Gorabeherak lehen egunetik hasi genituen, Jan Tratniken erorikoa lehen etapan eta eskumuturra hautsi izana, kolpea izan zen taldearentzat. Talde lanaren ikuspegitik galera handia pairatu behar izan genuen, ordekan Janen lana oso baliozkoa zitzaigulako.
Budapestetik saltoa Siziliara, Etna igoera beldurgarria salbatu eta Italiako penintsulara jarraitu genuen. Blockhausera heldu ginen, guretzat egun katastrofikoa izan zitekeena, Mikel Landaren bi erorikoekin eta Pello Bilbaoren eroriko batekin, salbatu ahal izan genuen helmugan denbora galerarik izan gabe.
Neke pilaketa sumatzen genuen karrerak iparralderako norantza hartzen zuen bitartean, eta Torinoko etapara ailegatu ginen. Mikel Landaren aukerak galtzeko zorian egon ginen. Egun txarra pasatzea egokitu zitzaion, azaldu ezin diren horietakoak, baina lider guztiek pasa behar dituztenak 3 asteko karrera batean. Pello agertu zen orduan eta laguntzaile lan ezinbestekoa eginda, helmuga pasatu zuten biek denbora galera oso txikiarekin.
Eta hirugarren astea, Giroa hasten deneko eguna heldu zen (horrela esaten genuen brometan autobus barruan, etapa hasi aurretik). Alpeak eta Dolomitak, igoera beldurgarriak, pilatutako nekea eta erresistentzia kapazitateak benetako garrantzia hartzen dutenean. Itzuli handiak berezi egiten duten ezaugarria eta soil-banako batzuk errendimendu maila mantentzeko gai direnak, erresistentziako txirrindularitzaren adierazgarri maximoa.
Aprican, azkeneko igoeran erorikoa izan zuen Pellok, bularra manillarraren kontra kolpatu eta minak aste osoan bere maila hoberena ematen ez zion utzi. Izan ere, gero etxean bueltan saihets bat hautsita duela topatu dugu, balio handiagoa ematen diona, ez bakarrik Giroan lortutako 5. postuari, baizik eta egin duen denboraldiaren lehen erdiari.
Hurrengo egunean baina, Santi Buitragok garaipena eraman zuen, Aiaraldean entrenatu den kolonbiar gazte bat irabazten ikusteak ikaragarrizko poza suposatu zitzaigun. Etorkizuneko txirrindularitzaren izarra, ez iezaiozue pista galdu.
Eta Giroa amaitu azken aurreko egunean Marmolada portutxarrera heldu ginen, asko galdu eta asko irabazi daitekeen igoera, karreraren epaile izango zen mendia. Bikaineko lana egin zuen Mikelek, igoera oso ondo tenporizatuz, bere erritmoan igo eta beste behin ere erakutsiz munduko eskalatzaile hoberenetakoa dela. Hirugarren kajoia ziurtatu zuen eta justizia sentsazioa izan genuen denok, Veronako Arenan berriro itzuli handi bateko podium batean igota ikustean.