Laudio femenino sendo eta geldiezin baten jaiotzaren aurrean gaude, azken hiru partiduetako emaitzekin egonkortzera eta galtzea zer den ahazteraino ailegatu dena.
Ligaz mintzatuta, laudioarrak partidu gogorra bizi izan zuten Zaramagaren aurka, Gasteizen, baina jakin izan zuten norantza zuzentzen eta 2-2ko emaitza etxera ekartzen. Zaramagak aurki hartu zuen aurrea markagailuan, baina kemenarekin eta izerdiarekin, zuri-gorriek mailukada bezala eroritako bi golei buelta eman zieten. Haien buruak putzu sakon batean ikusten zituztelarik, fedeari eutsi zion ur-gainean, haiek dituzten eta hainbeste konfiantza ematen dizkieten trebetasun eta adorearekin Jaungoikoarekin baino zerikusi handiagoa duen fedea.
Talde guztiak, hamaikakoa osatu zuen bakoitzak, maila ona erakutsi zuen, eta taldearen goitik beherako eta posizioka erradiografia egingo bagenu, Iraia atezainaren ziurtasuna eta kontrola, Junkalen aginpidea, hegalari eta erdilarien gerrarako grina eta kalitateko jokalarien bidetik arerioak desagerrarazteko artea (lan zikina ez da bakarrik egiten!), Nerea, Miren eta Mariñeren presioa eta Goiuri maistraren inspirazioa, inspiratua eta musa aldi berean, nabarmenduko genituzke.
Gentzane azkenengo garaietako pelikularen zuzendariaren paperean buru belarri sartuta, eszena bere era eta gurara antolatu eta apaindu zuen. Entrenatzaileak jakingo du zergatik golegilea izaten ahalbidetzen dion zonatik, aurreko aldetik, urrun dagoen, eta baita ere jakingo du zergatik gutxienez zelaiaren hiru laurdenetako zonaldetik gertu ez dagoen, baina argi dago, edozein zonatan jokatzen duela ezberdin. Ezberdin baina oso ondo.
Goiurik sartu zituen partiduko bi golak, lehenengoa 20 metrotik, metroak errekorritu ahala ederragoa egiten zen jaurtiketarekin, eta bigarrena, aurrelariaren gola deitzen dena, toki aproposean eta aproposa denean egotea baldintza eskatzen duena. Inor ez litzateke hanka sartzeaz konturatuko hemendik aurrera idazleak "Goi" idazten badu "Gol" hitzaren tokian.
Pasa den asteburu hau mugimenduz betea izan da Laudiokoentzat, ohikoa den liga txapelketako partiduaz aparte, Agurainen futbol 11ko txapelketa jokatu dutelako.
Zaramagan egiten den era honetako lehen torneotik, ligako partiduetatik ez bezala, ez dituzte fruitu eta aurpegi hain onak eta irribarretsuak ekarri, Arabako talde hoberenentzako egindako txapelketan egotea gutxi bazen, Arabako talderik indartsuenak erori baitzitzaien haien multzoan.
Torneoaren lehenengo faseetako joerak eta emaitzek zehazten zuten amaierarainoko norabidea, eta eraginkorrenak eta esnatuenak, finalerdietara pasatu baziren, hain eraginkorrak izan ez zirenak Kopara igaro ziren (Laudio barne). Laudioarrak kopako finalera ailegatu ziren, Alavesi muturrekoa emanez (2-1), nahiz eta Aurrera, Eibar eta Leioaren aurka galdu. Finalean Leioarekin topatu ziren, eta porrotak etxera esku hutsik bueltan bidali zien.
Hoberenen kanporaketan, Eibarrek irabazi zion etxeko taldeari finala, eta hau argi geratu bada, argi geratzeko bezalako apuntea merezi du ere, Alaves talde handiak ulertu behar duela ere nesken taldea badaukala, bestela, mutilek 2b mailako aurrenak izaten irabazten duten prestigioa, neskek galduko dute eta.
Laudiok igande honetan Aguraineko mamuak ez berpizteko jarriko du arreta, bertako taldearekin dute zita San Martinen, 5. postua mantentzeko lehian.
Zaramaga 2-2 Laudio, partiduaren datuak:
Zaramaga : Laura, Janire (m.50 Arrate), Noemi (m.75 Miren A.), Aitziber, Iratxe, Maialen, Olatz, Usue (m.56 Miren E.), Naiara, Lea y Amaia (m.78 Miren).
C.D. Laudio : Iraia, June, Jone (m.40 Eider), Junkal, Uxue, Paula, Goretti, Gentzane, Nerea (m.25 Goiuri), Miren y Mariñe.
Arbitroa : Guerra, txartela erakutsi zien Eiderri ( Laudio) eta Olatzi (Zaramaga).
Golak : 10' Lea 1-0 , 64' Miren 2-0 , 68' Goiuri 2-1 , 76' Goiuri 2-2 .