Igande arratsean, San Martin futbol-zelaian, 16:00etan, Laudio neskek aurreko hastean Amurrion hasiera emandako aldi onari jarraipena eman zioten. Reforreko zelaian 1-4ko garaipen argia lortu bazuten Amurrioko taldearen aurka, herenegun, Lakuaren aurka, 4-2 irabazi zuten.
Partidua hasi baino 20 minutu lehenago, negu honetan agertu berri den eguzkiaren pean, bi taldeek euren beroketak egiten ziharduten. Lakua, zuriz eta horiz jantzita, Laudio baino postu bat gorago zihoan ligako txapelketan, eta jokalari-talde itxuraz garaia eta indartsua ekarri zuen. Zelaiaren beste aldean, eskuinean, Laudio gaztetu bat zegoen, bigarren taldeko neskatoekin (Sandra eta Miren) egun horretan zeuzkaten ausentziak eta lesionatuak estaltzen eta ordezkatzen ahalegintzen zena. Teorian, eta logika pittin bat erabiltzen duen zale orori gertatzen zaion bezala, kanpoko talde indartsu eta prestatu bat ikusten genuen, eta bere aldean, partidua irabazteko baliabide guztiak eta antza zortea bere aldetik ez zuen taldea zegoen, Laudioko zuri-gorriak.
Arbitroak partiduari hasiera eman zion, eta laster ikusi zen Laudioren posizionamendua zelaian, eta zituen asmoak. Marcos entrenatzaileak, 4-3-2-1 alineazio bat erabili zuen, edo hori iruditu zitzaigun gaian erabat aditu ez garenoi. Zelai-erdian tribote deiturikoa kokatuz, hiru jokalariekin (Gentzane, Goretti eta Miren), baloiaren jabetza eta defentsa ziurtatu nahi zituen, nahiz eta horren truke partiduaren domeinua eta pisua galtzeko arriskua eduki. Erabaki defentsibo hau hartu zuen, Goiuri aurrelari bakar gisa utziz, eta bikain atera zitzaion.
Partiduaren jaun eta jabe izan gabe, eta ezer egiten ez duenak bezala, laudioarrek lehenengo gola sartu zuten (11' Goiuri). Gol ederra izan zen, indarra eta teknikaren konbinaketa. Eskuineko hegaletik, eta arerioren atetik 25 bat metrora, jaurtiketa gogorra bota zuen. 22. minutuan Gorettik 2-0 egin zuen, Gentzaneren barruko pasea on bihurtuz. Goretti defentsa-lanak egitera ikustera ohituta gaude, baina igandekoan, nahiz eta jokalari arina ez izan, erasoko jokaldi politak lotzen ikusi genuen.
Laudiok izaten ari zituen aukera anitzek (32.minutuan Gentzaneren burukada postera) Lakua itotzen zuten, eta talde horretako jokalarietan ezinegona agertu zen. Lakuako taldean 20. zenbakia zeramanaren ahotik entzundako hitzek, "goazen Lakua ez, Lakuak ez du ezer egingo", horren berri ematen zuten.
Atsedena ailegatzear zegoenean, Lakuak bere lehenengo gola sartu zuen (44'), penaltiz. Gol honek partiduaren funtsa edo norabidea aldatu zezakeen, baina ez zen horrela izan. Goiurik beste bi gol sartu zituen, biak atetik oso urrun jaurtita, baselinaz. Aurreko partiduan bezala, zaleen txaloak eragin zituen, eta futbolean nola jokatu behar den erakutsi zigun. Neska honek zer jaten duen ez dakigu, baina partiduetan indar eta gogo txundigarriak erakusten ditu. 4 gol daramatza 2 partiduetan, eta dudarik gabe, Laudio honen jokalaririk erabakigarriena izaten ari da. Deituko dute bere atera garrantzitsuagoak diren ligetako taldeek?
Partidua 4-2 amaitu zen, Gasteizeko Lakuak gol bat sartu zuelako Goiuriren golen tartean. Gauzak horrela, Laudio seigarren kokatzen da, baina bosgarrenak (Lakua) dituen puntu-kopuru berarekin.