30-40 urte dira hip-hop kultura jaio zela eta errapa musika estilo bezala definitu zela, eta denbora guzti horretan oraindik ez du lortu euskararen harresia gainditzea. Beste hainbat musika mota sortu dira ordutik eta maila handiago edo txikiagoan guztiek izan dute bere oiartzuna gure artean, baina erraparen kasua berezia izan da benetan. Gurera heldu da, jendeak entzuten du, gaztelaniazko taldeak ere inguruan sortu zaizkigu, baina oso gutxi izan dira euskaraz adierazteko erronka onartu dutenak.
Euskal Herria da ziur asko mundu mailan olerki inprobisatuaren gainean kultura aberatsena duen herria. Adin guztietako jendeak du gustuko bertsolaritza, gazteak dira bertsolari asko, eta aldiz ez dago errapa euskaraz egiten duen talderik. Agian ez da entzulearen errua, baizik eta igorlearena. Nire ustez euskal errapak bere entzulegoa izango luke, baina gutxi dira bere burua euskaraz errimatzeko gai ikusten dutenak.
Selektah Kolektiboak egin zuen bere saiakera, arrakastarekin, eta gero ere MAK taldea etorri zen, baina askoz gehiagorik ez. Gaztelaniaz aritzen direnak badaude, Kodigo Norte, Fenómenos de la Naturaleza edo Bad Sound System, eta entzute gutxiagoko beste asko ere, eta guzti horietatik norbaitek hartu beharko luke euskararen ikurrina.
Brujo, Bad Sound System-eko partaidea, euskaraz hitz egiten entzun dut noizbait kontzerturen batean, baita euskarazko errimak botatzen, eta ez zuen flow txarra, ezta bere taldekideek ere, baina antza gaztelaniaz hobeto moldatzen dira. Ba tira, konfomatu beharko. Irundik Bartzelonarako bidaia egin ostean Brujok honako lan hau dakarkigu. Raggaz momentuz gaztelaniaz gozatu beharko dugu.