Nork ez zuen kanta hau ikasi txiki-txikitatik? “Kolpe kolpe kolpeka josi ta josi nik zapata”. Bada, kanta bai, baina josten ez dut oraindik ikasi, ez.
Hau paradoxa! Josten ikasi ez genuenok ere, orain josteko aukera paregabea daukagu Euskal Herrian.
Aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bertsoak josi eta josi aritu dira bertsolariak; puntuak, oinak, azken puntua … Urriaren erdialdean hasita, abenduaren erdira arte igandero izan dugu bertso saioez gozatzeko aukera.
Gure Esku Dago herri-ekimenak eskuak lotzeko aukera eman zigun ekainaren 8an eta oihalak josteko oraingoan. Momentu historikoa bizitzeko aukera izan genuen! Oraingoan Oihalak josiko ditugu eta beste momentu ahaztezina bizitzeko aukera izango dugu.
Berriro diot: zer diren gauzak! Josten ez dakigunok ere, josi ta josi gabiltza. Egunen batean gure herria “josteko” aukera izango dugun seinale ote? agian bai, beraz, ez dezagun aukera galdu, jos ditzagun oihalak, erabaki dezagun zer izan gura dugun!