Azken bolada honetan euskalgintzan oldarraldiaz hitz egiten dugunean burura datozkigu epaileak, epaile hauek emandako ebazpenak, non euskara beti kalteturik ateratzen den. Baina itxuraz badago gure eskualdean beste oldarraldi bat “etxetik” datorrena eta euskararen aldeko ekimen eta dinamikak itotzea helburu izan lezakeena.
Amurrioko Udalak azken bolada honetan euskararen inguruan hartu dituen erabakiak horrela erakusten digute behinik behin: 2023ko maiatzean, udal-hauteskundeen atarian Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin biltzeari muzin egin eta ordezkari politikoei euskararekiko konpromisoak hartzeari uko egin zion, 2023ko uztailan euskara-teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik ezabatzea erabaki zuen, 2024ko urtarrilan Amurrioko kiroldegiaren kudeaketarako lizitazio publikoan bertako langileen euskara profil derrigortasuna kendu zuen; Udalaren Euskara Planean kontrakoa zehaztuta dagoen arren, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin duen hitzarmena izoztuta dago 2016tik, 2024ko otsailan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak “Euskararen Semaforoa” dinamika martxan jarri zuen eta Amurriko Udalak ez zuen bat egin dinamika horrekin, 2024ko apirilean, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ekinbidez “Gora Aiaraldeko jai euskaldunak” dinamika aurkeztu zen, Laudio, Urduña, Orozko, Artziniega, Aiara eta Arrankudiaga-Zolloko Udalekin batera.
"Ez ditugu ez epaileak ez haien ebazpenak begiratu behar, batzuek; bere poltronetatik, euskararen kontra abiatzen dituzten ekinbideak oldartzea ere bada"
Honetan ere Amurrio Udalak kanpainarekin bat ez egitea erabaki zuen ateak itxiz benetan euskaldunak eta euskaraz izango diren jaiak sustatzeari eta azkena, espero, Aiaraldea Komunikabideari dirulaguntza eten egin dio; erabakia urtarriletik hartuta bazegoen ere orain jakin izan dugu.
Hau guztia ikusita esan behar duguna da OLDARRALDIA etxean dela, arestian esan bezala ez ditugu ez epaileak ez haien ebazpenak begiratu behar, batzuek; bere poltronetatik, euskararen kontra abiatzen dituzten ekinbideak oldartzea ere bada. Euskararen normalizioaren aurka horrelako dinamikak abiatzea euskararen kontra egitea da eta esan dezagun argi eta garbi, konplexurik gabe.
Amurrioko Udalak, azken urtean, euskararen kontra harturiko neurriek ze helburu dute? Euskara itotzea dute helburu? Euskara Amurrioko hizkuntz-mapatik desagertzea? Ez al die inork esan Amurrioko Udaletxeko kudeatzaileei egun euskararen aldeko dinamikak beste batzuk direla, elkarlana, sustapen lana, erabileraren aldeko jarrerak sustatzea…
"Honez gero, 'postureoak' ez du balio. Administrazioei dagokizue euskararen aldeko politika eraginkorrak sustatzea, euskararen aldeko jarrerak sustatzea eta zuei dagokizue euskara liskarrerako gai ez bihurtzea."
Honez gero, “postureoak” ez du balio. Administrazioei dagokizue euskararen aldeko politika eraginkorrak sustatzea, euskararen aldeko jarrerak sustatzea eta zuei dagokizue euskara liskarrerako gai ez bihurtzea.
Espero dut, txarto harturiko erabaki horiek guztiak bertan behera geratzea, horrela ez bada beste behin ere euskalgintzak hau guztia salatuko du eta tamalez aurrez aurre izango gaituzue.