Ez dakit krisia izango ote den edo halabeharra besterik ez, baina musika utzita zuten hainbat talde ekinera itzuli dira azken urteetan. Zebda taldea banandu zela ia 10 urte iragan direnean berriz ere elkartu, eta 2012 urte honetan jotzeari ekin diote. “Second Tour” kaleratu berri duten diskoa da itzulera horren lekuko.
Zebda taldea 1985. urtean sortu zen, Tolouseko etorkin arabiarren auzo batean. Taldekide gehienak etorkinen ondorengoak dira, eta hori nabaria da beren musikan. Rocka, punka eta reggaea jotzen du taldeak, baina Frantziako eta herrialde arabiarretako musika tradizionalarekin nahasten da. Musika ezberdinen bidegurutze horretan erraz asko mugitzen da Zebda taldea, eta horrek eraman zituen hainbat urtez Frantziako musika alternatibaren erreferentzia izatera.
Taldearen musikak eta letrek beraien errealitatea islatu dute beti, eta arrazakeriaren aurkako jarrera argia izan dute. Horren adibide Le bruit et l'odeur (zarata eta usaina) beraien aurreko diskoaren izena, Jacques Chirac presidente frantziarraren hitzetatik hartua. Bere hitzetan etorkinen zarata eta usaina langile frantziarrei ezerosotasuna eragiten zien, eta hitz horiek salatu nahi izan zituzten Zebda taldekoek bere diskoan.
Jotzeari utzi ziotenetik urte asko pasa badira ere, disko berri honetan beren erritmo arabiar gozagarriak aurki ditzakegu berriz, eta horregatik bakarrik bada ere merezi du Zebda berriz gure musika bilduman izatea.