Sustraiak ondo errotuta ditu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak lurraldeko euskalgintza zein kulturgintza mugimenduan. Urteetako beharrak enborrak hazi eta fruituak be eman ditu: Bizkaia osoan ari gara Hezkuntza Arautuan, bertso-eskolak eta bat-bateko taldeak eskualde guztietan ditugu, eta plazak ere inoiz baino gehiago eta anitzagoak dira lurralde guztian zehar.
Hala eta guzti be, azken urte biak ez dira errazak izan Bizkaiko Elkartean. Txapelketa antolatu eta desantolatu ibili gara, gauzak ahalik ondoen egin guran eta, sarri, ezinean. Zailtasunak zailtasun, azkenean lortu dugu txapelketa ahalik eta normaltasun handienagaz egitea.
Gure mugimendua, baina, ez da bakarrik txapelketa, askoz gehiago da. Eta 2022rako hori daukagu buruan: plazak biziberritzea eta sustatzea. Aurten be gaztetxoenentzako Eskolartekoa eta BBK Sariketa izango ditugu. Era berean, Plazara! ere martxan jarri dugu, gazteentzako bertso zirkuitua; eta helduagoentzako, Taldekakoa izango dugu udaberrian gozagarri. Gehiago ere etorriko dira, baina begia hortxe jarriko dugu: plazak sustatu eta bertsoa kalera atera, ahalik eta formatu ugarienetan.
Azken urte biak ez dira errazak izan Bizkaiko Elkartean. Txapelketa antolatu eta desantolatu ibili gara, gauzak ahalik ondoen egin guran
Mugimenduari buruz ari gara, eta bertso-eskolen lana goraipatu gura genuke. Pandemia sasoian, sekula baino argiago ikusi dugu bertso-eskolek egiten duten beharra zein garrantzitsua den. Itxialdi ostean plazarik barik geratu ginen, eta lan itzela egin zuten eta egiten ari dira bertso-eskolak plazak berreskuratzeko eta bertsoa berriro plazara ateratzeko.
Garairik zailenetan ere indartsu eutsi diogu, eta orain berriro loratzeko sasoia dator. Elkarregaz bertsolaritzaren mugimendua indartzeko eta gozatzeko momentuak etorriko dira aurten. Plazak elkartuko gaitu!