Larunbat honetan , 27. Aiarako Bira hasi da, 14 eta 15 urte bitarteko gazteentzako txirrindularitza lasterketa, Aiarako, Amurrioko eta Artziniegako txirrindularitza elkarteek antolatuta. Aurten Laudioko etapa galdu izan arren, Okondok hartu du utzitako lekua, eta lasterketa hau antolatzen denetik lehen aldiz etapa bat izan dugu bertan.
Lehenengo etapa honetan, Jon Sánchez, Toyota Armentia taldeko txirrindulariak, lehen saria eskuratu zuen, halere, garaipena txirrindulari guztientzat izan zen, lau gradu, haize zakarra eta euria barra-barra 39 kilometroko ibilbidean zehar topatu baitzuten. Gainera, ibilbide malkartsua izan arren, hirugarren mailako lau igoerekin, 37km/h bataz-besteko abiadura lortu zuten.
Lasterketa Okondotik irten bezain laster, bi ausart aurrea hartu zioten pelotoiari; Jokin Murguialday, Arabarrak taldekoa, eta Eneko Meaurio, Basati Bike-Busturia taldeko txirrindularia. Haien atzetik hiru txirrindulari abiatu ziren; Jon Barrenetxea, Gastronomia Baskako kidea, eta Toyota Armentia-ko bi txirrindulari: Jon Sanchez, eguneko garailea, eta Endika Balza de Vallejo. Azken hau, bere taldekidearentzat lan egin ondoren atzera geratu zen. Aldi berean, Eneko Meaurio bakarrik gelditu zen lasterketa buruan Murguialday, bere iheskidea, atzetik zetorren bikotea harrapatzen zuen bitartean. Eneko Meaurio, indar erakustaldi galanta eginez, mendiko saria eta tarteko helmuga guztiak bere egin zituen, atzekoei 40 segundu eta minutu bateko aldea mantenduz momentu oro.
Bengoa mendiko (Esquinabajo) azken igoeran, Jokin Murguialday-k talde jarraitzailearen erritmoa jarraitu ezin eta atzera egin zuen, hortaz, Zuhatzatik Okondorako bidean bi baten aurkako borrokan utziz lasterketako emaitza. Hiru kilometro faltan atzeko biek, Sanchez eta Barrenetxeak, Meaurio harrapatu zuten eta Okondoko helmugako sprintean azkarrenaren legea inposatu zuen Sanchez-ek, Barrenetxea, bigarren, eta Meaurio, hirugarren, garaituz.
Gainontzeko sailkapenei dagokionez, Meauriok mendiko eta tarteko helmugen maillotak eskuratu zituen, Toyota Armentiarentzat izan zen taldekako sailkapen orokorra eta lehen urteko kadeteen sailkapena Pablo Gutierrezentzat izan zen, pelotoiari denbora eman ziona.
Hurrengo larunbatean, martxoak 5, Kexaa (Hotel-Restaurante Los Arcos de Quejana) eta Murga (Ibarrondo Jatetxea) bitarteko etapan Sanchezek lidergoa defendatzeko erantzukizuna izango du. Arratsaldeko hiru eta erditatik aurrera 44km-ko ibilbidea bete beharko dute txirrindulariek, Beoteguiko lehen mailako mendatea lasterketako epaile izanik.