Gustatzen zaizue natura?

Erabiltzailearen aurpegia ArtziSpot 2016ko urt. 13a, 16:07

 (Izan Gomez, 11 urte)

Rio tinto

Rio Tinto ibaiaren ur gorrietan ez da arrainik bizi, ez anfibiorik, ez intsekturik. Eta ibaiertzean nekez hazten da landarerik. Rio Tintoren ur gorriak metal astunez beteak daude, oxigeno gutxi dute eta azidoak dira, izugarri azidoak, puntu batzuetan ia azido sulfuriko huts izateraino. Baina, hala ere, ibaia ez da mortua.

Estralurtarra dirudien arren, Huelvan dago ibai hau. Eta bizidunez beterik dago. Milaka espezie bizi dira bertan: arkeoak, bakterioak, onddoak eta algak; denak mikroorganismoak, mikroorganismo estremofiloak. Batzuk mineralez elikatzen dira, burdinaren eta sufrearen konposatuak oxidatzen dituzte, eta horrek ematen dio, hain zuzen ere, kolore gorria ibaiari (burdin oxidoek).

Ibai inguruko lurrak gutxienez 5.000 urtez ustiatu izan dira burdina, urrea, zilarra, kobrea eta abar erauziz. 2001ean itxi zen meategia, eta, geroztik, meatzariak ez, zientzialariak dabiltza lanean Rio Tinton.

Itxura estralurtarra izateaz gain, kondizioak ere halakoa dira. Marteren antzeko lekutzat hartuta daukate zientzialariek. Europako Espazio Agentziak bertan probatu izan du Martera eramateko teknologia, Eurobot robota kasu. Eta CSICeko Astrobiologia Zentroko (CAB) eta NASAko ikertzaileak urteak daramatzate Rio Tinto ikertzen. Izan ere, uste dute bizitza estralurtarra aurkitzekotan, adibidez, Marten edo Jupiterren Europa ilargian, probablea dela Rio Tintoko antzeko kondizioetan izatea

Sahara dago zaharrago

Onartua eta zabaldua dago Sahara garai batean oihana izan zela eta momentu batean lehortu egin zela, egun den basamortua bihurtuz. Aldaketa hori 2-3 milioi urte atzera, Kuaternarioan kokatu izan dute geologoek. Garai hartan hasi ziren Ipar Hemisferoko glaziazioak, Sahara berde mantentzen zuten montzoien dinamika aldatu zuen eta horrek eragin zuen idortze prozesua. Ondoren agertu diren datuek, hala ere, zalantza jarri dute hipotesi hori. 7 milioi urteko dunen arrastoek iradokitzen dute Sahara uste zena baino zaharragoa dela, baina lehenagoko desertifikazio horren azalpena falta zen.

Orain, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek dio, kasu honetan ere, montzoien zirkulazioan gertatutako aldaketak izan zirela lehortze prozesuaren eragileak. Ikertzaileen esanetan, duela 7-11 milioi urte hasi zen Saharako basamortua sortzen zen eta beste kausa bat medio gainera. Miozeno garai geologikoari dagokion adin Tortoniarrean, egun Mediterraneoa denaren ingurua estaltzen zuen Tethys itsasoak atzera egin zuen, eta, ondorioz, montzoien eragina ahuldu egin zen Sahara inguruan Eredu matematikoak erabiliz frogatu dute hori. Are gehiago, itsasoaren atzeraldiak ezegonkorragoa bihurtu zuen klima Lurraren orbitaaldaketen aurrean. Hala ere, Sahara ez zen bat-batean basamortu bihurtu: aldi hezeak eta lehorrak tartekatzen hasi ziren, eta klima-aldaketak  landaretza eta fauna berria agertzea ere ekarri zuen. Gainera, litekeena da bilakaera hau beste aldaketa handiago baten atzean egotea: garai horretantxe hasi ziren lehen hominidoak Afrikan, eta batez ere Saharan, agertzen.

 

Aitzulo bat kristalekinA

Chihuahuako (Mexiko) Naica herrian, lurpean 300 metrora, kristal erraldoiz betetako barrunbe bat dago. Igeltsuzko kristalak dira, inoiz aurkitu diren handienetakoak. Gehienek 6 metro inguruko luzera dute, eta handienak, 11 metroko luzera, 4 metroko diametroa eta 55 tonako pisua.

Kristalen haitzuloa 2000. urtean aurkitu zuten Naica meategiko meatzariek. Zilar, zink eta berun ugari dago Naica meategian, eta tunel berri bat irekitzen ari zirela aurkitu zuten 10 metroko zabalera eta 90 metroko luzera dituen barrunbe ikusgarri hau. Ikusgarria eta beroa. 50 ºC-tik gorakoa da tenperatura eta % 100eko hezetasuna dago han.

Faila zahar batean dago, eta azpian magma-ganbera bat dauka. Magma horrek lurpeko ura berotzen du, eta ur horretan mineral-kantitate handiak disolbatzen dira. Gaur egun, haitzuloa ez dago urpean, meatzaritza-lanak direla- eta ura ponpatzen delako. Baina, urez beteta egon da 500.000 urtez. Denbora horretan, mineralez saturatutako ur horren tenperatura oso egonkor mantendu da, 50 ºC inguruan, eta horri esker sortu dira kristal erraldoi horiek

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide