Pasa den ostegunean, Espainiako Futbol Ligako Errege Kopan, Portugaletek, 3. mailako taldea, Getaferi, 1.mailako taldea, aurre egin zion partida osoan. Golik gabeko partida izan zen, baina bi taldeen arteko kanporaketaren lehenengo partidan gol bana sartu zutenez, Getafe hurrengo fasera igaro zen, etxetik kanpo sartutako golek balio bikoitza baitute.
Ostegun gauean, Getafeko taldeak gol aukera argienak izan zituen eta teknika ezin hobea erakutsi zuen, baina, hala ere, ez zuen lortu Urko Maciasek(Portugalete) defendatzen zuen atea zulatzea. Portugalete gogotsu aritu zen, eta nahiz eta Madrilgo taldearen aterainoko bidea ez aurkitu, ez zuen inoiz amore eman.
Kanporaketaren lehenengo partidan Getaferekin berdinketaren gola lortu zuen jokalaria Gaizka Bergara atzelari orozkoarra izan zen. Boleaz sartutako gola izan zen, Portugalete Getaferen aterara ailegatzea ahalbidetu zuena. Gaizka, Athleticen lehenengo taldean aritutakoa da, geroago Sestao River-ekin jokatu du eta orain, Portugaleten jokatzen ari da. Aiarako eskualdeko futboleko jokalarien artean ezagunenetarikoa da, bereziki Maneren eskutik eta Bartzelonaren aurka Athleticekin lehenego mailan estreinatu zenetik.
Gaurko honetan, partiduaren hurrengo egunean, Gaizkak Aiaraldeari oparitutako hitzak argitaratuko ditugu:
-12-11-2010
Egun on Gaizka! Hasi baino lehen, zorionak atzoko partidagatik, nahiz eta sarritan bezala txikerrak nagusia ezin garaitu. Zer sentitzen duzu Portugaleteko jokalari bezala, dezeptzio txiki bat edo poza ikaragarria?
Egun on! Afizioarentzako, taldearentzako eta niretzako pertsonalki esperientzia izugarria izan da, agian inoiz berriro biziko ez duguna. Pena bat izan da azkenean Getaferi irabazi ez izana, eta gure helburua bete ezin izatea, baina nire ustez bikain aritu ginen aurrean geneukan taldea kontuan hartzen badugu.
Kanporaketaren lehenego partidan zure taldearen gola sartu zenuen, eta horrek Getafetik hurrengo fasera pasatzeko aukerak eman zizkizuen. Gol hori golik politenen txokoan gordeko duzu? Zure ibilbideko zein beste gol inportate gogoratzen duzu?
Orain arte sartu ditudan golen artean dudarik gabe Getaferen aurka egindakoarekin geratzen naiz. Taldea aurten ondo dagoela erakutsi zuen, eta ez zen izan nire meritua edo iaiotasunaren adierazgarria, baizik eta talde osoak egiten duen lanaren erakusgarria. Hemendik aurrera, lortutako konfiantzarekin gora egin behar dugu liga txapelketan, ez baikaude denboraldi hasieran espero genuen tokian.
Argi dago Getafen erakutsi zenuten itxura onak eta Getaferi aurre egin izanak moralki ondo egingo dizuela, baina ez duzu uste atzoko esfortzua asteburuko partidan ordaintzeko aukera hagitz dagoela?
Talde nahiko ona eta konpaktua daukagu, bere mugak ezagutzen dituena, eta gainera, entrenatzailea saiatuko da txartoen daudenei asteburuan atseden ematen. Errepikatzen dut ez dugula hurrengo partida galtzeko aukeran pentsatzen, baina dena den, galduko bagenu hainbat ordezkorekin jokatuta, denboraldian aurrera egiteko gehien komeni zaiguna delako izango da. Ezin ditugu liga txapelketa eta denboraldi guztia bertan bera utzi asteburu honetako partida nola edo hala irabazi nahi izateagatik.
Atzoko partidan gogotsu aritu zineten, zerbait egiteko gogoz ikusi zen taldea. Dena den, batzuetan oso defentsiboak izan zinetela irudi zuen. Lehenengo mailako talde bati jokatzeko aukera bakarra da hori, pixka bat kontserbadorea izatea?
Ez ginen defentsiboegiak izan, baina gure helburua bai zen partidaren azkenengo minutuetara aukerekin ailegatzea. Guk ez daukagu Getafekoen kalitatea, eta gure arma bakarra fisikoa denez, hura momentu garrantzitsuenetarako gordetzen ahalegindu behar genuen. Partidan golik jaso gabe mantendu nahi genuen, eta lortu genuen. Azkenean, gola sartzeko zortea edo aukera espero genuen, zortea futbolean maiz agertzen den eragilea baita, kontuan hartzekoa, eta are gehiago hura bilatzen bada.
Ia ia behartuta nago zure ibilbidearen inguruko galdera bat egitera. Athleticen debutatu zenuen Manerekin, eta geroztik zure ibilbide profesionala guztiz gorabeheratsua izan da. Zergatik uste duzu jaitsi zinela lehenengo mailatik hirugarren mailara? Egunen batean hirugarren maila baino altuago den batean berriro jokatzeko aukera izango duzula uste duzu?
Athleticen egon nintzen, eta hortik aurrera maila apalago batera jaitsi nintzen, 3. mailara. Sestao River-en jokatu nuen iaz, eta aurten Portugaleten nago. Bizitzaren hainbat unetan baxoiak izaten ditugu, guru erruagatik edo gure mendean ez dauden faktoreengatik, baina horrek ez du esan nahi inoiz berriro altxatuko ez zarenik. Lesioengatik nago egun nagoen lekuan, eta nahiz eta hemen gustura egon, nire lanarekin egunen batean egon nintzen tokira bueltatuko naizela uste dut. Ez nintzen handik gaitasun faltagatik jaitsi, eta hori dela eta, neure buruarengan konfiantza daukat.
Athleticen harrobian egon baino lehen, txikitan, zein taldetan aritu zinen? Betidanik zelaiaren atzeko posizioetan aritu zara?
Nahiko txikia nintzenean Laudion jokatu nuen, eta hortik aurrera Lezaman aritu nintzen,lehenengo taldearekin debutatu nuen arte. Izugarri maite dut Laudioko taldea,eta asko pozten naiz egiten ari den denboraldiagatik. Merezi dute txapelketan aurrenak izatea. Lehenengo urteetan aurrelari jokatzen nuen baino urteekin nire posizioa atzeratu nuen, defentsan aritu arte. Defentsaren erdialdean edo hegalean joka dezaket, bietan gustura sentitzen bainaiz. Orotan entzundako topikoa dela esan daiteke, baina jokalariok benetan nahi duguna jokatzea da, ia-ia berdin zaigu non jokatu.