Primeran etorri zaizkio amaitu berri diren oporrak Ganbegiko jokalarien gorputzei. Aurtengo belar-denboraldiko lehenengo bueltako azken sailkatua izan bazen, eta aurpegi eta itxura ez oso ona eman bazuen ere, Laudioko taldea berpiztu da izan duen lehenengo aukeran. Denboraldiko lehenengo garaipena ailegatu da! Ez du balio orain arte ez egindako denaz damutzeko, baizik eta egin daitekenan pentsatzeko. Irabazi duenak, behin argiaren bidea aurkituta, ezin da zoriona lortu bezain pronto helmugan seko erori, Filipides famatua bezala.
Ganbegi 6-2 garaitu zuen Pasaiako Trintxer 1-2ko markagailuarekin, partidu oso landu eta gogor baten ondoren. Gauzak ez ziren zerutik etorri, eta laudioarrek gorriak ikusi zituzten Trintxerrekoen areara eta bihotzez babesten zuten lekura ailegatzeko. Trintxerpeko auzora jolastera zoazenean, esperientziaz, beldur eszenikoa sortzen du bere zelaiak. Kostaldetik nahiko hurbil dago, eta bere belarrera itsasoko gatza ailegatzen da, berdegunea inoren gustokoa bihurtuz. Btzutan dirudi Trintxerrekoen garaipenetan zelaiak taldea bera baino gehiago egiten duela.
Jardunaldiko gainontzeko partiduetan, Aiaraldeakoentzat ez baina Ganbegikoentzat berebiziko gharrantzia duten horietan, Sardineroak gol bateko berdinketa lortu zuen Kale Lagunak-en aurka, eta Donostiko Atletikoak aise irabazi zion Zaragozari bere zelaian, Bera-Beran.
Laudioko taldeak Aitor Solatxi (atezaina), Julen Arija, Hector Borge, Sergio Perez, Inaki Olaguenaga, Endika Garaio, Miguel Angel Ruiz, Asier Beraza, Josu San Emeterio, Peio Garaio eta Aitor Suarez osatutako alineazioa edo hamaikakoa atera zuen zelaira. Horietaz aparte, Jon Bengoa eta Alfonso Tejedor gozatu zituzten hainbat minutuekin.
Lehenego zatian, domeinua Laudioarrena zen, baina horretarako ahalegin fisiko handia egin behar izan zuten zelaiaren erdiko zonaldean. Bataila eta jokoa ez zen leku horretatik ateratzen, eta jokalarien mugimenduak hor pilatzen zirenez, ia ia inor ez zen atezainak esnatzera ailegatzen. Jo ta ke deabruak duen indar eta bizkortasunarekin, Peio Garaiok behin eta berriz saiatu zuen aurkakoen bihotzerainoko bidea ustartzen,eta 26. minutuan partiduaren lehenengo gola egin zuen. Saitzeak azkenean lortzea ekarri zuen! Peiok bola jao zuen area barruan, pase magiko batekin, eta gola sartu baino lehen atezaina bere keinu eta erregatearekin lurrera bota zuen marrazki bizidunetan bakarrik ikusten den bezala.
Lehenengo zatia aurrera zihoan, eta minutuak agortzen ziren. Laudio nagusi zen, baina gol bateko abantaila eskasa izateak ez dizu lasaitasun handiegia sentiarazten. Horregatik, laudioarrak jarraitu ziren zuten denarekin erasora joaten, eta hainbeste erasotzen duenak defentsan zuloak ere utzi ahal dituenez, Trintxerrek gola egin zien kontraerasoan. 4 minutu geratzen ziren atsedenaldiara ailegatzeko, eta pausoz pauso, partiduan zehar pilota gehiegi eduki barik eta galtzen joan arren urduritu barik, Trintxer kobazulotik atera zen eta Ganbegiren parean zegoen.
Bigarren zatia lehenengoaren gidoia jarraitu zuen, eta Ganbegik aukera gehienak eduki zituen, golik sartu gabe. Hainbeste ailegatzeak eta jokatzeak ez zuen saririk izaten, eta partidua okertzen eta iluntzen joan zen, bi taldeetako hainbat jokalariek txartela ikusi zutelako eta hainbat iskanbila eta borroka egon zirelako. Barregarria zen ikustea nola une batean jokalari gehien zuen taldeak bi segundutan kontrako egoeran egon zitekeen, hainbeste izan ziren kanporatuak!
52. minutuan Josu San Emeteriok partiduaren norabidea aldatu eta behingo erabaki zuen. Falta egin zioten hegaletik zihoazenean, eta gola egin zuen berak botatako penalti-strokarekin.