Bilbon erroldatutako 13 eta 16 urte bitarteko gazteek youtuber izateko hiru ikastaro izango dituzte aukeran, ekainean. B-Tuber izeneko egitasmoaren barruan Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak elkarlanean bultzatutako ekimena da eta ekainaren 25etik 28ra bitartean egingo dituzte saioak, Bilboko Euskararen Etxean.
B-Tuber egitasmoaren helburu nagusia da euskarazko bideoen sorkuntza bultzatzea eta horretarako formazio saio horietan youtuber plataforma zer den eta euskarazko bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko gomendioak eskainiko zaizkie gazteei. Ane Atxutegi youtuberrak gidatuko ditu saioak. Ikastaro praktikoak eta dibertigarriak izango dira.
Bi eguneko eta launa orduko ikastaroak izango dira. Lehenengo saioan youtube kanal bat zer den ikasiko dute gazteek eta youtuber ona izateko gomendioak jasoko dituzte. Eduki, maiztasun, genero edo eredu kontuak landuko dituzte. Grabaketa egokiak zelan egin ere ikasiko dute. Saio amaieran nork bere youtube kanala sortuko du. Bigarren egunean bideoak grabatzen, editatzen eta kanalera igotzen ikasiko dute gazteek. Gainera, Twin Melody ahizpen esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.
Ikastaro horietan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 8ra arte. Ez ahaztu formularioa betetzea. Formularioa bera zein eskaintza honen inguruko argibide gehiago eskuragarri dituzue azkuefundazioa.eus atarian, B-Tuber izeneko sarreran.