Asteburu zirraragarria izan da pasa dena Aiaraldeako hirugarren mailako bi taldeen koloreak sentitzen dituzten guztientzat, bi taldeak, nahiz eta egoera eta maila guztiz ezberdinetan aurkitu, azken jardunaldian irabazi eta sentsasio oso onak utzi dituztelako. Laudio eta Amurrio, txuri-gorriak eta txuri-urdinak, batzuetan, derbietan batez ere, etsai, baina gaurko albistean lagun, elkarren ondoan lerro hauek beteko dituztelako.
Laudiok ezin hobeto hasi zuen denboraldia, dagoeneko nahiko urrun geratzen zaigun pasa den irailean, baina denbora eta jardunaldi pila bat ligaren gailurrean egon bazen ere, lideratoa galdu zuen gabonak aldera. Ordutik hona, talde honi ikusi zaion denboraldirik onenetako batetan, azkeneneko urteetako markak hautsi ditu, baina bigarren zihoan etsai ahaltsu baten atzetik. Sestao Riverrak markatzen zuen txapelketaren tempoa, atzo arte. Laudiorentzat guztiz ona izan ez den zikloa amaitzen da (bigarren joatea inoiz ez da inorentzako negar egiteko modukoa), eta puntuetara berdinduta dago Sestaokoekin. Agian, xanpai botilari kortxoa ateratzeko unea da, baina ez gaitezen mozkortu, edan dezagun pixkanaka-pixkanaka, tragotxo bat orain, eta gainontzekoak aszentsoko playoff-etan gaudenean.
Igandean, Laudiok gol bat sartu zion Eibar B-ri (Eibar B 0-1 Laudio), gol gutxi izan baziren edo ez esatea jokalarien eskuetan uzten dugu, baina partidua irabazteko behintzat, nahiko eta soberan izan zen egindakoa. Eibarrekoek ez zuten borrokatu jaitsiera 4 puntutara duen talde batek borrokatu behar duen bezala, eta pilota Laudioarren eskuetan utzi zuten hasieratik. Laudiok bi mila aukera izan zituen lehenengo zatian, gehiago izan ez baziren, bereziki aipagarriena Silas aurrelariarena.
Bigarren zatian gauzak nahikotxo aldatu ziren eibartarren buruetan, erasotzea zer zen zekitela eta horretara jarriko zirela zirudielako. Bitxia, soilik defendatzen zeudenean ez zuten golik jaso, baina joko erakargarri eta ausarta egiten hasten direnean…golaaa! Xabijok, jokalari eibaratarra, eskua sartu zuen baloiaren ibilbidea moztuz, eta Paredesek ez zuen barkatu (barkatzeko ez zeuden), penalti-puntutik baloia sarean estanpatu zuen.
Eibarrekoek txaloak merezi izan zituzten ere, inoiz ez zutelako partidua berdintzeko fedea galdu. Badakizue lagunak, bi edo hiru golekin partidua erabakita dago, baina arerioak bakarrik bat duenean bere motxilan, gauza asko alda daitezke zori eta lana pur batekin. Gipuzkoarrek ez zuten ezer oparitu, baina Laudiokoek egin zieten zauritik gero eta odol gehiago zerion. Eibarrekoek bihotza burua baino gehiago erabili zuten azken partea jolasteko, eta Laudiokoek erraz defendatu zuten euren abantaila.
Amurrioren kasua zeharo ezberdina da, baina ez horregatik txarragoa. Azken hilabetean kili-kolo dabiltza, baina hórrela ibiltzea gainontzeko hilabetetan baino hobeto joatea da, dudarik gabe. Denboraldi osoa eman du jaitsiera-postuekin jolasten, gaur kategoria honetan mantentzeko aukerak ditut, bihar ez. Esan behar da, jolastu, jolastu dutela ondo, baina hain gorriak ikusita, infernuko sutan erretzetik hurbil egon dira, eta eurekin zaleak eramateko arriskua egon da ere.
Igandean, itotzen ura lepotik jaisten dien garaipena lortu zuten, garaipen justua, ez merezi izanagatik, baizik eta txarto pasatu zutelako. Amurriok oso indartsu hasi zuen partidua, eta zalditeri artillería guztiarekin arean entzerratu zuten Arenas. Lehenengo jokaldi arriskutsuan gola sartu zuten! Minutuak pasata talde indartsua ahaul bihurtu zen, eta hortzekin babestu behar izan ziren Arenaseko zelai-erdiko txakurrez eta arbitroaren aktuazio zantarraz. Kostata bai, baina Amurriok eusten die salbazioa lortzeko sokari, eta azkenengo 9 jardunaldietan erakutsi beharko dute hirugarren mailan geratuko diren, edo hirugarren mailako trena haientzako azkarregi dihoan.