Igande honetan Goikogane MTak aurtengo eskola-kiroleko 2. irteera egingo du, Urizaharra eta Ocio udalerrien artean. Autobusa Laudioko institutu ondotik irtengo da goizeko zortzi eta erdietan, eta bigarren geraldia Aretan egingo du. Urizaharra eta Ocio lotzen dituen ibilibideak 10 kilometro ditu gutxi gorabehera. Gizakiaren lehenengo aztarnak Urizaharran Brontze Arokoak dira. Han bertan, herriaren alde zaharreko eraikinak eta harresia ikusteko aukera izango dute umeek. Herriko plazan, XIII. mendeko eliza ederra dago, herri honek Erdi Aroan izandako garrantziaren adierazgarri. Erdi Aroan, Antso errege nafarraren agindupean egondako herrien artean garrantzitsuenetarikoa izan zen. Ociorainoko bidea, Inglares ibaiaren ondotik igaroko da ibilbide osoan zehar. Mendi talde laudioarrak sei urte daramatza proiektu honekin. Urtean zehar Arabatik egiten diren ibilaldiek zonalde konkretu bat ezagutzea dute helburu. Aurten, irteera gehienak GR1 ibilbidearen barnean izango dira, Arabako hegoaldean. Ekintza hauek 1995 eta 2002 urte bitartean jaiotako Laudioko edozein eskoletako ikasleei daude zuzenduta. Izena emateko bi modu dago, irteeraren aurreko asteartean taldearen egoitzan apuntatzea, edo eskola bakoitzean ekintza hauetako arduraduna den pertsonarekin harremanetan jartzea. Laudioko mendi taldeak antolatzen dituen irteerei Udaleko euskara sailak orain dela gutxi prestatzen hasi dituenei gehitzen badizkiegu, ume laudioarrek mendira joateko aukera on eta anitzak dituzte.