Herrialde Katalanetako brigadaren 2. kronika

Erabiltzailearen aurpegia Askapena Aiaraldea 2019ko ira. 18a, 07:00

Beñat Ereño Naranjo -ezkerrean- bidaiaren une batean. / Askapena

Beñat Ereño Naranjo laudioarra Herrialde Katalanetan dago Askapenako brigadista bezala. Bidaiaren bigarren kronika plazaratu dute.

Irailak 6

Egun luzea aurretik, gai batetik bestera saltoka goaz, eta agenda betea geneukan barikuan. Goizean Vallsera iritsi eta kontrastea ez da txikia, mendi inguru eta erreka zuloetatik herri handi batera baikoaz, Falset edo Els Guiametsen aldean galant askoa. CoopCampseko bulegoan ekin genion egunari, bertan beharrean diharduten Gerard eta Taisek egin ziguten harrera. CoopCamps eskualdeko zenbait kooperatiba biltzen dituen organoa da, eta hauei aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete, baita laguntza ere kooperatibak formalki osatzeko. Garai batean Grupo Mondragonekoek izan omen zituzten baloreak bihotzean –hau gure hausnarketa da, aipatu baldin bagenuen ere, ez da eta beraien erreferentea- jendearen bizi eta lan baldintzei so, herritarren bizi eta lan proiektuak sostengatzen dituzte. Besteren artean bertako kide diren Saurines ikus-entzunezkoen kooperatiba, Eixam arkitektura estudioa eta abokatuen bulego bat bisitatu genituen, alde zaharrean guztiak. Azken honetan esaterako, neska bat aritu da lanean autonomo bezala, eta orain beste mutil batekin batera kooperatiba gisara egituratzeko bidean daude, CoopCampsen laguntzarekin. Ostean auzoko bi eraikin huts barrutik ikusi genituen. Sentsazio berberak trabestu zigun bizkarrezurra: okupazioa, atea bota eta barrura. Alpargata eta zapatilak egiten zituzten bertan, eta arrastoak agerian zeuden oraindik, ordenagailu zaharrak, zapata kutxak, artxibadoreak zein Barçako 90eko posterrak nonahi… Baina hau ez da okupazioa, etxebizitza proiektu kooperatibista baizik!

Herrialde Katalanetako brigadaren 2. kronikaMerkatuaren logikatik at, hainbat familia eta norbanakok –eta gehiagoren beharrean dabiltza- eraikina erosi dute eta berriztu egingo dute etxebizitzak egiteko, baita Ateneu bat beheko solairuan ere. Baldintza eta prezio duinetan, modu horizontalean eta auzokide izango diren pertsonen artean erabakita, 20 bat etxebizitza egingo dituzte bertan. Coop57, serveis financiers éticas i solidaris, proiektua babestu duen Bartzelonako entitate herritarra da dirua aurreratuko duena, eta X urtetan zehar etxeen jabeek hileko kuota batekin diru hori itzuliko dute. 2022 edo 2023rako bukatuta eta bertan bizitzea espero dute. Inguru sozial berean eta antzeko ideologiarekin, ardura berberak dituzten jendearen arteko sinergiak batu dituzte, eta aurrera doaz hauek ere, etxebizitza eskubidea bermatzeko bestelako bideak urratzen. Zinez proiektu interesgarria begitandu zitzaigun.

Eguneko kronika larregi ez luzatze aldera, auzoa nola utzi duten degradatzen, nahiz eta balio historiko handia izan, azaldu zigun bertako CUPeko kide Luk, eta Casalean elikadura kooperatibaren nondik norakoez zein espazioaren beraren sorreraz eta bilakaeraz –CUP erreferente lanketa guzti horretan ere- ezagutu genituen urteetan herrian doako lana egiten ari diren lagunen eskutik.

Ezin aipatu gabe utzi Vallseko Collak. Castellersak Vallsen sortu ziren duela 230 urte inguru, Principat osoan zehar zabaldu direnak. Irakurketa soziologiko luzerako emango luke… Esango duguna da, Hondarribiko alardeen gaixotasun mailara ailegatu barik, bateko eta bestekoen artean tirabirak dituztela. Casalean debekatuta dago horri buruz hitz egitea, CUPeko zerrendak osatzerakoan txandakatu egiten dituzte bateko eta besteko kideak… Era berean, entrenamendu bat –ez dugu esango zeinena- ikusteko parada izan genuen, eta herri komunitatea indartzeko izugarrizko potentziala daukala iruditu zitzaigun. Dozenaka, ehunka pertsona elkarlanean, kolore berbera soinean, helburu beraren xerka, eta bospasei urteko neskatila zazpi giza-pisu gora, igo agurtu eta jaitsi. Isiltasuna, errespetua, elkarlana… bere kontraesanekin, generoari dagokionez nola ez, eta beste, baina non ezin aurki ditzakegu bada kontraesanak? Liluratu egin gintuzten, zorionak, eta aukerarik baduzu irakurle, ikusi Castellersak.

