Amurrioko Mendiko lagunak kirol elkarteak 2012. urtean sortu zenetik 50 urte beteko ditu, eta Amurrioko udal-taldeetako ordezkariek eta Apymcak kluba omentzeko Urrezko GUK saria ematea erabaki dute.
Urrezko GUK garaikurrak Amurrioko herritarren alde lan egiten duten edo Amurrioren irudi ona zabaltzen duten pertsona zein elkarteen lana saritzea du helburu. Saria emateko ekitaldi ofiziala, klubaren egutegiari hobeto moldatzeko, urtarrilaren 14era atzeratu egingo da.
Mendiko Lagunak taldeak, gaur egun, 1.000 bazkide eta 450 mendi federatu inguru ditu, eta urtean zehar hainbat eta hainbat jarduera egiten ditu bere bazkideentzako zein herri osoarentzako: mendi irteera eta ibilaldiak, zuhaitz eguna eta Goizale aterpearen eguna, ikastaroak, ingurumen hezkuntza edo Gorobel ibilaldia besteak beste.
Urtero osatzen duten egutegi anitza gutxi balitz, aurten, urteurrena ospatzeko, zenbait jarduera berezi antolatu dituzte. Haien artean, bere historia laburbiltzen duen liburu bat argitaratzea eta 2012 urtean zehar Euskal Herriko 644 gailur esanguratsuenetara igotzea, gailur hauek bazkideen artean banatuz. Gainera mendi katalogo horren 50 gailur nagusienetara maiatzeko asteburu berean igo nahi dute Mendiko Lagunak taldekoek. Proiektu honen informazioa emateko, klubeko arduradunek bere izena eman duten bazkideak datorren hilaren 27rako deitu dituzte, Amurrioko katekesi aretoan arratsaldeko 7etan egingo den bilerara.