Badirudi Euskal Herriko Itzulia gurera datorrela. 2016an Garrastatxu bisitatu zuen eta 2020an Ermuko Andra Mari bisitatuko du, azken urteetan txirrindularitzan hain modan jarri diren mendate formatua jarraituz, aldats beldurgarriez betetako igoera bat. Horrelakoak gurean soberan, alegia.
EHko Itzuliko helburu nabarmenetako bat munduko txirrindulari hoberenak gure errepideetara ekartzea eta gure herriak dituen parajeak munduari erakustea da. Txirrindulari eta taldeko langile gehienek Euskal Herrira etortzea maite dute, zaleek lasterketa bizitzeko duten modua, pasio eta ilusioa, munduko leku gutxitan topatzen diren ezaugarriak aurkitzen dituzte hemen. Hori bai, irakasgaia ondo ikasita dakarte eta hemen ondo jaten dela bai, baina zira eta aterkia ekarri behar direla ere badakite.
Euskal txirrindulariei denboraldi hasieran zein lasterketetan egon nahi duten galdetzen diezunean, guztiek etxeko lasterketa markatzen dute lehen aukeren artean. Herri txikia gara baina euskal txirrindulari asko dugu lehen mailako pelotoian, emaitza bikainekin. Lorpen honen erru handia era eskuzabalean lan egin duen eta egiten jarraitzen duen pertsona askorena da. Txirrindularitzan hasten ari diren gaztetxoekin astebururo herriz-herri, lasterketak antolatzen eta administrazioarekin borrokan dirua lortzeko.
EHko Itzulia gure errepideetara bueltatzen denean Ermuko Andra Marira, ez dira lasterketa ikustera igoko. Bidegurutzeak babesten ikusiko dituzue, antolakuntzarekin elkarlanean, guztiok lasterketaz gozatu ahal izateko. Bejondeiela eta bide batez, munduan kokatzen gaituzten ekitaldiei bai, baina hori gurean eta guretik ahalbidetzen duen beste guztiari ere bai. Ezinezkoa bata bestearen faltan.