Bidaia zirraragarriari ekin genion, badirudi Burjassot lekutan dagoela, egun eskas batzuk baino pasatu ez diren arren. Indartsu, pozik eta batez ere esker onez aurkitu ditugun kide eta lagunen arreta ezin hobeagatik. Eskuminak eta laztan bana, ezagutu ditugun lagunei, Euskal Herrian zain dauzkagunei eta etxean behar luketen borroka kide guztiei! Salut i visca la terra!
Irailak 2
Goizean abiatu ginen Gasteiztik, Teruel inguruan geldialdi bat egin ostean bazkaltzeko iluntzerako iritsi ginen gure lehendabiziko geldialdira: Burjassot. Bertako Bassoteko kide Mercérekin elkartu ginen eta etxe bateko giltzak utzi zizkigun laurok bertan gera gintezen. Astia genuenez, erosketa txiki bat egin eta herria ezagutzeko parada izan genuen.
Irailak 3
Kontaktuak eginda, kontrapartidekin hitz eginda eta programa betea, abian gara! Paternan ekin genion gure ibilbide programatuari. Memoria historikoari buruz jardun zuen hizketan bertako Macek. Hilerria eta ingurumariak bisitatu genituen berarekin, eta datu eta zifra dantza gora behera, Espainiako Gobernu errepublikazalearen aurka emandako 36ko estatu kolpearen ondorioz sortu zen gatazkan, Paterna izena odolez idazten hasi ziren. 1939an jausi zen Paterna tropa faxisten eskutan, gatazkaren hasieratik 44 bonbardaketa jaso ostean. Babesleku izandako bertako eskola eta komentuak frankismoaren kartzela bihurtu ziren, eta hala izango ziren luzaroan. Sarraski gune izango zen Paterna 1956ra arte. Bertako hobi komunez hitz egin zigun Mac kideak, eta emandako datuak oilo-ipurdia sortzeko modukoak dira. Errejistroaren arabera, gutxienez 2238 pertsona fusilatu zituzten bertako hilerriaren aldamenean dagoen tiro-zelaian. Ondoren, hilerriko hobi komunetan ehorzten zituzten, batzuetan lau eta baita bost egun ezberdinetako jendearen gorpuak pilatzeraino hobi berean. “Sakak” egiten zituzten; horrek esan nahi du, gauean joaten zirela izen zerrenda batekin, izan zitekeena seikoa edo zortzikoa, baina baita berrogei edo berrogeita hamar pertsonarainoko sakak ere. Eraildakoaken %95a gizonezkoak ziren, helduak gehienak, nahiz eta 16 urteko gazteak ere hil izan zituzten. Gaur egun 400 bat gorpu lortu dute familiei itzultzea, eta azken urteotan diputazioa eta udalak hasi dira gorpuen identifikazio prozesuan laguntzen, finantzatzen eta abar. Baina urte askoan, egin diren lanak memoria lantzen duten elkarteek eta familiek egin behar izan dituzte, autonomoki eta inolako babes instituzional eta ekonomikorik gabe.
Mac agurtu ostean, Valentziara abiatu ginen CSO L´Horta gune autogestionatua bisitatzera. Bertara ailegatzean, Omarrek, kontrapartidaren kontaktuak, harrera egin zigun eta L´Hortako funtzionamenduari buruz egin genuen berba gunearen leku desberdinak ikusten genituen heinean. Hilabetean bitan egiten diren asanblada orokorretan erabakitzen dira gai garrantzitsuenak; hala ere, hainbat lan-talde dira sail bakoitzaren arduradunak: baratza, ludoteka, entsegu lokala, bizikleta tailerra, boxeo taldea edota serigrafia tailerra. Aipatu beharra dago lantalderik gabe funtzionatzen duen doako arropa biltegia. Baratzean giro anitza arnasten zen, hainbat adinetako Benimacleteko auzokide ugari ailegatzen baitziren haien lur zatia lantzeko.
