartu dezakeela esan diote. Itxaron zerrenda: zortzi hilabete. Baina, asilo eskatzaile denez, horretarako Zehar Errefuxiatuekin GKEra jo behar duela esaten diote, elkarte horretatik kudeatu behar dela itxaron zerrendara sarbidea. El Amry GKE horrekin harremanetan dago, bere Espainiako adarrarekin, CEARrekin; hango aholkularitza juridikoa jasotzen ari da, asilo eskaera dela eta. Baina Espainiako adarrarekin ez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoarekin behar du egon Gurutze Gorriaren programa horretan sartu nahi badu. Eta bere zein arta ematen dion pertsonaren frustrazioa gora, ezer ez baitago euren esku.
Frustrazioak soilik ez, bere etorkizunarekiko inolako kontrolik ez izateak ere jan du El Amry. Hiruzpalau hilabete esan diote batean, zortzi bestean; baina hori zenbat da? Galdera horixe egin dio haserre mugikorreko itzultzaileari. Egun bat nahi du egutegian markatzeko, eta ordura heltzeko egunak zenbatzeko, atzera kontaketa egiteko. Horrelakorik ez du, ordea, dena da gutxi gorabeherako. “Zortzi egun gehiago egin behar ditut lo kalean? Ados. Bi aste, hilabete? Ados. Baina hori eta gero kaletik aterako naiz eta lotarako tokia izango dut?”. Eta galdera horrek erantzunik ez.
“Gizarte zerbitzuetan egoera asko okertu da ezohiko erregularizazioarekin, herri gehienetan ez dutelako horretarako txanda gehigarririk jarri” Safia El Aaddam, ekintzaile antiarrazista
Hizkuntzaren galbahea
Badu mamu bat El Amryk. Ceutara iritsi zenean, zoriontasun efimeroaren menpeko, CETI delako migratzaileentzako behin-behineko zentrora jo zuen, muga gurutzatzen duten adin nagusi ia guztien gisan. Eta han paper batzuk sinatu zituen: edo hori edo Marokora itzuli beharko zuen, horixe esan ziotela dio. Paper horietan zer jartzen zuen ez daki, gazteleraz baitziren eta orduan ez baitzuen mugikorrik itzuli ahal izateko. Inork ez zion azaldu zer sinatu zuen. Baina paper horietan azaltzen zuen Espainiako Gobernuko legea, zeinak dioen CETI hura migratzaileentzako lehen mailako baliabide bat dela, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Idazkariordetzaren menpekoa; eta baliabide hori utziz gero, sistemak ulertzen duela sinatzaileak ez duela larrialdietarako baliabiderik behar. Alegia, zentroa borondatez uzten badu Espainiako Gobernuko larrialdietako laguntzarik ez duela jasoko. Berez, legeak aurreikusten ditu Ceutatik Iberiar Penintsulara lekualdaketak, nahiz eta, hor ere, data zehatzik ez jakin. Baina zentroak berak lekualdatu zezakeela ere ez zekien El Amryk.
“Elkarteetara joaten naizenean gazteleraz hitz egin dezadan eskatzen didate, denetarik eskatzen didate. Nik hau guztia ez nekien nire herrialdean nengoenean”, dio. Hizkuntzarena bai baita oztopo handia. Zenbait zerbitzutan –Gizarte zerbitzuetan eta CEARren– itzultzailea badu ere, gainontzeko zerbitzuetan, bistan da, ez du horrelakorik izan. Eta Euskal Herriko kasuan, burokraziak eta zerbitzu asko eta asko gainezka egoteak itxarotera kondenatu duten moduan, Ceutan gaztelerarik ez izateak kondenatu du gauza berera.
Berak ez zekien zer sinatu zuen, baina orduan sinatutakoaren lorratza luzea da. CEARren izena emana du, baina paper horrek ukatu dio gobernuaren larrialdiko aterpetxe bateko plaza; horrela azaldu dio GKE horrek ARGIAri. Alternatiba bakarra, beraz, beste itxaron zerrenda bat: sei eta zortzi hilabete artean itxaron beharko luke aipatu ministerioko plaza bat lortzeko.
