Behin batean, Manu Chao Bilboko Aste Nagusira etorri behar zuela eta, sekulako tirabirak egon ziren 2001urteko udan. “Me gustas tu” abestia 40 printzipaletan himno bezala hartu eta inork ez zuen kontzertu hura galdu nahi. Dohainik edo kobratuz, Gas Plazan edo Botika zaharrean, denok han egon nahi genuen. Gerora ez zen hain besterako izan, eta lekua topatzeko aukera egon zen gau guztian zehar. Sekulakoa izan zen kontzertua, baina ere hainbat pertsonaia ezagutzeko aukera izan genuen, eta batez ere isilik gelditu ezin ziren bi tipo, Radio Bembako gainontzeko partaideak atseden hartzera atera eta beraiek etengabe animatzen zuten hara gerturatutako jendea: Bidji eta Roy Paci.
Bidji beltz rastafaria bere ahots reggaerarekin Roy Paci trompetalariari egiten zion aurre, eta bien arteko lehiak guztiak gozarazi. Radio Bemba proiektua alde batera utzita Bidji 08001 taldearekin entzun ahal izan dugu, eta Roy Paci, siziliako trompetalari-abeslaria Aretuska bere taldearekin.
Roy Paci & Aretuska, Ska talde oso potentea da, eta Siziliako aire eta giroaz janzten dira gainera. Mafioso itxurako jantziez apainduta, eta gominaz blai, ateratzen dira eskenatokira Aretuskako musikalariak, eta errumba, ska, bossa, jazza edo mamboaz ametrailatzen dute entzulegoa. Ez dira kontzertu bukaeran lehertutako gorpuen gainean botatzeko arrosa gorriak ere falta.
Diskoetan oso oparoa izan da azken urteetan Roy Paci, 8 urteren buruan ia urtero disko bat ateraz, nagusiki Aretuska taldearekin baina baita esperimentu berriak eginez, esaterako “Corleone” Jazz-core taldearekin egindako saiakera edo Banda Ionica taldearekin mezetako musikak eraldatuz eginiko Matri Mia diska. Horrez gain Tonino Carotone, Manu Chao, Macaco edo Ruderekin kolaborazioak ere egin ditu. Italiatik atera eta hona ingurura jotzera badator informatzeko konpromisoa hartzen dut.