Frantziako bere eskolako atsedenaldian denek izan nahi zuten “el zorro”, eta berari, Aita euskaldunaren partetik jasotako Garcia abizena izateagatik, Gartzia Sarjentua izatea tokatzen zitzaion, pelikulako gaizkilea baino antiheroia zena, Mexikoko herri hartako polizia mozkor eta lodia. Bere hitzetan lodikote hura zen herriaren izaeraren ordezkaria, azken finean El Zorro aristokrata eta lur jabe aberats bat besterik ez zen.
Sergent Garcia salsa, raggamuffin, reggae eta hip hoparen arteko topalekua izan da 1997. urtean argitaratutako “Viva el Sargento” bere lehen diskotik, salsamuffin estiloari jaiotza emanez. Ordutik aurrera munduan zeharreko bidaia luze bat hasi eta oraindik jarraitzen du, leku bakoitzeko musika eta musikariez taldea ornituz.
“Una y otra vez” diskoa Kolonbiatik jan eta edaten du bere lau aldeetatik. Batzuetan musika tradizional eta folklorikora hurbiltzen da (Vasito de Agua), eta besteetan latindar Hip-Hopean oinarritzen da (El Baile del Diablo). Sona, cumbia edo bogalooa gustoko badituzu edo besterik gabe aldakak mugitzen hasteko aitzakia behar baduzu disko hau lagungarri izango duzu.