Irailak 7

Esplugesera iritsi orduko jesarri gintuzten, lehendabizi errepresioak Baix Llobregat nola kolpatu duen eta gero gerokoak. Eskualde honek kriminalizazio gogorra jasan baitu 2017ko urriak bateko autodeterminazio erreferenduma egin zenetik. CDRak, irakasleak, militantzian dihardutenak bestelakoetan. Edozein izan daiteke errepresalitua, hori da estatuak eskualdeari argiro bidali nahi dion mezua.

CDRak Catalunyako –ez Païsoseko- eragile garrantzitsuak izan dira azken hiru urteetan. Comites de Defensa del Referendum, gero Comites de Defensa de la Republica. Kontrabotere egitura herritarra, Mossoak ezin ailegatu diren edo ailegatu nahi ez duten espazioetan nazio catalanaren eskubideak defendatzeko desobedientzia zibilaren bidez. Egin zuten lehen ekintza koordinatuak guztia geldiaraztea helburu, 175.000 herritarrek hartu zuten parte La Directa egunkariaren arabera. CDRek egin duten garrantzitsuena baina, politizatu eta antolatu gabeko herritarrak antolatzea izan da. Horrek positibotik asko dauka, izugarri, nahi genuke gure herrian eskubide zibilen defentsan hainbeste jende antolatuta ikusi. Baina militantziara iritsi berri izateak arriskuak ere baditu, eta espainiar estatua da etsaia, munduko argiena ez beti, baina boteretsua oso.



Adri eta Tamara Esplugeseko CDRko kideak dira. Militantzian hasiberriak ziren Guardia Zibilak etxeko atean agertu zitzaizkienean, CDRak izan ziren beraien lehendabiziko esperientzia militantea, eta sare sozialetan larritasun gehiegi gabe komunikatutako informazioa dela medio, haien kontra jotzeko aitzakia asmatu ahal izan zuten, Marroia izenarekin eta Terrorismoa abizenarekin. Etxeko atean goizeko zazpietan, Adrik ihes egin ahal izan zuen bere etxeko balkoitik –Bruselan dago, bizitza publikoa egiten duela urtebete, eta ez du atxilotzeko euroagindurik, baina bilaketa eta atxilotze agindua dauka hemen-, eta Tamara bahitu eta Madrilera eraman zuten. Etxea hankaz gora jarri zieten eta operazioa justifikatzeko sasifrogak bilatzen aritu ziren. Argi azaltzeko, Adriren etxean aurkitutako kordel batzuk metxatzat jo zituzten atestatuan. He encontrado trozos de cuerda. Apunta mechas. Eta amak, pero si son cuerdas! Apunta mechas, pikoletoak. Ez gintuen harritu, hauxe da eta errepresioaren doakotasun maila Països Catalansen ere, baina herritarrak asaldatu egin dira horrelako absurdu mailarekin. Demokrazia, justizia eta segurtasun lezio bat, estatu espainolaren estrategia antiterroristaren eskutik. Begiak irekitzeko balio dute horrelakoek, ezta? Martxelo Otamendi komisaldegitik atera zenean jende askok Euskal Herrian torturatzen dela ikasi zuen, hara hor.

Eskualdea bera kriminalizatu dute bereziki, Baix Llobregat, eta beste pare bat kasu gogorren berri ere eman ziguten. Estatuko bigarren Guardia Zibilaren kaserna handiena dagoen herrian, 1200 bat ikasle biltzen dituen eskolara doaz beraien seme-alabak. Principateko erreferendumaren kriminalizazio kanpainaren baitan bertako zortzi irakasle agenteen haurrak “umiliatzeaz” akusatu zituzten, eta Audientzia Nazioalak kasua onartu ez eta bueltan bidali ostean, epaileak artxibatu egin zuen. Akusazioak errekurtsoa aurkeztu du, eta kasua berriro irekiko den edo ez zain daude. Asteak egon ziren hedabide espainolekin eguna joan eta eguna etorri eskolako atarian, egunkari eta irrati estatalek edozer esan zuten haiei buruz. “Umiliatuak” izan ziren haurren artean, AGC Asociación de la Guardia Civil sindikatuko bertako bozeramailearen bi seme-alaba daude. Kasualitatea, seguru. Bertako beste bi militante aktibok ere pairatu dute errepresioa, izan ere erreferendumetik zenbait astetara Barcelonako Guardia Urbanako bi sekretek identifikatu baitzituzten Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren atxiloketa Alemanian salatzeko egin ziren mobilizazioen baitan. Froga lotsagarriak, poliziaren eskutik inolako koherentziarik gabe aurkeztuak, bertsio aldaketekin komeni ahala, defentsaren frogen onarpen eza, kontraesanak ugari, eta 6 urteko eta 2 urteko kartzela zigor eskaerak bi lagunentzat. Muntaia poliziala hasi eta buka, Euskal Herrian ondotxo esperimentatu diren estrategia errepresiboak militanteak zigortzeko eta biztanleria osoari mezu argiak adierazteko. Eta segi, baina Baix Llobregat eskualdean errealitatez blai jendea, ez al da ba hori errepresio sistematikoaren helburuetako bat? Ni un pas enrere, bi kideok aktibo jarraitzen dute, eta ezagutzeko eta beraien hitzetan aditzeko aukera eskaini ziguten. Salaketak izango du oihartzuna Euskal Herrian ere, eta mila esker, moltisima força!

