Herrialde Katalanak: Azken kronika

Erabiltzailearen aurpegia Askapena Aiaraldea 2019ko ira. 25a, 07:00

Beñat Ereño -eskuman- bidaiaren une batean. / Askapena

Beñat Ereño Naranjo laudioarra brigadista moduan egon da Askapenarekin Herrialde Katalanetan. Bidaiaren hirugarren eta azken kronika plazaratu dute brigada horretako kideek.

Bi egunotako kronika bateratuko ditugu. Udalgintzan diharduten CUPeko eta COS Coordinadora Obrera Sindicaleko lagunekin egon ginen egunotan, eta haien lanaren zein elkarlanaren nondik norakoak azaldu zizkiguten Navasen –non CUPeko alkatea daukaten, bigarren legengintzaldiz- eta Sabadellen –hemen izan zuten alkatetza aurrekoan, beste alderdi batzuekin koalizioa eginda, baina orain PSC dago ERCren babesarekin-.

Irailak 9 eta 10
CUP udalgintzarako propio sortutako herri plataformek osatzen dute. Ez da alderdi politiko tradizionala egitura eta lan egiteko moduari dagokionez, tokian-tokian antolatzen da. Zein eragilek parte hartzen duten, zein norbanakok, zein ingurune sozial edo geografiko den… Prioraten zein Vallsen, esaterako, argi kontatu ziguten CUPetik CUPera aldea egon zitekeela, eta batez ere CUP bakoitzak autonomia handia zuela erabakitzeko eta lan egiteko. Hau berretsi ziguten aipatu bi herrietan izan genituen bileretan.

Navasen Uriel gazteria, etxebizitza, ingurugiro eta sustapen ekonomiko zinegotziak egin zigun harrera. 6.000 biztanle pasa dituen herrian hirugarren legegintzaldia hasi berri du CUPek. CiUk luzaroan gobernaturiko herri honetan udalgintzarako mugimendua egituratzea parke publiko bateko zuhaitzak moztu izanak sustatu zuen. Herritar asko antolatu ziren desadostasuna agertzeko, baina aurreko udalbatza hark bereari eutsi zion eta zuhaitzak moztu eta bestelako azpiegiturak eraiki zituen, baita udal-agintaritza galdu ere, Urielek azaldu zigun legez.



Udalak besteren artean herriko memoria historikoa lantzeko egitasmoak garatu ditu, baita elikadura burujabetzari –haur eskola eta zahar etxea bertako produktuez hornituz, esaterako, edota baserritarrentzat aholkularitza zerbitzua eskainiz-, atez atekoari –eta PNVren erreferendum eskaerarik gabe, inposatuta eta jendea konforme!- zein etxebizitza hutsak alokatzeari loturikoak ere, besteren artean. Txikitik txikirako politikan, gauza interesgarriak egiten dituztela erakutsi ziguten.

Bazkaltzera Bergara joan ginen, herri hain txikia ez, baina alde zahar xarmanta daukana. Aldapa pikoan guztia, eta goian geratzen diren etxeetariko bat Ateneu Llibertari da. Gaztetxe klasikoa nolanahi ere, barruan topatu genuen jendeak eta espazioaren estetikak argiro sentiarazi zigutenez, egia esan. Oilasko eta untxi paella bikaina jan genuen, bertakoekin berriketaldi lasaian, eta Radio Pinsania irrati librean elkarrizketa egin ziguten gero, Askapenaren twitter kontuan esteka aurki dezakezuena interesik izanez gero. Bertako Casalera itzulia iluntzean, ezker independentistako hainbat kiderekin hizketaldia izateko, eta egun luzea bukatutzat eman genuen. Sabadell zain hurrengo egunean, Bartzelona munstroa kasik bistan bertatik, mendialdea erabat atzean laga eta porlanetara salto.

Sabadellen langile eskubideak eta bertako CUPen eta udalaren nondik norakoak ezagutu genituen. COS Coordinadora Obrera Sindical-Secció Ajuntamenteko kideekin elkartu ginen goizean goiz -edo ez hain goiz, bueltaka galduta, eta gero bueltaka ezin aparkatuta tarte elegantea eman ostean. Porlanezko logikaren ajeak, brigada berandu eta kontrapartida urduri-. COS sindikatu txikia da, Països Catalans osoan presentzia duena, baina berau txikia da oso, zelulatxoak han-hemenka baino ez. Sabadelleko udaletxean zehazki, CCOO eta UGTren jardunarekiko zenbait langileren desadostasun sendoak, eta kasualitateak hauteskunde sindikalak atzeratu izanak –antolatzeko eta zerrendak osatzeko aukera eman zienak- saretzeko aukera eman zien, eta lehendabizikoz aurkeztu ziren. 1.700 behargin biltzen ditu Sabadelleko udaletxeak; ba hirutik batek COSi eman zion bozka, eta CCOO irabazi bazuen ere, UGT hirugarren utzi zuten delegatuen banaketan. Oraindik ere lortu duten garaipenari neurria ez diotela hartu kontatu ziguten, jendeak berehalako aldaketak nahi dituela eta hori ezin dela… Garrantzia handia ematen diotela batez ere antolaketaren horizontaltasunari, eta nola horrek beste denbora batzuekin lan egitea eskatzen duen, CCOO eta UGT bezalako erakunde bertikalen aldean askoz motelagoak.



