Ska, Vodka ta Sovieten indarra . Hori ekartzen dute gogora Russkaja talde Austriarraren erritmoek. Talde honen izena Rus – Ska -Ja hitzen elkarketan dauka jatorria, hau da, Errusiar Ska Bai, eta hori da hain zuzen eskaintzen dutena. Erritmo eslaviarrak jamaikak eman duen erritmo dantzagarriarenarekin nahasturik. Kasu honetan beraz ez dakigu besoak gora ta behera mugitu behar ditugun rude boy onenek egiten duten moduan edo besoak gurutzatu eta kosakoen erara hankak aurerra eta atzera astindu.
Austriatik datorren taldea dela esan dugu, baina jatorri errusiarra, ukraniarra, bulgariarra edo hungariarra daukate taldeko partaide gehienek. Batzuek metal musika egiten zuten taldetatik datoz, beste batzuk aldiz musika klasikotik ere, esaterako bibolin jolea, musika klasikoan gazte gaztetatik sari asko irabazitako neska da. Guztia benetan abiada ikaragarrian garamatzan haize sekzio potente batek babesturik dator. Iraultzarako soinu banda ezinhobea.
Sovietar Armada Gorriko koroaren oinordekotzat jodezakete bere burua Russkaja taldekoek. Russian Vodoo beraien bigarren iraupen luzeko lana da, ez da marka txarra 2005. urtean hasi zen talde honentzako. Gure lurralde hauetatik ikustea oso zaila izango dela somatzen dut, eta pena da, kontzertu benetan potenteak ematen dituztela somatzen baita internet bidez ikus daitezkeen bideoetan.
Banda Bassotti, Skalariak edo Betagarriren erritmo errusiarrenekin gozatu egin baduzue honako proposamen honi arreta handia jarri beharko diozue. Hori bai, niri ez galdetu gero zer esaten duten beraien abestietan....