Artziniegako leku-izenak bilduko dituen mapa osatzeko asmoz, erakusketa bat zabalduko da datorren ostiralean. Erakusketa zabalik egongo da astebetez eta herritar guztiek euren ekarpena egin ahal izango dute.
Datorren ostiralean, urtarrilak 21, erakusketa berezia inauguratuko da Artziniega Museoan; izan ere, udalerriko leku-izenak bilduko dituen mapa egiteko proiektuaren barruan, herritarron ekarpena jaso gura du udalak, eta horretarako jendaurreko erakusketa bat egingo du. Artziniegako etnografia museoan jarriko diren mapa eta txartel batzuen bidez, betaratzen direnek bildutako izenak zuzen dauden ala ez esan,berriak gehitu edota daudenak kendu ahal izango ditu. Udalak dei berezia egin du herritarrok parte hartu dezaten, izen horietako asko galtzeko arriskuan daudelako. Lan horren emaitza Artziniegako etxeko guztietara bidaliko den mapa toponimikoa izango da.
Esan bezala, erakusketaren inaugurazioa datorren ostiralean egingo da Artziniega Museoko ekitaldi aretoan. Agurtzane Llano alkateak, Xabier Zalbide ikertzaileak eta Felix Mugurutza Euskaltzaindiko Onomastika Batzordearen kideak eta proiektuaren zuzendariak aurkeztuko dute proiektua. Amaieran, otamen bat izango da.