Metroko eskaileretan gora doan gorbataduna, autoan lantegira ziztu bizian abiatu den langilea, tiradera baten barruan geratu diren plan betegabeak, goizez bulego bateko langile eta arratsaldez etxeko andrea den emakumea, 24 orduko langile ez aitortuak, pasealeku hutsak, tinta egarriz dauden gogoeta-orriak…
Errutinaren adibide asko bururatzen zaizkit, baina ez nuke nahi horretan tematu, begiak kliskatzen ditugun bakoitzean horren argazki bat ateratzen baitugu. Pentsa zenbat diren ohera sartzerakoan.
Egunerokotasunak irensten gaituen honetan, pertsona izateko astirik ez duen jendearen falta sumatzen dut, egonean dagoena, noizbehinka ezer egiten ez duena.
Duela urte batzuk modan jarritako “murrizketa” hitzak uste baino gehiago barne hartzen du eta badirudi erlojuak lauzpabost ordu galdu dituela, hain zuzen, gu izateko erabiltzen genituenak. Gizatasuna ere galtzen den zerbait da elikatzen ez bada, eta konturatu gabe makina bihurtzen gara, sentimenduak eta kezka pertsonalak maila baxuenean kokatzen dituen izakia. Bizitza inprobisatzeko edo barneko ahotsari entzuteko denborarik ez baduzu, zu ere horrelakoa zara.