Mundu globalizatu honetan musika nonahitik iristen zaigu gure pantaila, irrati, musika denda eta telebistetara. Nonahitik? Munduko herrialdeen bi herenen kulturaren berri gutxi izaten dugu normalean. Aspaldi honetan munduko beste bazter batzuetan zer entzuten duten aurkitzen saiatu naiz, eta egia esan, Ipar eta Hego Amerika eta Europatik kanpo sortzen dena aurkitzeko arazoak izan ditut. Taldearen izena jakinda ere zaila izaten da beren musika eskuratzea. DAM talde palestinarrarekin hala gertatu zitzaidan, adibidez (eta sareari eskerrak).
Oraingo proposamena ez da oso urrutikoa, baina urrutiko doinuak dakartza gogora. Yacine & The Oriental Groove taldea Cheb Balowski talde Bartzelonarraren abeslari eta gitarrajolea zen Yacine Belahcene-ren proiektu berria da. Oraingo honetan rumba, reggaea eta ska alde batera utzi eta erritmo arabiarretan sartzen da buru belarri, ekialderako bidai musikal bat eskainiz.
Arabiar lautearen gidaritzapean, baina baita baxu eta gitarra elektrikoaren laguntzarekin, rock arabiar oso hiritar bat sortzen dute Yacine & The Oriental Groove taldekoek. Katalanez eta arabiarrez idatzitako kantetan ez dute hainbatetan saiatu eta landu den fusioa edo mestizaia eskaintzen, berezko soinu berri bat baizik.