XXV. Aiara Birako hirugarren etapak Amurrion zuen bere kokalekua. Paperean etapa errazena zirudien, izan ere, Saraube gaina hiru alditan baino ez zuten igo behar, eta helmugan talde handi baten esprinta espero zen. Aldiz, lasterketa zirragarria ikusteko aukera izan genuen atzo, non boskote batek pelotoiaren kontroletik ihes egin zuen eta liderraren taldea eta liderrak berak gogor lan egin behar izan zuten pelotoiaren buruan diferentziak murrizteko.
Irteera eman bezain pronto, eta Saraubeko gaina igaro ondoren, sei ziklistek aurrea hartu zioten lasterketari eta berehala minutu bateko tartea lortu zuten. Sei ausartak Betanzos (Autonervión), Elguezabal (Basati), Carrión (Bathco), Olagorta (Campos), Ibáñez (G. de la Calle) eta Mtz. de Albeniz (Arabarrak) izan ziren eta hasiera hasieratik ondo konpondu ziren erreleboetan haien abantaila azkar minutu batera handituz. Olagortak eta Betanzosek ezin izan zuten beraien iheskideen erritmoa mantendu eta pelotoiak harrapatu zituen. Bestalde Velasco (Bathco) eskapadan sartu zen bera bakarrik pelotoitik ihes eginda, Aiarako Birara ondo entrenatuta etorri dela erakutsiz, lehenengo etapan egin bezala.
Horrela, azken itzulian sartzear boskote bat genuen buruan, beti pelotoiarekiko minutuaren errenta mantenduz. Baina Saraube igoera baten faltan, Mtz. de Albeniz eta Carrionen eroriko batek Ibañez eta Velasco bakarrik utzi zituen buruan. Helmugararte gogor lan egin zuten erreleboka, pelotoiaren kontrako borroka bizian. Amurrioko herriko plazan aurkeztu ziren biak, publikoz gainezka txirrindulariak animatzeko. Ibañez Velasco baino indar gehiagorekin heldu zen eta esprintean azkarragoa izan zen. Eloseguik berak eman zion denbora pelotoiari eta bere lidertza mantentzen du.
Azken etapa XXV. edizioaren etaparik gogorrena da, Kexaako Arcos hotela eta Murgako Ibarrondo erretegia lotuko dituena. Beotegiko igoerari aurre egin beharko diote, ondoren, Arespalditzakoari hirutan ekiteko. Eloseguik ez luke arazorik izan behar duen errenta mantentzeko, baina ziur bere lehiakideak ez direla konformatuko eta duten indar guztiak erreko dituztela liderrari gauzak zailtzeko.
Hurrengo eta azken etapa larunbatean, martxoak 22, Kexaako Los Arcos de Quejana jatetxean hasiko da, 16etan.Arratsaldeko 17:30ak inguruan ezagutuko dugu Aiarako Biraren XXV. edizioaren irabazlea zein den.