L’Horta 1989rako okupatuta bazegoen ere, eta aldi ezberdinak pasa ditu, eta ez du erabilera sozialik izan azken urteotara arte. Presentzia nabarmena hartu du gunean PAI delakoak. Azken batean Euskal Herrian ondo ezagutzen ditugun auzo “gatazkatsu eta degradatuak” nola bergizarteratzen diren, dela Gasteizko alde zaharreko PERI, dela Bilboko hainbat auzoren berriztapenak. Auzo identitateak deuseztatzea, etxebizitza eskubidea are gehiago pribatizatzea, auzo popularrak elite batzuen eskuetan jartzea, postalak sortzea auzo bizitzaren erailketa suposatzen badu ere. Urbanizazio prozesu basatiak, dinamika sozialen erauzketa errotik. Horixe suposatuko du Benimacleten dauzkaten eraikuntza asmoak gauzatzen badira. Horren aurkakotasuna artikulatzeko gunea ere bada L’Horta. CSOtik ateratzean, Benimaclet auzoa ezagutzeko aukera izan genuen. Terra Taberna, hamaika ekimen sozial eta herrikoi egiten eta jorratzen dituen gunea, tamalez, itxita zegoen eta auzoko beste taberna batean bertako auzokideekin berba egiten egon ginen.
Irailak 4
Gosaldu eta gero, indarrak berriro hartuta eta majo gosalduta, Castellórako bidea hartu genuen. Bagenekien egun luzea geneukala aurretik. Kontrapartidarekiko lehen kontaktua Graoko portuko langileentzako jantoki izan zenean egin genuen, Toni eta Paurekin. La Cosa Nostrako kideak biak ala biak –gero azalduko ditugu horren nondik norakoak-. Elegante bazkaldu ostean, La Cosa Nostran elkartu ginen, segidan aire erasoen kontrako babeslekuak bisitatzeko. Ez da herri txikia Castelló inondik inora. Bere garaian 30.000 biztanle zituen, eta orduan ere ez zen txikia. Egun, 170.000 biztanle inguru ditu. Erdigune guztia, alde zaharra eta gehiago, Herbereetako gazta balitz legez dago zulatua, eta jendeak ez daki. Aire erasoen kontrako babeslekuak dira. Ez da denbora larregi bertako plaza nagusietako batekoa egokitu dutela. Doako bisita, ezin ordain genezakeen lagunen azalpenekin asebetea, interesa eta ardura duen jendea, garaiko errealitatearen nondik norakoak azaldu zizkigutenak, jende politizatua, bestelako hirigunea ere erakutsi ziguna. Non dagoen zeramika errepublikar disimulatu bat, non bota zuten familia bateko aita akabatu zuen bonba, nola lau seme-alaba eta emaztea zai egon ziren babeslekura ate ezberdinetatik sartu zirelako eta aita ez zelako iritsi, ez zelako iritsiko. Tuneletan barrena ibili ostean, azken aretoan bideo bat ikusteko parada izan genuen. Bideoaren lehendabiziko erdiak, oilo ipurdia jarri zigun eta malkoak aterarazi, negar eragin. Imajinatzea bera zer den bonben mehatxupean egotea, herria, auzokideak, tunelak eraikitzen jardutea, erlojupeko batean eta etengabeko mehatxuan, hegazkinak zibilak garbitzera noiz etorriko. Paternan kontatu ziguten historiak berriro ere hartzen du zentzua, atzera ere gorpuzten da, handitu eta are beldurgarriago bihurtzeko. Ze ostia, nola egin ditzake gizateriak horrelakoak? Nola aurki dezake bere burua haur batek defentsa zibilerako zuloak egiten etxe parean duen kalean bertan? Nolatan egiten ditugu Euskal Herrian oraindik armagintzako lanak? Nola bidaltzen ditugu Bilbotik Saudi Arabiak jendea akabatzeko erabiliko dituen armak? Ez al dugu deus ere ikasi? Horrelako galderak buruan, baina errealitatera buelta, frankiziaz eta mendebaldeko kate komertzialez beteriko plazara atera atzera. Sartu ginen lekutik ehunka metro batzuetara.
