Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehia musika txapelketaren hamargarren edizioa bukaerara iritsi da. Hamalau taldek eman dute izena aurtengoan, eta lau finalistak dagoeneko aukeratu dituzte. Epaimahaiak hiru talde hautatu ditu: Maruri-Jatabeko DEKOT, Azkoitiako ZIZEL eta Donibane-Lezoko NAU. Eta publikoak, 8.820 botorekin, laugarrena aukeratu du,BELATZ taldea.
Euskal musika sustatzea helburu duen lehiaketa da Banden Lehia. Musika talde amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.
Hamargarren edizio honetan aniztasuna izan dela nagusi adierazi dute antolatzaileek, bai jatorri aldetik eta bai musika estilo aldetik ere. Lehenengoari erreparatuz, Hego Euskal Herriko taldeez gain, aurten ere, iparraldeko talde batek eman du izena. Eta estiloari erreparatuz, askotarikoa izan da aurkeztutako taldeek jotzen duten musika estiloa: rocka, folka, industriala, metala, alternative punka, popa, countrya…
Finala azaroaren 17an, Bilborocken
Banden Lehia 2018ko finala azaroaren 17an izango Bilborocken, 17:30ean hasita. Aukeratutako lau taldeek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte, eta bukaeran irabazlearen berri emango dute.
Taldeek publikoaren laguntza behar izango dute, berriro ere, beraien aldeko botoak eskuratzeko. Era berean, epaimahaikideak ere han izango dira kontzertuak bertatik bertara jarraitzen.
Finala publikora zabalik izango da, eta lau talde finalistaz gain Haxotz, Larregi, Zazkel, Aneguria eta Ze esatek! taldeek kontzertua eskainiko dute, doan.