Duela denbora bat Aiaraldeak artikulu bat idazteko eskatu zidan, hasieran beldurra eman zidan arren, hemen nago idazten. Hain zuzen, nire beldurrari buruz idaztea erabaki dut: nola menperatzen nuen hizkuntza bat (hain aldakorra eta abstraktua den zerbait menperatzea posible bada) nire barruan hiltzea utzi nuen. Kostatu zait pausoa ematea, baina saiakera bera baliotsua dela uste dut. Ez dakit ondo edo txarto egingo dudan, baina egin nahi dudala badakit.
Hasteko, kontatuko dut zergatik, nahiz eta nire bizitza osoa D ereduan ikasi nuen, duela sortzi urte baino gehiago egon naiz elkarrizketa bat euskaraz izan gabe edo euskarazko edukirik kontsumitu gabe. Arazoa ez zen atzo hasi, ni oraindik jaio ez nintzenean baizik. Alegia, nire familia guztia Galiziatik dator, frankismoan etorkizun hobe baten bila etorri zirenak.
Familia askotan ohikoa den hori, nire nerabezaroan arazo bihurtu zen: hemen jaio nintzen arren, ezin nuen nire burua lurralde honetakoa ikusi. Hizkuntza erabiltzea niri ez zegokidan zerbait bezala bizi nuen. Ez nintzen “duin” sentitzen, nire odolean ez zegoela pentsatzen nuen. Hainbeste barneratu nuen pentsamendu hori, ezen nik neuk eraiki nuen hesi horrek euskara mespresatxera eraman baininduen. Inorena ez den lurraldean nengoela sentitu nuen. Orain, lekua izatea ez dela hain beharrezkoa eta aberririk ez izatea ere ederra dela ikus dezaket, baina orduan, nik benetan desio nuen pertenentzia sentimendu hori.
Gero, autoezagutzaren garaian, nire identitate queer-a beste oztopo berri bat bihurtu zen. Euskara ez zen nahikoa nire errealitatea izendatzeko, ez nire lagun eta berdinena. Ez dut esaten hori horrelakoa zenik derrigorrez eta baldintzatua negoela ikus dezaket. Hala ere, 2013an Euskal Herriko institutu batean egon den edozein marikak edo bollerak sentsazio antzekoa izango dute: Euskal identitate gazte bat jaio zen, politikoa eta koprometitua. Ez zen gehiago kontserbadorea ezta erlijiosoa, baina oraindik dinamika binario eta matxistetan oinarrituta zegoen. Garai hartan ez zegoen ez Aner Petitz ez Albina Starduten bezalakorik, gutxienez ez hain eskuragarri. (Txalo bero bat Otxoa, Andrea Muñiz Celestino, Francis, Lala eta askatazunez bizi zirenentzat).
Hain zuzen, horrelako pertsonak ezagutzeagatik ari naiz berriz ere euskara berraurkitzen eta berarekin adiskidetzen. Espazio LGTBIQ+ eta feministetan euskara ardatz nagusia zela ikusi nuen. Orduan ohartu nintzen hizkuntzaren edertasunaz ez bakarrik, baizik eta erresistentzia elementu bat dela ere. Euskara queerra zela iruditzen hasi zitzaidan.
Lehenengo “mila esker”, “gracias” baten ordez; gero Mikel Laboaren letrak arretaz entzun. Orduan hasi zen pertenentzia-sentimendu berri bat sortzen: jatorri eta aberririk gabekoa, borondate eta ahaleginatik jaiota baizik. Perfekzionismoa albo batera utzi, ulertu nuen hizkuntza artea dela, lurralde baten markoa, ez zientzia zehatza, ezta norbaitek jabetu dezaken zerbait.
Testu hau niretzat da, ez besteentzat. Froga eta sinbolo pertsonala. Nire ahuleziaren onarpena. Trakets egitea ere erresistentzia da, saiatzen jarraitzeko aukera irekitzen duelako. Ondo ez hitz egitea isiltasuna baino hobe dela ikusteak nire ikuspegia aldatu du: ez bakarrik euskarari buruz, baita bizitzari buruz ere.