Lanean dihardute Goikogane M.Taren barrenean hasi berri den urterako mendi-irteeren egutegia osatzen. Dagoeneko ia-ia antolatuta eta erabakita dituzte ibilaldi guztiak, eta horrekin batera, horien data, norakoa eta iraupena. Egutegiak, urtero bezala, hilabete bakoitzeko bi irteera izango ditu, batez beste; maiatzean eta uztailan, ordea, kopuru hori bikoizten da. Irteerek Hego Euskal Herria zeharkatuko dute, baina Iparraldea ere bisitatuko da.
Urte amaiera arraroa bizi izan da mendi-taldearen barnean, trantsizio garaia. Pasa diren urteetan taldearen zuzendaritzaz arduratzen zen taldeari, Fernando Uribek gidatua, agintaldia agortu zitzaion, eta lekukoa hartzeko inor ez zegoenez gertu, gaurko egunean agintean dagoen aldibateko batzordeak hartu zuen nagusigoa.
2011ko urtarrilaren 14an bazkideentzat berebiziko garrantzia duten bi bilera edo batzar prestatu dira: bazkideen biltzar orokorra eta bazkideen ezohiko biltzar nagusia. Lehenengoaren lehendabiziko deialdia 19:30ean izango da, eta bigarrena, berriz, 20:00etan. Bestalde, ezohiko batzarraren aurreneko deialdia egun bereko 19:00etan izango da, eta bigarrena, 19:30ean.
Biltzar orokorraren helburua edo zeregina aktaren aurkezpena eta, hala balegokio, haren onespena, egoera ekonomikoaren azterketa, gauzatutako ekintzen txostena, eta urte berrirako kuoten ezarketa eta gauzatuko diren irteerak aurkeztea izango da. Ezohiko batzarrean, berriz, mendi-klubaren agintaritza hartuko duen zuzendaritza berriak bere burua aurkeztuko du bazkideen aurrean, eta bere proiektuaren berri emango die.