Zeinen urrun geratzen zaigun askori antzerki mundua, agian Arriaga bezalako eraikinetatik kanpo ez dugulako antzerkigintzaren arrastorik topatzen. Baina duela gutxi antzerki zale batzuekin izandako esperientziatik, antzerkigintzaren usaina nonahi arnastu daitekeela iruditzen zait, onerako eta txarrerako.
Badira oholtzetatik harago doazen antzezleak: irribarrea pintzekin lotuta daramatenak, lelo- errepikatzaileak, ustezko bulegariak, nahi gabeko antzezleak… Bizitza bera antzezten dutenak, alegia. Nahi gabeko antzezleek konturatu gabe interpretatzen dute, atrezzo handirik gabeko bizimodua daramate. Gehienek ez dakite nor den haien bizi-antzerkiaren egilea ezta gidoilariak markatutako papera trebe edo baldar samar betetzen duten. Ez da denbora asko igaro nahi gabeko antzezle talde batek Gipuzkoa Plazan topo egin zuenetik, eta han, aukeran ohiko jantziekin eta jende askoren aurrean, haien obra interpretatu zuten, hurrengo egunetako errepikapen eta guzti. Bejondeiola publikoari.