«Esan daiteke toponimia eromen kolektiboa dela»

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2016ko mar. 17a, 08:52

Jon Rejado kazetariaren elkarrizketa:

Felix Mugurutza Montalban Euskal Filologiako lizentziatuak (Laudio, Araba, 1965) Toponimia: eromena ondare bihurturik hitzaldia eman zuen atzo, Gasteizko Arte Ederren Museoan. Arbasoek utzitako «altxorra» aztertu zuen.«Lurrarekiko harremana zeharo aldatu da mende batean; lehen, leku bakoitzak izen bat zuen, eta gaur egun, ez».

Zergatik da toponimia eromena?

Toponimiarik gabe ezin gara bizi. Milurtekotan zehar, gizaki garenetik, ingurua antolatzeko eta ordenatzeko erabili dugun sistema da. Gizakiok gara, animalia guztien artean, ahalmen hori dugun bakarrak.

Zergatik dugu ahalmen hori?

Hizkuntzarekin batera doa. Ahalmen hori baldin badugu, abstrakziorako gaitasuna dugulako da. Hori burmuinaren hiperfuntzioaren ondorio bat da; hau da, gaixotasun bat: eromena. Horri esker, erreferentzia egin diezaiokegu leku bati han egon gabe. Esan daiteke toponimia eromen kolektiboa dela; Paris aipatuta, leku zehatz bat etortzen zaigulako burura, eta ez beste bat.

Gizarteak eraikitako eromena?

Hala da, eta eromen hori erabiltzen dugu zenbait gai komun partekatzeko; bestela, ezin izango genuke funtzionatu egiten dugun moduan. Toponimia gabe ezin dugu lan egin; ezin izango nintzateke Gasteizera joan hitzaldia ematera.

Komuna bada ere, komunitate guztiek berdin islatzen al dute?

Bakoitzak bere modua izan du. Gurean, adibidez, euskara izan da, nagusiki; denetarik dagoen arren. Toponimia herri baten DNA da; bakoitzak berea du, eta ez dago elkarren artean trukatzerik. Milaka urtetan gure mundua ikusteko modua islatzeko izan dugun maleta. Aurreko belaunaldiek utzi diguten altxorra.

Altxor hori zaintzen al dugu?

Ez da edonola erabiltzeko zerbait. Trikuharri batekin edo erretaula batekin jokatzen dugun moduan jokatu behar dugu toponimiarekin. Ahaztu behar ditugu gure nahi pertsonalak; materiala ez denez, oso erreza da aldatzea. Horregatik egoten dira eztabaidak gure artean, eta horietatik kanpo utzi behar dugu.

Toponimiaren erabilera egin al daiteke?

Bai, bai, badaude horren adibideak.

Adibidez?

Villaescuerna herrian barre egiten zieten cuern hitzaren antzekotasunagatik, adarrak zirela eta ez zirela. 1916an, dekretu bidez, herrien izenak erregularizatu zituzten, eta Villabuena de Alava jarri zioten. Geroago, Franco hil eta gero, euskararekin identifikatu behar zenez, Escuerna berreskuratu nahi izan zuten; baina, hori ere barregarri izan zitekeenez, euskal itxura eman zioten: Eskuernaga.

Zergatik egiten da hori?

Txoko bat egiten dugunean bezala gertatzen da, baserri itxura ematen diogu... bada, antzeko zerbait da. Estetikan apur bat apaindu, eta aurrera. Aldendu behar dugu planteamendu interesatuetatik. Gure ondarearen barruan gehien barneratua duguna da toponimia.

Eta zeinek izan beharko luke irizpideak?

Fideltasunagatik, gure arbasoek ipini zuten izena errespetatu behar dugu. Toponimo baten hizkuntza galtzen dugunean erraza da desitxuratzea, baina horri ezin diogu zilegitasunik eman. Jatorrizkora jo behar dugu.

Aipatu izan duzu toponimoak ez direla berez sortzen. Zeren arabera sortzen dira?

Bitxia da, pista ematen digulako izena jarri zutenen mundua interpretatzeko moduari buruz. Toponimoak asmatzen dira, gehienetan, jakin gabe asmatzen ari zarela. Pertsona xumeenak eta aberatsik handienak sor dezake. Gizarte maila guztiak batu ditu. Azken mendera arte idatzizko informazioa oso gutxien eskura egon da, baina toponimia ez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide