25 urte igaro dira, Laudion Zubiaur kalean gure AEK Berbots euskaltegia ireki genuenetik. 25 urte, bai, 1998ko uda hartan, musika, adiskideak, poza eta algara lagun, Zubiaur kaleko “sasi plazatxoa” osatzen duen kale bazter honetan, gure euskaltegiaren hazirik maitagarriena gure bihotzen ongarriaz ondo horniturik eta elikaturik erein genuela.
25 urte euskara irakasten, edozein arrazoi dela bide, euskaldunon hizkuntza eta kulturara hurbildu nahi izan duen hainbat eta hainbat laguni. Eta gure hizkuntzarekin batera euskaldunon baloreak ere zabaltzeko aukera izan dugu urte hauetan guztietan. Eta balore horien funtsean, Gaztelugatxen ondoratu zen ontziak euskaldunontzat omen zekarren altxorra:
“…inor ez zapaltzeko gogoa,
zapalduak ez izatekoa,
hau da gure urguilua,
altxor guztien iturria…”
25 urte gure herria euskalduntze bidean sakontzen lagunduz eta herriko talde euskaltzale, erakunde publiko, eskola, enpresa eta abarrekin lanean, helburu hori errealitate bilakatu nahian.
Inork pentsa lezake 25 urte ez dela denbora nahikoa gurea bezalako lanean egindako aurrerako urratsak ganoraz neurtu ahal izateko. Baina 25 urteko perspektibak aukera ezin hobea eman liezaguke orain arteko bidean izandako okerrak, zein norabide onean egindakoak ebaluatzeko.
Eta perspektiba honetatik, nire barnean nabarien loratzen den sentimendua, harrotasuna da.
Harro sentitzen naiz Laudioko AEK euskaltegiak egindako bideaz ; harro nire alboan izan ditudan lantaldeez, eta egun dudan lantalde zoragarriaz ; harro, oso lan handia eginez gure laguntzaz euskaldun bilakatu diren ikasle ohiez, eta harroago hauetako askok gerora familia euskaldunak sortu izanaz. Eta harrotasun hau bermatzeko hamaika gauza gehiago aipa nezake. Ez dugu, dena den, denbora eta espazio materialik berrikusketa zehatza egiteko. Baina esan bezala, 25 urte hauetako ebaluazioan alde positiboak nabari gailentzen badira ere, bada euskararen irakaskuntzan eta hizkuntza normalkuntzan lan egiten dugun guziok kezkatzen gaituen zerbait. Euskara ikasten hainbeste pertsonari lagundu diogu honetan aritzen garen erakunde guztiek elkar lanean. Gaur egun, ikasle zein irakasle guztion ahaleginari esker, sekula egon ez den euskaldun kopura dago gure herrian; Baionatik Tuterara eta Enkarterrietatik Maulera. Gauza bera esan genezake Laudioko egoeraz. Baina zoritxarrez euskaraz aritzeko beharra eta euskaraz bizitzeko gogoa zabaltzen eta kutsatzen ez dugu asmatu. Ondorioz euskararen erabilera ez da ezagutzaren erritmo berean hazi eta ugaldu.
Horretaz gain, gainditzeke utzi dugun “irakasgai” hau era egokian eta ganoraz gainditu ahal izateko ditugun oztopoak ez dira makalak. Hizkuntza ofizialen egoera diglosikoa batetik eta etengabe izaten ditugun gure hizkuntzaren aurkako oldarraldi politiko-judizialek bestetik, ez digute bidea erraztuko.
Lan itzela dugu aurrean, honek, aldiz, ez digu inoiz kikildu. Orain 25 urte egun garen puntura heltzea ere, izugarrizko lan ikaragarria iruditzen zitzaigun; ezinezkoa hainbestetan.
Argi dugu, beraz, une hartan ereindako haziak 25 urteko zaintza eta mimoaz emankor izan baldin badira, aurrean dugun erronka horri ere aurre egingo diogula eta lanaren lanaz egungo asmoak errealitate bilakatuko ditugula.
Eta abagune honek ematen didan aukeraz baliatuz,eskerrak eman nahi nizkieke Laudio euskalduna ahalbidetu duten irakasle, ikasle eta AEK-kide guztiei. HARRO HERRI.