Cesar Solaun, Laudioko txirrindulari profesional ohia, Seguros Bilbao talde afizionatuaren zuzendari bihurtu da. 2002. urtean erretiratu zen, nahiz eta bere bizitza osoko zaletasun handiena guztiz baztertuta ez utzi, eta hortik aurrera, Spiuk eta Laudioko txirrindularitza elkartearekin lan egitearekin batera, txirrindularitzan zuzendari izateko titulua eskuratu du duela ez asko.
Azken boladan, Laudioko txirrindularitza proba gehienak antolatzen ikusi dugu, bere saltsan, bera baita Laudio Harana proba profesionala antolatzen duen arduraduna, eta Laudioko beste proba nagusia, Ziklokrossa, Jose Angel Arzarekin (txirrindularitza elkartearen presidentea) batera antolatzen duena.
Seguros Bilbao taldearekin, Euskal Herriko eta Kantabriako probetan eta lasterketetan arituko da bereziki. Santi Barrancok, taldearen arduradunak, orain dela bizpahiru egun taldea zuzentzeko eskaria egin zion.
Cesar Solaun (Bilbo, 1970), txirrindularia izan zen 1994 eta 2002 urteen artean, lau garaipen lortuz. Baneston eta Euskaltel-Euskadin korritu zuen. 1997. urtean inoiz baino hurbilago egon zen loria eta paradisutik, Espainiako erruta txapelketan bigarren geratu baitzen. Banesto taldean bere kidea zen Jose Maria Jimenezekin, goian bego, eskapada luze batean parte hartu zuen, helmugan "El chava" Jimenezek aurrea hartu zion arte.