Eguneko bigarren eta azken zita udaletxean bertan izan zen –COSen lokaletik gentozen- Matias alkate ohi eta zinegotziarekin eta CUPeko liberatu Sandrarekin. Ordura arte ezagutu genituen errealitate sozioekonomikoen logiketatik at dago Sabadell, eta CUPen udal proiektua eta estrategia, lehentasunak… ezberdinak dira oso, Bartzelona bertan daukan ia 210.000 biztanledun hiria. CUPen noranzko ideologikoa presente izan dugu bidai osoan zehar, Navasen eta Bergan bertatik bertara ordezkaritzekin ezagutu duguna. Argazki soziologikoa izan zen akaso hein batean, CUPen politika bera baino, Sandrak eta Matiasek azaldu zigutena. Frankismo betean industriguneetara jotako belaunaldiek hazi dute Sabadell, haiek eta ondorengoek. Katalanismoa nolabait, CiUren, eta burgesia katalanaren parekotzat jo izan duen nukleoa, hizkuntza bera joera horrekin identifikatu duena, auzune periferikoetatik erdigunera alde handia daukana. Baina horren baitan ere, Matiasen hitzetan, Principataren independentzia ez, baina autodeterminazio eskubidearen aldeko gehiengo zabala, %70 edo 80koa. CUPera edo ildo independentistara abertzaletasunetik ez, baizik eta ezkertiartasunetik hurreratu diren belaunaldi berriak ere. Gurean berbera ez den bezala Ondarroako edo Hernaniko tradizio karlistatik sortu den abertzaletasuna edo Sestao edo Santurtziko ezkerraldekoa, erradikalak hauek ere bere izatean, eboluzio arras ezberdinak bizkarrean. Espainia, España, Espanya, herrien kartzela, apurtu behar dugula ulertzen dugu, etorkizun komuna gura dugu, kate horietatik at. Crida koalizioaren izenpean eskuratu zuten indepeek alkatetza aurreko legegintzaldian, Matias buru. Orain PSC dago Sabadellen, ERCren babesarekin.

Euskal Herriari dagokionez, bederen, zer pentsatu handiena eman digun kontuetarikoa ERCren rola izan da. Eta ERCrekin EH Bilduk dituen harremanena, Europar Parlamentura eskutik helduta joan baitira. Sarritan aditu ditugu kontrapartidetako kideak ERCren eskuinerako norantza salatzen, nola independientziarako bidean askok ERCren hegemonia politikoa bereganatu nahia traba nagusitzat ikusten duten, eta nola diskurtsiboki zein praktikan politika pribatizatzaileak eta ez iraultzaileegiak darabiltzaten, eta batez ere nola CiUren hautesle askok ontzat eman duten egun ERCk darabilen diskurtsoa. Batzuei ez zaie gustatuko akaso, baina erositako prezioan saltzen ari gara hau.



Irailak 11. Diada eguna
Goizean goizetik, als carrers. Metroa lepo, jendea estelada urdinez eta kamisetaz hornituta erdigunera. Ekin genion egunari, ekingo bagenion, luzea izango zela jakitun ginelarik. Guillem Agulló Burjassoteko militante antifaxistaren hilketa 1993an gogoan, omenaldia egin zitzaion urtero legez, eta bertatik abiatu zen Arran gazte erakundearen manifestazioa. Eztarriak bero eta banderak airean, okupazio saiakera batekin eman zitzaion akabera. Saiakera diogu, bloke bat irekitzen saiatu baitziren zenbait lagun, adineko emakume batekin barruan aurkitzeko gero. Bertan ote zegoen edo norbaitek propio nahi izan zuen egun horretan barruan egon zedin gazteak sartzerako, bakoitzak pentsatu beza. Baina gentrifikazioaren salaketa eta beharra dutenentzat etxebizitza hutsak eskuragarri jartzeak duen garrantzia gogoan. Hainbat gazte erakundetako hizlariek eman zioten amaiera azken ekitaldian maniari, tartean Euskal Herrikoak. Eta handik…

Handik metro gutxitara Rescat kolektiboaren azken mobilizazio historikoa. Lola Lopez eta beste hainbat preso politikoren askatasuna aldarrikatuz pauso biziz, adin aldetik helduagoa zen jende andanarekin batean, euskal brigada ere bertan gindoazen. Diada honetatik aurrera Bartzelona Komandoko kide Lolari sostengua emango dion plataformak hartuko du lekukoa, eta Rescat, duela kasik bi hamarkada errepresaliatu politikoei sostengua eman dien erakundea amaitutzat eman zuten ekitaldi hunkigarrian, senitartekoak plaza zahar bateko –Ravalen- eskailera/oholtzan tente zirelarik beste hainbat kiderekin. Fins l’ultim rescat, borrokan jarraitzeko konpromisoa irmo, ez zen larregi ulertzen ziotena, haizeak ez zuelako laguntzen eta ekitaldi handietan darabilten edo darabilgun mailatik urruti zegoelako bertako soinu azpiegitura. Estilo kontuak eta antolatzeko moduak, baina mezua argia: etxean nahi ditugu guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide