IRITZIA

'Youtuberrak' Andorran

Erabiltzailearen aurpegia Asier Martinez 2021ko mar. 22a, 06:00
El Rubius, artxibo irudi batean.

Azken asteotan asko hitz egin da Andorrara zerga gutxiago ordaintzeko ihes egindako "youtuber" batzuei buruz. Oso polemikoa bihurtu da, horri buruz iritzia ematen duen jendearen pentsamendu politiko eta ekonomiko desberdinak ikusten uzten digulako. Askori ondo iruditzen zaie, zergak gehiegizkoak direlako eta nork bere buruaren eta hurbilekoen alde egin behar duelako. Bestetik, gaizki iruditzen zaion jendea dugu, zergak "saihesteko" modu itsusia delako eta gauzak eskaini dizkien herrialdari ez laguntzea dakarrelako. 

Modu orokorrean hitz egiten badugu, argi dago gaizki dagoela. Jende asko saiatzen da gaiari buelta asko ematen, aitzakiak bilatzen edo apaintzen. Baina zure oinarrizko beharrizan batzuk zergen bidez bete dituen gizarte bati laguntzeari uztea erabakitzen baduzu, esan liteke, legezkoa izan arren, ez dela oso etikoa edo morala. Esan dudan bezala, horren aurrean duzun ikuspuntua ekonomia edo politika ikusteko moduaren araberakoa da erabat. Baina uste dut benetan interesgarria dena ez dela ongi ala gaizki dagoen zehaztea, aberats berri hauek diru gehiago biltzeko ihes egitera bultzatzen dituzten arrazoiak aztertzea baizik. 

Hasiera batean, eta zintzoki hitz eginda, zikoizkeria da arrazoi nagusia. Ez zaio buelta gehiago eman behar: dirua dena den mundu batean bizi gara, eta zure lanaren fruitu asko nola desagertzen diren ikustea mingarria izan daiteke, batez ere, diru hori nora doan babesten ez baduzu. Baina hori da arrazoi bakarra?

Oso eduki handiko sortzaileez ari bagara, seguru asko bai. Rubius edo Willirexenak dira kasurik sonatuenak, baina ez dira bakarrak. Hain goian zaudenean eta hainbeste diru irabazten duzunean, alde egin ala ez, bizitza ekonomikoki konponduta izaten jarraitzen duzu. Baina badira diru asko irabazi arren bizitza betirako konpondua izateko haina ez dutenak ere. Eduki-sortzaile horiek guztiak ere joaten dira Andorrara, zergen arteko aldeak bizitza osorako erretiratzea ekar baitezake, psikologikoki oso zorrotza den lanbide batean, ezegonkortasun handiarekin eta lan-iraupen oso mugatuarekin. Kasu horietan erraza da motibazioa ulertzea. Zuk, 5-6 urtetan, 300 mila euro irabazi beharrean, ia bikoitza irabaziko duzu. Pentsatzeko da.

Nik ez nuke inoiz horrelakorik justifikatuko, baina uler dezaket. Eduki-sortzaile horiek, oro har, bat-bateko arrakasta izan duten klase ertaineko familietatik datozen gazteak dira eta, zoritxarrez, gure gizarteak pentsamendu oso indibidualista batera jotzen du, non norberaren ongizatea beste edozeren gainetik dagoen.

Garrantzitsua da, halaber, beste xehetasun txiki bat kontuan hartzea: komunikabide gehienak saiatu dira gai honen inguruan odola egiten. Aspalditik dagoen gaia da. Enpresek, futbolariek, artistek eta  antzekoek beti bilatu dute zerga gutxiago ordaintzea eta dirua aurreztea, zerga txikiagoak dituzten herrialdeetara joanda edo ingeniaritza fiskal konplexua eginez. Zergatik izan du bat-batean horrenbeste oihartzun hain hedatua dagoen kontu honek? Esango nuke arrazoi nagusia gaiak erakarri ditzakeen ikustaldi eta diru kopurua dela; baina, bide batez, lehiakide handiak deabrutzeko aprobetxatzen dutela uste dut. Komunikabide tradizionalek badakite ikusle gazteak erakartzeko duten gaitasuna oso mugatua dela, eta komenigarria izan daiteke eduki-sortzaile horien irudi txarra ematea.

Zoritxarrez, ematen duena baino gai konplexu eta sakonagoa da, eta jende gehienak oso azaletik tratatzen du eta bi buelta eman gabe epaitzera ausartzen da, zentzu batean edo bestean. Egia esan, gobernuek jokabide horiek onartzen dituzten bitartean, existitzen jarraituko dute. Azken finea, zure lana eta diru-sarrerak online badira, zer axola du Madrilen, Andorran edo ipar poloan egoteak? 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide