Gas Plaza kendu ziguten, eta ordainetan Botika Zaharra esperimentu sasi-poperoa eman. Hasiera batean musika onarekin tentatu gintuzten, baina apurka apurka 40 printizpalek agintea hartu zuten, nahiz eta oraindik behintzat egun batzuk euskal musikari gordetzen saiatzen diren (aurten asteazken beltzean, ze kasualitate). Gauzak horrela txosnak eta beste eremuak deigarriago egiten zaizkigu askori, tartean Bilboko plaza barria eta bere munduko musikak.
Ba hala, Melendik rastak Botika zaharrean astintzen zituen bitartean, beste batzuek Balkan Beat Box talde Israeldarrarekin eta bere erritmo balkanikoekin gozatu genuen. Taldea Gogol Bordello talde Gipsy-punkaren perkusiolari ohiak eta firewater taldeko saxofoilariak sortu zuten New York-en, eta musika mediterranearra eta balkanikoa hip-hopa eta dancehallarekin nahasten dute, estilo berri bati hasiera emanez.
Diskoak entzutea merezi badu, zuzenekoa are eta gehiago, diskoetako samplerrak zuzeneko musikariek ordezkatzen baitituzte, talde oso potente bat osatuz, eta benetako jai eta dantza giroa sortuz.