Garoña ez dute berriz zabalduko. Hala iragarri du Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalek gaur eguerdian. Horretarako arrazoiak ere eman ditu. Batetik haren inguruan piztutako eztabaida politikoa eta alderdien arteko adostasun nahikorik eza —PP ez beste alderdi guztiek egin dute itxieraren alde Kongresuan—; eta bestetik, hura kudeatzen duten enpresek lehendik ere esan izana zentrala ez dela errentagarria, eta beraz, haren bizitza luzatzeko "interesik eza". Horretaz gain, zehaztu du erabaki hau soilik Garoñari dagokiola, eta ez duela eraginik Espainian zabalik diren gainontzeko zentreletan. "Garoña oso zentral txikia da, eta bost urte daramtza itxita. Berriz zabaltzeko baimena emango bagenu ere beste bi urte beharko lituzkete, eta inbertsio handiak".
2012an itzali zuten Garoña, eta 2013an bukatu zitzaion baimena. Ordea, Endesak eta Iberdrolak 2031. urtera arteko ustiapen baimena eskatu zuten, eta CSN Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak eman zuen onespena, baldintza batekin. Horretarako, hala ere, arauak aldatu zituen erakundeak. Izan ere, Garoñak ez zituen egin CSNk eskatutako hobekuntzak, argudiatuz zain zegoela haren iraupena luzetuko zutenentz jakiteko.
Era batera edo bestera, CSNren baimena jaso ostean, Espaniako Gobernuaren onespena behar zuen Nuclenorrek, nahiz eta azken hitza eurena izan. Hala, apirileko bileran atzeratu egin zuten erabakia, besteak beste, Endesak eta Iberdrolak akordiorik lortu ez zutelako. Endesak nahiago izan zuen uda arte itxaron, Espainiako Gobernuaren azken erabakiaren arabera zirt edo zart egiteko. Aldiz, Iberdrolak hasieratik esan du zentrala ez dela errentagarria, eta nahiago duela hura itxi.
Endesak energia nuklearraren gaineko zerga arintzeko eskatu izan du hainbatetan. Jomugan du 2013tik indarrean dagoen energia nuklearraren gaineko zerga. Horrek zentral nuklearren bideragarritasuna ezbaian jarri duela hausnartu dute Garoñako zentralaren bi jabeek. "Egungo energia politikak hasiera bateko negozio asmoak aldatu ditu".
Alde eta kontra
Artean, joan den astean amaitu zen zentrala irekitzearen aurkako helegiteak aurkezteko epea. Azken egun horiek baliatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, legebiltzarrak eta Arabako Aldundiak itxieraren aldeko argudioak aurkezteko. Elkarte ekologistek ere zentral nuklearra itxita edukitzea galdegin dute. Aldiz, Gaztela Mantxako Gobernuak jarraitzearen alde egin du, baita zentral nuklearretatik gertu dauden udalerrien elkarteak ere.