Irailak 8

Manresa, herri handia da, Bages eskualdeko herri nagusia. Bertara ailegatu orduko, alde zaharreko plaza batean eseri gintuzten gutako bi CUPek diadaren harira antolaturiko hitzaldi batean parte hartzeko, berrogei bat entzule bai, els carrers seran sempre nostres. Esana ziguten nazio eraikuntza eta errepresioari buruz 15 bat minutuko hitzartze bat presta genezala. Hurbildu zitzaigun neska bat, eta gero galdera batzuk egingo zizkigula… Tira, kazetaria izango da. Bai zera! Mahaian eseri gurekin, eta moderatzailea bera! Hankaz gora gure eskemak, baina behintzat errepresioari eta Askapenari loturiko gaiez jardun genuen, Euskal Herriko egoeraz, Arraneko eta CUPeko kide banarekin batera. Lau gizon eta emakume bakarra, kazetari/moderatzailea bera. Beste kolektibo batzuek ere parte hartu behar zuten, baina ezin izan zuten azken momentuan, eta aski maskulinoa zen hizlarien presentzia. CUPeko kideak hitza hartu orduko adierazi zuen bere desadostasuna, jakin izan balute emakumezko bat joan izango zela CUPen izenean edo ez zutela parte hartuko. Azken ordukoak medio, atzera bueltarik ez, eta aurrera, baina puntualizazio bikaina bere eskutik. Plazan hitza hartzeko erraztasuna izateko heziak izan gara mutilok, eta hautsi beharreko logika patriarkalak dira. Txikitik handira, presente izan beharreko adierazle, mikromatxismoak. Gu, lau mutil izaki, marjina gutxirekin… Gatazka hau alde batera utziko dugu kronikaren segitzeko, interesgarria izan zen eta jendeak gogotik entzun zuen hiru eragileek esateko zeukatena.

Arran ezker independentistako gazteekin topaketa ostean, eta bazkari goxoa bertako kide Catiren etxean, arratsaldean PAHC Plataforma de Afectades per la Hipoteca i el Capitalismeko asanbladan izan ginen tarte batez. Emakumeentzako alfabetatze eskolak, aholkularitza soziojuridikoa gutxieneko beharrizanak (eskolaratzea, etxebizitza eskubidea…) bermatzeko, blokeen okupazioa eta atontzea, beharra duten familiek, eta etorkinek, eta errefuxiatuek eta bestek, ahalduntzea, dagozkien eskubideekiko kontzientzia hartzea, haurrentzako espazioak sortzea. Lan ikaragarria, antolaketa demasa, kontraesanak ugari, asistentzialismoa ekiditeko beharra, batzuetan eztabaida sakonak ekarriko dituena, baina behar larria bertan, eta nahi beste eztabaidatzeko astirik ez, orain eta hemen, ondo ala gaizki, tira aurrera. Hunkitu gintuen, eta miresmena sortu zigun, zer nolako lana darabilten esku artean, eredu bikaina edonola ere. Zer pentsatu ugarirekin, giro informalean asanbladaren ostean hitz egin genuen, Manresako Casaleko hainbat kiderekin. Antolakuntza eta borroka, asko lor daitekeela argi ikusi dugu, bidea hori da hanka sartu eta hobetzeko, asmatu eta garaipen txikiak eskuratzeko.

Intentsitatea gora doa, nazio oso bat ezagutzen ari gara eta parekotasunak eta aldeak gora-behera, irakaspenez irakaspen goaz. Eredu berriak, borrokatzeko eta antolatzeko zenbat modu! Eta batez ere, harrera ezin hobea guztien eskutik, ezin gara harrera egin digun inoren izena goraipatzera ausartu, antolakuntza aldetik ere bikain… Ondorio argi bat bederen badugu, zorretan gaudela eta beste horrenbeste Euskal Herrian eskaintzeko gai izan behar garela. Dos pobles, una lluita! Garaipenera arte, Sabadell eta Barcelona, herri txikietakoontzat munstroa, Diada… dauzkagu zain. Zirraragarria izango da seguru. Baina zer, sinetsi dezagun etorkizuna gurea dela, sinistu ta txipittu! Laster arte!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide