Aitor Rey txirrindulari laudioarra Arabako junior mailako txapeldun bihurtu zen Etxagueneko hirugarren eta azken etapa irabazi izanagatik. Aitor Reyk aurrena izan zen larunbatean Nanclareseko herrian zehar korritutako erlojuaren kontrakoan, eta atzo ez zituen arazo handiak izan maillot hori hori soinean mantentzeko. Lasterketako kronikalari ofizialak esan zuen moduan, Arabako federazioak bidalitakoa, "aurrean zeukan gauzarik zailena edo oztoporik handiena larunbatan egin zuen, eta hortik aurrera, kontrolarekin eta ardura handiz, oina azeleragailutik inoiz kendu barik, gezia sastatu zuen dianaren erdian. Zergatik utzi biharko gaur egin dezakedana? seguraski halako zeozer pentsatu zuen gazteak".
Lasterketa amaieran 38 txirrindularik osatutako taldeak lehiatu zen garaipenagatik, eta Unai bizkorrena eta buruargiena izan zen sprinean. Unai tximistak bezala gurutzatu zuen Zigoitiako helmuga, Etxaguenetik zetorrela iruditu barik, gorputzak nekerik adierazten ez zuelarik.
Txirrindularitzako kritikoek esaten duten bezala Rey matematiketan edo kontuetik ona izateagatik nabarmentzen da, eta atzo ere era egokian ebatzi zuen eragiketa, bikain atera zuen azterketa finalean, Ruben Rodriguez eta Julian Barrientosekin aurretik zekarren 2 eta 5 segunduko tarteari, hurrenez hurren, balio emanez. Julian Barrientos, bere kidea Sopelako A.Olarra taldean, denboraldi honetako aukera ihes egin ziola ikusi zuen, baina gauza hauek...gertatzen dira!
Reyren bizitza deportiboaren azken etapa oso bitxia izan da, bera baita Arabatik azkenengo boladan Bizkaira emigratu behar izan duten txirrindularietako bat. Aiarako eta Amurrioko taldeetan egon ostean (Luyando-Opticas), maletak egin behar izan zituen junior mailara saltoa emateko, Araban arazo larriak daudelako kategoria horretan lizentziak eta taldeak aurkitzearren. Denboraldi hasieran bere emaitzak entzunak eta txalogarriak izan ziren, eta beste lasterketa batzuen artean, Euskal Herriko Sariko aurreneko etapa irabazi zuen. Bere bilakaera positiboa edo proiekzioa izugari handia da, eta amateur edo afizionatu mailan lasterketa ederrak erakutsiko dizkigulakoan daude Arabako txirrindularitzako adituak.