Arratsaldean, Casal Popularrera bisita. La Cosako kideekin hau ere. 2016ko uztailean okupatu eta autogestioa oinarri izanik kudeatutako espazioa, baina ez dago gaztetxerik Euskal Herrian honek zeukan garbitasun eta txukuntasun mailarik duenik. Badirudi zikinak direla gaztetxeak esaten ari garela, baina baita zera ere, gaztetxekideak gara, baina guztiok konpartitu genuen inpresio berbera. Flipa kaiman. Kolektiboek materiala gordetzeko atonduta daukaten gelan hautsik ere ez zegoen, eskua altxa dezala bere herriko gaztetxean horrelakorik aurkitu duenak. Baietz 0. Aurrera darraigun, ez gara etxekoa esplikatzera etorri eta. Bertan egiten diren hainbat ekimen ezagutu genituen asanbladako kide Jorge eta Pauen eskutik. Auzo baratza martxan jartzekotan, bilera gela, kolektiboek erabil ditzaten atondutako espazioak eta abar. Geroxeago, Cosa Nostrara bueltatu, hemen ere mundua txikia da eta, bertako kideek bertaratzea zeukaten deituta. E, tu, que vienen los vascos, que avui sopam a can nostra. Kalera mahaiak atera, kalea gurea ere bada, eta lagun giro ederrean afaria eskaini ziguten, baita beraien kolektiboaren eta nondik norakoen inguruan majo kontatu ere. 12 urte badirela gunea sortu zutela, CNTko lokala aldamenean dagoela baina bizitasun handirik ez duela hark, kontzertuak, hitzaldiak eta abar egiten dituztela… Baina batez ere elkargune bezala darabiltela, eta jarduera anitzetako jendearen erreferentzia gune izateak ematen diela indarra eta zentzua, jende antifa, emakume taldekoak, memoria historikoa lantzen dutenak, herrigintzakoak eta agroak… Batera, eta norantza berdinean, elkarrekin, fem nació. Eta aurrera doa, baita gu ere.
Irailak 5
Ura espekulazio iturri. Hitz gutxitan elegante borobiltzen da Siurana ibaiarekin gertatzen dena. GEPECeko kide Santik ezin hobeto azaldu zigun bai perspektiba historikoa, bai borrokaren zergatia, bai zertan diren. 1948an, frankismo betean, presa eraiki zen, eta uraren kudeaketa eskubidea ukatu zaie geroztik. 1970an ura Reuseko industria gunera eta hirigunera bideratzeko kanala eraiki zen, eta geroztik ur emaria hutsaren hurrengoa izan da errekan, horrek izan duen eraginarekin berez despopulazio latza jasotzen ari zen eskualde batean. 200 litro segunduko eraman beharko lituzkeela sinatuta dago CHE Confederación Hidrográfica del Ebrorekin (ura kudeatzen duen espainiar ministerioaren erakundea); atzo 20 eskas zeramatzala kalkulatu zuen Santik paretatik ateratzen zen emari apurrari beha. Badakite ura desbideratzen dela, nahiz eta parte handi bat zertarako erabiltzen den jakin ez. Sekretismo latza dago honen inguruan. Badakite tutu baten bidez bailaran behera dauden hiru herri hornitzen dituztela, urak berezko bidea egitea eta herriotara ibaitik iristea askoz logikoagoa litzatekeenean berez. Badakite ura galtzen dela alferrik, baita Reusen bertan 300 litro isurtzen direla itsasora segunduko, eta horren %20a Siuranatik datorrela. Absurduaren aurkako borroka antidesarrollistak. 2016ak mugarri bat jarri zuen, euri jasa handi baten ondorioz presak gainezka egin zuen arren, bailarako herrietara iritsi ez zelako, eta kontzientzia asko pizteko balio izan zuen. Informazioa zabaltzetik ekintza zuzeneraino, hainbat eragile herritar zein instituzionalek dihardute uraren kudeaketa bailaran gera dadin borrokan.
Eguna borobiltzeko, errekastoa bezain bihurria den bide batetik Falsetera joan ginen. Eskualde horretara itzultzeko gogoa buruan, bertako paisaia zoragarria baita, Serra de Monsanten altzoan mendi, baso, mahasti eta frutarbolak. Falseteko Casal Carrascleten bertako CUPeko kideek harrera goxoa eta afaria eskaini zizkiguten. Lokal txikia da, baina interes politiko berberak dituzten herritarrak biltzeko ezinbesteko gunea, jende gutxi eta sakabanatuta bizi den eskualdean, mendiaren beste aldean.
Bidaia zirraragarriari ekin genion, badirudi Burjassot lekutan dagoela, egun eskas batzuk baino pasatu ez diren arren. Indartsu, pozik eta batez ere esker onez aurkitu ditugun kide eta lagunen arreta ezin hobeagatik, iparralderantz goaz. Valls, Baix Llobregat, Manresa… zain dauzkagu. Eskuminak eta laztan bana, ezagutu ditugun lagunei, Euskal Herrian zain dauzkagunei eta etxean behar luketen borroka kide guztiei! Salut i visca la terra!