“Hori itxaron behar izatea espero daiteke Marokon, baina hemen?”, dio Gurutze Gorriko ate kanpoan. Erreportajea idatzi bitartean jazo dira Loiuko aireportuan (Bizkaia) Global Summud Flotillako euskal herritarren aurkako karga polizialak. "Baina non dago adierazpen askatasuna?", esango du El Amryk WhatsAppetik, bideoekin izututa. Euskal Herrira heldu zenean adierazpen askatasun horixe beraxe goraipatzen zuen, baita kaleetan ikusten zituen Palestinako eta ostadar koloreko banderak ere. Bere ametsa desagertu dela kontzientzia hartzen hasi balitz bezala, dio: “Hau Maroko bezalakoa da, baina koloretan”.
Zerua eta lurra
Horrela bada, zerua eta lurra baino ez dituela dago orain El Amry, bere herrialdea atzean utzi zuenetik lau hilabete pasatxora. Zerua, lurra, eta trenbidea. Egunero hartzen baitu trena, eta Laudio inguruko herrietan aritzen da lan bila. Baina alferrik. Alboan du Akallach, bereak eta bi egin nahian lagunari hitzemandako etorkizuna bilatzeko. Baina berak ere alferrik. “Ez du zentzurik jendeari hona heltzen uzteak gero lanik egin ezingo badute. Gero diote delitugile bihurtzen garela. Zer zentzu du horrek?”, dio lagunak. Eta gauza bera dio El Amryk berak ere: “Ez dakit asilo eskaerak zertarako balio duen. Bertan dio ezin dugula lanik egin, eta Ceutan paper batzuk sinarazten dizkigute laguntzarik jaso ezin izateko. Orduan, zer egin behar dugu hemen? Lapurtu, bizi ahal izateko? Zoramena da”.
Migratzaileen aurkako diskurtsoak aipatu ditu Akallachek. Nabaria da eskuin muturraren gorakada, eta diskurtsoen diana, askotan, migratzaileak eurak izaten dira. Diskurtsook aspaldiko kontua badira ere, gero eta gehiago entzuten dira gobernuak migratzaileei ematen dizkien “pagatxoak” eta "erraztasunak" salatzen dituzten ahotsak; migratzaileei dena errazten dietela, eta bertakoek oztopoak besterik ez dutela diotenak. Migrazioaren ideia idealizatua dutenak.
“Ez du zentzurik jendeari hona heltzen uzteak gero lanik egin ezingo badute. Gero diote delitugile bihurtzen garela”
Omar Akallach
Eurengandik ez dago hain urrun El Amry. Berak ere jasoa baitzuen, neurri batean, migrazio ideal horren lekukoa. Izan ere, amets bati, ideal bati jarraika etorri da gaztea; umetatik auzoan entzun duen amets europarraren bila. Europaren onurak, erraztasunak eta eskubideak entzun ditu nerabe zenetik, eta, batez ere, hori eskuratzea erraza zela zioen esamesak heldu zaizkio barra-barra. Ez du horrelakorik aurkitu, ordea.
Maiatzaren amaieran Instagrameko bideo bilduma bat egiten hasi da. Migrazioa, galera eta biziraupena izena eman dio serieari, eta bertan Marokotik Euskal Herrira egindako bidaian eta gerora bizitakoak kontatuko ditu, "marokoarrek, edo migratzaile guztiek, ulertu dezaten Europako bizimodua zelakoa den".
Europan bizia ez da erraza, horixe dio. Berak horrelakorik ez zuen espero, ez du horrelakorik sekula entzun. Horregatik, bizi duen babesgabetasunak baino desengainuak du pisu handiagoa beragan, ideia batean itsuan sinetsi eta berau erortzearen desengainuak. “'Europa, Europa, Europa’ diote. Ni hemen nago, baina non dago Europa?”, dio.
Non dago, bada, Europa?
Erreportaje hau Argia.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta (CC-BY-SA) elkarri dugu hona.