Aste bat geratzen da Laudioko ziklokrossaren bigarren ediziorako, eta horretarako Laudioko txirrindularitza elkarteko langileek dagoeneko zirkuitu osoa antolatu eta mugatu dute. Datorren larunbatan, goizeko hamarretatik aurrera hasiko da lasterketa, eta bertan bost kategoriatako txirrindulariek hartuko dute parte. Jose Angel Arzak(lasterketaren arduraduna eta txirrindularitza elkartearen presidentea) esan duen moduan, Euskal Herriko txirrindulari hoberenak edukiko ditugu Laudion.
Laudiora etorriko diren txirrindulari zoragarri horien artean Javier Ruiz de Larrinaga (Ametzaga, 1979) dago, Espainiako eta Euskal Herriko txapelduna dena. Aurten egin diren lasterketetatik zortzi irabazi ditu, eta atzo hogeigarren izan zen Igorren, munduko kopako proban. Gure ustez, ez dago inor hoberik Laudioko zirkuituaren egoera aztertzeko eta haren deskribapena egiteko.
1)Nola baloratuko zenuke zure hasiera aurtengo deboraldi honetan? Espainiako txapelketan eta Euskal Herrikoan parte hartzen duzu, bietan nahi zenuen bezain ondo hasi zara? Nortzuk izango dira aurkako gogorrenak aurten zure ustez?
Aurten beste urteetan baino hobeto hasi naiz, udan ziklokrossa prestatzeko helburuarekin asko ibili naizelako errepidean. Asko nabaritu izan ditut prestakuntza espezifiko horren onurak. Momentuz hamabi lasterketatan parte hartu dut, eta zortzi garaipen lortu ditut, nire bizitzako hasierarik hoberena da. Dena den, hemendik aurrera hasten da denboraldiaren unerik garrantzitsuena, eta datozen lasterketetarako topera egon behar naiz. Hilabete honetako hamabian Espainiako kopako azken lasterketa erabakigarria daukat Madrilen. Orain arte nire areriorik gogorrenak edo gogotsuenak Egoitz Murgoitio eta Isaac Suarez izan dira, baina hemendik aurrera beti agertzen diren aurkakoak ondo aritzen hasiko dira(Mauro Gonzalez, Hermida...). Hermidak orain dela gutxi Espainiako BTT txapelketa irabazi du, eta beti modalitate horrekin amaitzean, indar handiarekin hartzen du ziklokrossa abenduan.
2)Iazko Laudioko lasterketa oroimenean daukazu haren inguruko balorazioa edo kritika egin ahal izateko? Gustatu zitzaizun zirkuitua eta zure ezaugarriekin bat egin zuen? Horretaz aparte, Laudioko txirrindularitza elkarteak txirrindulariei arreta ona eskaintzen dizuela eta maila altuko proba antolatu duela uste duzu?
Gaur egun, Laudioko lasterketak Euskal Herriko zirkuituan beste hainbat probek duten maila dauka, baina bere bigarren edizioa denez bakarrik, etorkizun batean estatu mailan garrantzitsua izango dela uste dut. Gainera, zurrumurruek diote Laudiok kalitate hazkunde handia izango duela etorkizun hurbil batean. Laudioko txirrindularitza elkarteak esperientzia handia dauka txirrindularitzaren munduan, eta beti proba garrantzitsuak antolatu izan ditu. Zirkuitua gogorra da muino batean kokatzen delako, eta horren ondorioz aldapa asko ditu. Niri, pertsonalki, asko gustatzen zait, baina lokatz pixka bat gutxiago egotea nahiko nuke. Jendeak karreraren bilakaera osoa ikusi ahal du zirkuituaren goiko partetik, eta hori oso garrantzitsua da zalearen arreta bereganatzeko.
3)Ziklokrossa kirol gogorra da, pertsona gogorren mundua. Ez dituzue errepideko profesionalek bezala kilometro asko egiten, baina kanpotik etengabe sufritzen zaudetela ikusten da. Lasterketan dena ematen duzue, esfortzu handiegia egiten duzue denbora tarte txikian. Hala ere, zuen kirolak ez du errepideko txirrindularitzak duen adina ospea. Posible da ziklokrossaz bakarrik bizitzea?
Gaurko egunean ziklokrossaz bizi naizela esan dezaket, baina asko kostatu zait egoera honetara ailegatzea. Gainera krisiak ez dio inori mesederik egiten, eta hark ere eragina izan du gure giroan. Errepideko txirrindularitzaren talde handietan zu laguntzeko prest dagoen talde oso bat dago, baina hemen ez. Zuk bete behar duzu kirolariaren papera eta baita ere manager papera. Denboraldi bakoitzean egingo dituzun atzerrirako bidaiak eta lortu nahi dituzun helburuak zehaztu behar dituzu. Azkenik, zu izan behar zara ere patrozinatzaileak bilatzearen arduraduna. Hortik aurrera arlo deportiboa hasten da, benetan zurea dena, eta bai, zuk ezan duzun bezala, karrera oso gogorrak dira, erlojuaren kontrako proben antza dutenak, ordu batean duzun guztia eman behar baituzu. Zure mugetatik ahal duzun gertuen joan behar zara, baina burua erabiltzen, hura ez zeharkatzeko eta lehertzeraino ez iristearren.
4) Zenbat entrenamendu egiten dituzu astean zehar? Zein da urtearen une bakoitzean jarraitzen duzun entrenamendu antolaketa? Modalitate edo kirol ezberdinak konbinatzen dituzu zure entrenamenduetan?
Asteko egun guztietan entrenatzen dut eta nire entrenamenduen oinarria eta horren ondorioz ziklokrossarena ere, errepidean egiten diren entrenamenduak dira. Martxoan entrenatzen hasten naiz, errepidean bakarrik, eta hortik aurrera, maiatzean gutxi gorabehera, errepideko lasterketetan konpetitzen hasten naiz. Abuztuan bi asteko atsedena hartzen dut eta segido hasten naiz ziklokrosseko entrenamendu bereziekin. Gimnasiora joaten hasten naiz eta korrika egiten ere hasten naiz. Ziklokrosseko denboraldia hastear dagoenean nire etxearen ondoan dauden larreetan teknika lantzen dut.
5)Kirolean profesional mailan aritzen zarenean gutxi gorabehera pentsatuta daukazu noraino ailegatuko zaren edo noiz erretiratuko zaren, edo hori denbora aurrera doan heinean pentsatzen den zerbait dela uste zuzu?
Nire ustez hori denborak esaten dizu. Pertsona eta gorputz guztiak ezberdinak dira eta suposatzen dut txapelketetan lehen ematen zenuen mailarekin alderatuta errendimedu minimo batetara ailegatu ezin zarenean kirola usteko garaia dela. Gazteleraz esaten den moduan:"Una retirada a tiempo es una gran victoria".