Jaurlaritzak oinarrizko soldata bat bermatuko die kulturgintzako langileei

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2020ko api. 15a, 16:50

Kultura langileei bideratutako ekimena izango da./ Aiaraldea.eus

Gehienez 1.200 eurokoa izango da errenta, eta aurreko urteetako errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko da bakoitzaren zenbatekoa.

Koronabirusaren ondorioz diru sarrerarik gabe geratu diren kulturgintzako langileei oinarrizko soldata bat bermatuko die Eusko Jaurlaritzak. Soldata jarraitu bat jasotzen ez duten eta egoera «estuan» diren «langile profesionalei» zuzendutako laguntza bat da, Bingen Zupiria Kultura Sailburuak adierazi duenez, eta ez sektore oso bati zuzendutakoa. Izan ere, sailburuak berretsi du krisiaren ondorioei aurre egiteko onartutako beste laguntza lerroen osagarri izan nahi duela errentak. «Jakitun gara, hala ere, kultur jardueraren bereizgarritasunen ondorioz langile autonomo ugari daudela aldian aldiko kontratazioak dituztenak eta ezinezkoa zaienak laguntza horiek eskuratzea. Eta horregatik erabaki dugu lerro berri hau zabaltzea».

Hilaren amaierarako jarriko da martxan diru laguntza eskatzeko bidea, eta martxoaren 14tik krisia amaitu bitarteko tartean iraungo du; laguntza gehienez ere sei hilabetez emango da, nolanahi ere. Hala, gehienez 1.200 eurokoa izango da oinarrizko errenta, eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren araberakoa izango da gutxienekoa. Langile autonomo bakoitzak bere errenta izango du, eta aurreko urteko errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko da, Beatriz Artolazabal enplegu sailburuak azaldu duenez. «Aurreko urteko errenta aitorpenean, kulturari lotutako jardueran, aitortutako diru-sarrera garbien hileko batezbestekoaren % 70 inguru izango da jaso beharreko zenbatekoa». Jarduera ekonomikoa aurten abiatu dutenek ere eskatu ahal izango dute laguntza, baina jasoko duten kopurua lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da: 950 eurokoa, alegia. 

Kultura Sailak 2,5 milioi euro bideratuko ditu guztira laguntzarako. Diru poltsa hori Enplegu Sailarekin eta Ogasun Sailarekin adostutakoa da, Beatriz Artolazabal enplegu sailburuak adierazi duenez. «Jakitun gara sektorearen berezitasunez, eta horregatik Lanbidek laguntza lerro espezifiko eta zehatz bat garatu du». Hala, Elkarrekin Podemosekin aurrekontuetan adostutako kultur formakuntzarako diru poltsa erabiliko da oinarrizko errentarako.

Aholkularitza zerbitzua
Jaurlaritza ohartzen da osasun krisia kulturan eragiten ari den kalteaz: «Eta geldialdi hau oso ondorio larriak izaten ari da kulturaren arloan», esan du Zupiriak. «Bat-batean, COVID-19a gelditzeko neurrien ondorioz, dena geldituta geratu da; kontzertuak, filmen estreinaldiak, dantza emanaldiak, liburuen aurkezpen, inpresio, argitalpen eta salmentak... Dena gelditu da bertan behera». Sailburuak erantsi du «etengabeko harremana» izaten ari direla sektoreko elkarte eta ordezkariekin, «informazio zehatza» jaso eta gertatutakoaren neurria kalkulatzeko galdetegi bat emango dietela.

Hala ere, sailburuak iragarri duenez, Jaurlaritzak aholkularitza zerbitzu bat jarriko du martxan, laguntza oro kulturaren arloko langileengana iristeko. «Eusko Jaurlaritzak enpresei eta autonomoei zuzendutako diru laguntzak kulturgintzako enpresetara iristen ere ahalegindu gara, eta helburua da kultura arloko enpresei diru laguntzen inguruko informazioa erraztea, eta tramiteetan laguntzea». Zerbitzua datorren astetik aurrera egongo da martxan.

«Ahal den azkarren kultur jarduera berreskuratzeko gure apustua berretsi diegu sektoreko elkarte eta ordezkariei», esan du Zupiriak. Eta gehitu du «modu koordenatuan» ari direla lanean Foru Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta Eudelekin krisiari «erantzun bateratu bat» emateko. «Kulturak krisia baino lehen zeuzkan balio guztiak mantentzen ditu orain ere. Beraz, momentu honetan kultura behar dugun moduan, kulturak behar gaitu gu. Eta uste dugu jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik garrantzitsua dela».

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide