“Dare2b” Aiaraldeko raid taldea patrozinatzaile bila dago aurtengo raid denboraldian parte hartu ahal izateko. Bost kidek osaturiko taldea da: Aaron Garmendia, Ibone Garmendia, Ander Goti, Ivan de la Cruz, eta Jaione Barandiaran. Horietako lauk korrika egiten dute, eta bosgarrenak proba bakoitzerako beharrezkoa den guztia prestatzeaz arduratzen da.
Aaroni sartu zitzaion taldea sortzeko grina Oionera bizitzera joan zenean, han Urtzi Iglesias ezagutu baitzuen, egungo Espainiako raid txapelduna eta munduko bosgarrena dena. Berarekin entrenatzen hasi zen eta raiderako zaletasuna harturik, gainontzeko lau lagunei raid taldea sortzea proposatu zien.
Konpetitzen hasteko patrozinatzailea behar zuten, probetan parte hartzeak ekartzen zituen gastuei aurre egiteko. “Dare2b” arropa enpresa britainiarraren laguntza lortu zuten, eta Aaronen esanetan, ”patrozinatzailea lortzeak taldearen motibazioa areagotu zuen”.
Beraien hitzetan, nahiko zaila da taldekide guztiek elkarrekin entrenatu ahal izatea. Nahiko urrun bizi dira elkarrengandik, eta gainera, bakoitzak bere ardurak ditu (ikasketak,lana…). Asteko egun gehienetan bakoitzak entrenamendua bere kabuz egiten du, astean hirutan normalean, modalitate ezberdinak tartekatuz (bizikleta,korrika etab.). Hala ere, beraien zaletasunak denbora faltari aurre egiten dio, asteburuetan batera entrenatzeko denbora ateratzen dute eta. Ekintza edo entrenamendu bereziak lantzen dituzte asteburuetan, eskalada, arroil-jaitsiera, eta espeleologia kasu.
Aaron Garmendia taldeko nagusiena da (27 urte), eta raid-taldea osatzeko ideia izan zuena. Berak hobeto argitu ahal izango dizkigu beraien taldearen eta patrozinatzaile berriaren bilaketaren inguruko datuak.
1) Kirol-emaitzei begiratuta nola baloratzen duzu zuen iazko denboraldia?Zein helburu dituzue hurrengo urterako?
Parte hartzen genuen lehenengo urtea izateko nahiko ondo egin genuela uste dut. Raid-en mundua ia-ia berria zen guretzat, eta hasiera batean zehaztu genuen helburu bakarra probak bukatzea izan zen. Dena den, laster lortu genituen emaitza onen ondorioz, gehiago lortzeko desioa piztu zitzaigun. Asturiasen oso ongi ibili ginen (3. izan ziren) eta Arabar Errioxan (4. izan ziren), sekzio batean egindako akatsak podiumetik kanpo utzi gintuen. Azkenik, denboraldiaren azken lasterketa, Palentziakoa (5. gelditu ziren), izugarri latza eta gogorra egin zitzaigun, eta bukatzearekin nahiko izan genuen.
2) Aurten konpetitzekotan, zein izango zen zuen egutegia?
Oraindik ez da agertu ordutegia raid txapelketen webgunean. Hala ere, Bizkaian bat egongo dela, Asturiasera, eta Beloradora (burgos) itzuliko garela badakigu. Horretaz aparte, beste bi probetan parte hartzea da gure asmoa.
3)Probek hiru atal dituzte normalean?edo zenbat?Zein probetan galtzen duzue denbora besteekiko eta zeinetan ordea, ondo moldatzen zarete?
Legez edo ofizialki 3 proba egoten dira: trekkinga (oinez menditik), btt (mendi bizikleta) eta piragua.Hala ere, patinak (mendateak igo....), eskalada, trokak, rapelak, arku jaurtiketak, tirolinak, eta scoreak (orientazio espezifikoa) ere egoten dira.
Trekkingetan ez gara oso ongi moldatu (gihar arazoak eduki ditugu, entrenamendu edo ohitura faltagatik agian), baina orientazioari beti etekina ateratzen diogu. Bizikletan eta piraguan ere nahiko ongi aritzen gara.
Raid probetan funtsezkoena den gaitasuna orientazioa da. Proba hauen ardatza da, eta hura jakin gabe ezin da aurrera egin. Arazo larriak izaten ditugu orientazioarekin, batzuetan orientazioan trebatua dena atsedena hartzen aritzen denean, korrika egiten jarraitzen duten beste biek galtzen direlako.
4)Zeintzuk izan ziren iaz zuen patrozinatzaileak?
Patrozinatzaile bakarra izan genuen:”Dare2b” kirol arropa enpresa britainiarra. Dena den, behar genuen adina diru lortzeko kamisetak saldu behar izan genituen, 70 inguru (oraindik batzuk geratzen zaizkigu lagundu nahi duenarentzat)
5)Aurten patrozinatzaileak bilatzen ari zaretela esan zenidan, iazkoak mantentzen dituzue eta beste baten bat gehitu nahi duzue, ala dagoeneko ez daukazue patrozinatzailerik?
Patrozinatzaileen bila gaude, dagoeneko argentinar batzuekin harremanetan jarri gara(Ansilta enpresa), baina krisia dela eta oso zaila izango delakoan nago.
6)Zer espero duzue haiengandik edo zein laguntza mota espero duzue patrozinatzaileengandik?
Bi motatako laguntza bilatzen ari gara: laguntza ekonomikoa (lasterketa bakoitzean 500-600 euro inguru behar ditugu) eta bestalde, arropa edo materialarekin laguntza.