Datorren astelehenean, hilaren 28an, arratsaldeko 7etan, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararraren (AEDS) Lagunak elkarteak hitzaldi bat antolatu du Amurrioko Katekesi Aretoan, Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin. Hitzaldian Mendebaldeko Saharan giza eskubideen egoera zein den eta bertan hauek defendatzeko egiten ari den lana aztertuko dira.
Azken hilabetean Mundu Bat erakundea hainbat komunikabideetan ezaguna egin da, hain zuzen ere Argeliako Sahararren kanpamenduetako batean, Tindouf-en, beren elkartekide bat eta beste bi lankide boluntario bahitu dituztelako. Gaur egun egoerak bere horretan jarraitzen du eta hiru boluntarioak bahiturik jarraitzen dute, negoziaketek aurrera jarraitzen duten bitartean.
Hizlaria Brahim Dahan izango da, giza eskubideen urraketa jasan duten biktimen Saharako elkartearen lehendakaria. AEDSen Lagunak elkartearen hitzetan, Brahin Dahan duela bi urte hitzaldi bera ematera zetorrenean marokoko zerbitzu sekretuek herrialdetik irten aurretik atxilotu zuten, traizio gorena leporatzen ziotela, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen elkartekide ziren beste sei sahararrekin batera. Duela gutxi aske utzi dute, eta hurrengo astelehenean Aiaraldera gerturatuko da Saharan bizi ari diren egoeraren berri ematera.