"Artzaintzak badu etorkizuna, baina asko borrokatuta"

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2018ko urr. 4a, 07:36

Jose Luis Urrutia. / Toñi Ayllon

Jose Luis Urrutia gidoilariari (Bilbo, 1958) Los últimos pastores de Sierra Salvada dokumentalaren grabaketari buruzko elkarrizketa egin dio Berria egunkariak. Filmatzen ari den dokumentalean, urtaroen arabera artzaintzaren aldi ezberdinak islatzea du helburu Urrutiak. Artzaintza tradizionalaren eta modernoaren arteko fusioa du oinarri.

Artzaintza txikitatik ezagutu arren, mundu ezezaguntzat zuen Jose Luis Urrutiak (Bilbo, 1958). Orain bi urte Los últimos pastores de Sierra Salvada (Gorobelgo azken artzainak) dokumentala grabatzeari ekin zion, lagun batekin batera. Artzaintza gehiago ezagutzeko gogoz, orain beste dokumental bat grabatzen dabil, Gorbeia mendialdean.

Esku artean duzun proiektu berriarekin, Gorbeia mendialdeko artzaintza grabatzen zabiltza. Azken dokumentalaren ostean, artzainen bizitza grabatzeko bulkada sentitu al zenuen?
Artzaintza txikitatik ezagutu arren, nahiko mundu ezezaguna zen niretzat. Azken dokumentala aurkeztu ostean, ordea, artzaintzaren mundu zirraragarria ezagutzeko aukera izan nuen. Sarri artzainaren jarduna bigarren maila batean kokatu arren, errealitatea bestelakoa da. Artzainak pertsona oso jakintsuak dira, zentzudunak eta langileak. Gainera, Amurrioko [Araba] eta Orozkoko [Bizkaia] herritarrek ere zerbait egiteko gogoa zuten aspalditik; euren asmoen berri eman, eta, lantaldeari komentatu ostean, produkzio lanarekin hasi ginen maiatzean.

Dokumentalaren oinarria artzaintzaren iragana, oraina eta etorkizuna da. Zein da publikoari helarazi nahi diozuen mezua?
Itxaropena, gertaera errealetan oinarritutako itxaropena. Artzaintza tradizionala desagertuko den arren, artzaintza ez da desagertuko. Egungo artzainek ardiak mendira igotzen dituzte, baina gaua etxean igarotzen dute. Beste askok hobekuntza genetikoetan egiten dute lan, ardien baliabideekin gehiago ekoizteko. Artzaintza tradizionala oinarri, egungo baliabideekin etorkizun errentagarriagoa lortzen dabiltzan artzainak dira nagusi; artzain eskolek ere horretan dihardute lanean.

Gainera, dokumentala bloketan grabatuta egongo da.
Blokeetan, artzainak urtaro bakoitzean egiten duen lana islatu nahi dugu; mendiko momentuak ez ezik, baserriko lanak ere kontuan izan nahi ditugu. Hilabete bakoitzean artzaintzaren zeregin ezberdinak islatuko ditugu; esaterako, martxoan, erditzeak.

Lehenengo blokea jada grabatu duzue, «eskarmentu handiko» artzainak elkarrizketatuta. Artzain bizitza tradizionalaren isla al dira elkarrizketatuak?
Bai. Euren ospearengatik elkarrizketatu nahi nituen artzain batzuk zeuden; esaterako, Jose Maria Olabarri. Orain lauzpabost urte arte mendira igotzen zen, eta asteak igarotzen zituen bertan zuen bordan. Bizitza gogorra eta tristea zela esan arren, erakartzen zuen zerbait bazela esaten zuen. Luis Larrea ere elkarrizketatu genuen; sekulako energia du, eta elkarrizketatuen artean gehien harritu nauena izan da.

Gazteak ere elkarrizketatu dituzu. Ba al dago alderik adinaren arabera?
Aldeak nahiko nabarmenak dira. Ardiak mendira igo arren, egun artzainek gaua etxean igarotzen dute. Gainera, produkzioari ere garrantzia ematen diote. Artzaintza tradizionalaren eta modernoaren arteko fusioa dela esan daiteke. Artzain tradizionalek une gogorrak bizi izan zituzten; egungo gazteek, ordea, bestelako mimoak behar izaten dituzte. Artzaintza egunerokotasunarekin uztartzen saiatzen dira; adibidez, kalera irtetearekin.

Gazteen artean, badira emakumeak ere.
Zigoiti aldean, artzain emakume gehiago daude gizonezkoak baino. Proiektu ezberdinetan aritzen diren emakumeak dira. 

Beraz, artzaintzak etorkizuna duela esango al zenuke?
Artzaintzak badu etorkizuna, baina asko borrokatuta. Laguntzak jaso arren, egungo artzainek produkzioan lortutakoari esker bizi nahi dute. Artzaintzaren sektorean dagoen mafiaz eta mendira txakurrekin igotzen diren herritarrez kexu dira. Askok zaindu ez, eta ardiak zauritzen eta hiltzen dituzte. Administrazioak ere erantzukizuna izan beharko lukeela diote; artzaintzaz baino gehiago, turismoarentzako parke naturalak egiteaz arduratzen direla esaten dute. Sarri ez dira zainduak sentitzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide