Ikasturtearekin batera urteroko eztabaida mahai gaineratu zaigu eta honen harira, Euskal Eskola Publikoko Gurasoen Konfederazioak esan duenez, Euskal Herriko familiek eskatu dute etxerako lanak denbora zehatz batez izateko eta ez erabiltzeko gelan egin gabe geratutakoa etxean lantzeko.
Neuk ere zalantza ugari dauzkat nire egunerokoan. Maistra naizen aldetik, “ideala” izango litzateke lankideen arteko koordinazioa eta elkarrekin, eta aldez aurretik, erabakitzea zer/zenbat etxerako lan bidaliko dugun.
Oinak lurrean baina, ez da erraza jakitea saio amaieran zer geratuko zaien argi ikasleei eta zer ez; batzuek ariketa gehiago egiteko astia izango dute, beraz, etxerako lan gutxiago… Horrez gain, ez daukat batere argi etxerako lanak lagungarriak diren emaitza hobeak lortzeko, izan ere, PISA txostenaren arduradunaren arabera, astean etxerako lan orduen kopuruaren batez bestekotik gora bidalita ere, Espainiar Estatuko emaitzek, Hezkuntza- ranking ezagunean, porrot egiten dute. Hasieran bezala beraz, zalantzaz beteriko eztabaida mahai gainean uzten dizuet.