Aurten, Amurrioko futbol taldea ez da orain arte ezagutu duguna. Hainbeste urtetan hirugarren mailako aurreneko postuetan eta behin baino gehiagotan 2B mailara igotzear egondako taldea infernutik hurbil dago. Ligako txapelketako azkenengo postuan dago, kolista da, eta liderrak baino 27 puntu gutxiago edukitzeaz aparte, oraindik ez du etxean partidurik irabazi.
Urteko sasoi honetan, Ligako 14. jardunaldian, ez gara ailegatu oraindik denboraldiaren erdira, baina Amurriok gol gutxi sartu izanak eta hainbeste jasotzeak ez dio zaleari patxadaz bizitzen ahalbidetzen.
Pasa den igandean Leioaren aurka jokatu zuen, talde bizkaitarraren etxean,eta Amurriok orain arte erakutsitako joera txarra berretsi zuen. Leioak hiru gol sartu zizkion (3-0) aparteko esfortzurik eta joko zoragarririk egin gabe, Amurriokoak galtzera ohituta dagoenaren jarrerarekin atera baitziren zelaira. Indarrik eta borroka egiteko gogorik gabe hasi zuten partidua, eta beraiek ere partidua galtzera kondenatuta zeudela uste zutela zirudien. Amurrioarren lehenengo hogeita hamar minutuak lotsagarriak izan ziren eta ez zen aurkako taldearen ateraino ailegatu laurogeita bigarren minutura arte. Aurkako bandoan, gauzak errazagoak izan ziren, orduerdi batean partidua zarratzen zuten hiru golak sartu zituzten eta.
Asteazken honetan, Baskoniaren aurka atzeratutako partiduan, Amurriok orain arte izandako ibilbidea zuzentzeko beste aukera bat dauka. Ez da ohikoa Amurrio egun dagoen postuan egotea, eta eurengatik eta euren atzean dagoen zalegoarengatik hobe dute irabazten hastea. Momentuz makina bat partidu geratzen da liga amaierarako, baina mailaz jaistea ez da urrun geratzen zaien aukera, baizik eta egunak pasa ahala errealago bihurtzen dena.
Orain dela aste bat Iñigo Frailerekin hitz egin genuen; Amurrioko kapitaina eta aurrelaria da. Orain dela bost urte ailegatu zenez Amurrioko taldera eta berez Amurrioarra denez, inork baino hobeto azaldu dezake bere taldearen egoera.
2010/11/23
Egun on Iñigo! Amurriorentzat garai latzak direla esatea soberan dago, baina zuk, talderaen barnean egonda, nola uste duzu aldatu dela taldearen egoera ailegatu zinenetik hona?
Orain dela bost urte etorri nintzen taldera,justu-justu 2B mailatik hirugarren honetara jaitsi zenean. Zuzendaritzak esfortzu ekonomiko handia egin zuen, helburua 2Bra bueltatzea zelako. Hortik aurrera denboraldi txarrak eta baita ere onak bizi ditugu, baina eztabaidarik gabe hau da okerrena. Hau ez da tokia azkeneko urteetan playoff-etan aritu den taldearentzat.
Zure ustetan zein da arazoaren muina edo jatorria? Fitxaketa falta? Jarrera falta?
Nire ustez taldea beti bezala dago, gutxienez egiten dugun jokoa ikusita. Gola sartzeko aukerak edo jaurtiketak izaten ditugu, eta ezinezkoa egiten zait hain egoera kaxkarrean egotera behartzen edo kondenatzen gaituen akatsa aurkitzea. Amurriora etorri nintzen urtean egondako bost jokalari soilik geratzen dira, baina hori ez da inolaz ere aitzakia. Amurrio saltzera behartuta dagoen taldea da batzuetan, eta gazteenek talde handiago batzuetara joateko aukerak lortzeko erabiltzen dute taldea.
Hemendik aurrera, besoak jaistea eta amore ematea aukera egokia ez denez, zer saiatu behar zarete aldatzen?
Gure egoeran dagoen talde batentzat ezinbestekoa da bere atea golik jaso gabe mantentzea. Helburu sinplea dirudi,baina betetzeko oso zaila da. Golik ez jasotzea partiduak irabazten hasteko lehenengo pausua da, golek garaipena dakarte-eta. Berriro esaten dut, guztiz zaila da ,orain arte partidurik irabazi ez badugu gol gehiegi sartu digutelako izan da-eta.
Noiz ikusi zenuten lehenengo aldiz gauzak ondo ez zihoazela?
Aurreraren aurka jokatu genuen partiduak gure animoa pixka bat birrindu zuen, irabazi ahal izan genuen eta azkenean galdu genuen partidua izan baitzen.