Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust! Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Azkue Fundazioa 2017ko aza. 10a, 10:16

Azkue Fundazioak antolatzen duen musika txapelketako 2017ko bederartzigarren edizioan 15 taldek eman dute izena. Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.
Irailaren 22a eta urriaren 22a bitartean euskaraz musika sortzen duten taldeek Banden Lehian izena eman, euren datuak eta musika igo www.bandenlehia.eus era eta internet bidez botoak jasotzeko aukera izan dute.

Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian. Rock taldeak dira gehienak, baina pop, metal eta punk alternatiboa ere entzun daitezke.

Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeak hartu dute parte lehiaketan. Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako musikariak diren arren, Nafarroako talde bat ere badago aurten, Berakoa, hain zuzen ere.

Epaimahaia Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalezek (Last Tour International) osatzen dute.

Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! Aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek.

Talde finalistak hautatzeko lanetan aritu diren epaimahaikideek aurtengo maila oso altua izan dela azpimarratu nahi izan dute. Hiru talde aukeratu behar izan dituzte eta zaila izan da azken erabakia hartzea. Izan ere, oso lehia estua izan da, kalitate handiko proposamenekin.

Hiru finalista horiez gain, publikoak ere izan du bozkatzeko eta iritzia emateko aukera. Galdakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena Banden Lehiako web orrialdearen bitartez egindako bozkaketan, 10.612 botorekin.

Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izango dute berriro ere Azaroaren 24an Bilborocken ospatuko den finalean. Epaimahaikideak ere bertan izango dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izango den erabakitzen.

Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak kontzertua eskainiko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide