Pandemia garaiko aisialdi hezitzailea

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2020ko eka. 13a, 10:07

Udalekuak Okondon./ Aiaraldea.eus

Euskal Herriko aisialdi talde ugarik bertan behera utzi dituzte udalekuak, osasun egoeraren ondorioz. Halere, batzuek zenbait aukera eskaini dituzte, haurren eta gazteen beharrak erdigunean jarrita. Guraso batzuk ere kezkatuta daude, udalekurik gabe kontziliazioa zaildu egin zaielako.

Pandemiak eragin duen egoeraren ondorioz, hainbat aisialdi taldek erabaki dute udalekuak bertan behera uztea. Beldurra, ezjakintasuna eta ziurtasun falta aipatzen dituzte, besteak beste. Salatu dute gobernuek ez dutela araudi eta protokolo zehatzik, eta horrek ezinegona sortzen duela. Milaka haur eta gazte geratuko dira udalekuez gozatu gabe, eta horrek eragina du etxe ugaritan: kontziliazio arazoak ugaritu egin dira. Halere, talde batzuek egoerari aurre hartu eta aisialdi hezitzailearen aldeko hautua egin dute, natura, euskara eta komunitatea oinarri hartuta, esaterako. Haurrek haurrekin erlazionatzeko duten premia jarri dute erdian.

Euskararen erabilera eskualdean zabaltzeko helburuarekin sortu zuten Aiaraldea Ekintza Faktoria duela hamar urte. Bizitzarako «beharrezkoak» diren esparru guztietan euskarak lekua izatea da asmoa, baita hezkuntzan ere. Behar horretatik sortu zuten Kokoriko Hezkuntza Faktoria. «Hezkuntza formalean eta ez-formalean aritzen gara, eta hainbat proiektu egiten ditugu haurrekin, gazteekin, familiekin eta hezkuntzako profesionalekin», azaldu du Aritz Lili taldeko kideak. Udalekuak ere antolatzen dituzte; hausnartu ostean, aurten ere egiteko erabakia hartu dute, pandemia garaira egokituta.

Udaleku egokituak

Goizeko orduetara moldatuko den udaleku formatu baten aldeko hautua egin dute, Basoan jolasean izenekoa. Lilik adierazi du haurrek kalean bizitzeko beharra dutela, baita naturan ere. Horregatik, eta egoera honetan «seguruagoa eta egokiagoa» dela iritzita, udalekuak baso inguruan egitea erabaki dute. «Naturarekin harreman zuzena izango duen proiektu bat da, hark ematen dizkigun baliabide guztiak ustiatu ahal diren espazio batean», azaldu du hezitzaileak. Aitortu du erabakia ez dela erraza izan, eta buelta asko eman dizkiotela; haren ustez, legeek ere «kokatzeko zailtasunak» izan dituzte, eta horrek eragina izan du haiengan. Sei txanda dituzte, uztailaren erdialdetik irailaren hasierara, 2009-2016 artean jaiotako haurrentzat.

Gasteizko Alde Zaharreko Goian elkarteak ere udalekuak egiteko erabakia hartu du. Zumai Olalde eta Irati Barriocanal bertako kideak eta hezitzaileak dira, eta azaldu dute elkarteak auzo guztia hartzen duela, hiru helburu nagusi zehaztuta: lehentasunezko arreta behar duten haurrei eta gazteei «kalitatezko aisialdia» eskaintzea, parte hartzearen bidez auzokide sentimendua sortzea, eta elkar topatzeko esparruak eskaintzea komunitatea sortzeko. Barriocanalek adierazi du plazera jartzen dutela erdigunean: «Ondo pasatuz eta gozatuz, gizarte kohesioa eta harremanak sortzea dugu helburu». Horretarako bideetako bat dira auzolekuak, baina taldeko kideek azaldu dute moldatu egin behar izan dituztela eta ez direla urtero egiten diren modukoak izango.

Bi astez egin ohi diren udalekuak dira auzolekuak, egunean lau ordu ingurukoak; adinez nagusiagoak direnentzat, berriz, kanpaldia egiten dute. «Egoera honetan ikusi dugu merezi duela denbora luzatzea, eta badugula aukera haur eta familiekin denbora gehiago igarotzeko», esan du Barriocanalek. Beraz, uztaileko goiz batzuetan ekintza zehatzak egingo dituzte, eta arratsaldeetan auzoko beste eragile batzuek antolatutako programazioa egongo da; ipuin kontalariak, adibidez. Halere, elkarlanean dabiltza egutegi bat osatzen. Kontatu dute garrantzitsua iruditzen zaiela pandemiaren aurretik haurrek komunitatearekin zuten harremana berreskuratzea udan, azken hilabeteotako «deskonexioa» erabatekoa izan ez dadin. Halere, azaldu dute hori elkartearen proposamena dela, eta, dituen ezaugarriengatik, udalaren baietza jaso behar dutela oraindik.

Diman (Bizkaia) ere udalekuak egitea erabaki dute. Hain zuzen, herri hezitzailearen filosofiatik sortutako proiektua da Dimensten; talde motor bat du hezitzaileekin, eskolako ordezkariekin, herritarrekin eta udalarekin osatua, eta hark egin du hautua. Udaleku itxiak egingo dituzte, herritik atera gabe eta hiru txandatan banatuta, bakoitza astebetekoa. Bertako kidea da Ekhi Ziarrusta: «Hasieratik genuen garbi ez genituela egingo metro biko distantzia, elkar ukitu ezina eta maskarak erabiltzea bermatu beharko lituzkeen udalekuak; beraz, irtenbidea da egongo diren umeekin bloke bat osatzea, familia bat izango bagina bezala». Familiei «ardura puntu bat» eskatuko diete antolatzaileek; udalekuetara joan baino hamabost egun lehenago ea sintomarik duten zaintzea, besteak beste. Hala ere, gaineratu du udalekuetan protokoloei jarraitu eta neurriak «ohi baino gehiago» zainduko dituztela. Kokoriko eta Goian taldeek ere neurriak izan dituzte gogoan, eta azaldu dute talde txikiak osatzea dela hartu duten neurririk garrantzitsuenetako bat.

Batzuk, bertan behera

Elkarte bakan batzuek udalekuak egiteko hautua egin duten arren, hainbatek erabaki dute, ohiko formatuari eutsi ezinik, txandak bertan behera uztea; esaterako, Ipar Euskal Herriko Uda Leku elkarteak. Batetik, bilguneak antolatzen ditu, eguneroko aisialdi zentroak; bestetik, egonaldiak egiten dituzte, astebetekoak. Hain justu, halako egonaldiak euskaraz egiten dituen egitura nagusia dira Iparraldean. Erabaki dute egonaldi horiek bertan behera uztea, Frantziako Gobernuak oraindik ez duelako osasun protokolo zehatzik eta erantzunik gabeko hainbat galdera dituztelako. «Egoera honek elkartea ezjakintasun handian atxiki du, prestaketa pedagogiko eta logistiko guzia blokeatuz», salatu du elkarteak. Aurten ez dituzte egingo 6 eta 15 urte bitartekoentzat antolatzekoak ziren 11 egonaldiak, eta 250 haur eta gazte geldituko dira eskaintzarik gabe. Elkartearen arabera, «dolu handiz» hartutako erabakia izan da. Hemendik aurrera, Lapurdin dituzten lau bilguneak berriz irekitzeko indarra egingo dutela azaldu dute.

Nora Arbelbidek 4 urteko haur bat eta 8 urteko beste bat ditu. Zaharrena egonaldi batean apuntatu zuten, bertan behera geldi zitekeela jakinda; azkenean, Baionako bilgunera joango da. Arbelbidek azaldu du umeen sozializazioa ez dela lehentasun izan, baina hala beharko lukeela. Haren arabera, garrantzitsua da haurrek harreman sozialak lantzea, eta egonaldiak eta bilguneak garrantzitsuak dira horretarako: «Gauza berriak ezagutzen dira, autonomian ikasten da, eta euskararentzat ere garrantzitsuak dira; balio dute txikitatik errealitate desberdinak ezagutzeko». Gehitu du egoera «korapilatsua» ere badela, gurasoek udan ere lan egiten dutelako.

Alaitz Ziordia zamudioztarrak 7 urteko haur bat du, eta uztaileko lehen hamabostaldian herriko udalekuetan izena emateko asmoa zuen, baina udalak oraindik ez du erabakirik hartu. Ziordia irakaslea da, eta esan du ez lukeela kontziliazio arazorik izango udalekurik ez badago ere, baina nabarmendu du ingurukoak «kezkatuta» daudela, «beharrizan batzuk» dituztelako. Halere, haren iritziz, posible da familien beharrizanak eta umeenak uztartzea eta irtenbide bat aurkitzea. Horretarako, funtsezkotzat jotzen du balioetan oinarritutako aisialdi hezitzailea: «Egoera honetan, garrantzitsua da haurrekin emozioez hitz egitea: pandemia honetatik zer ikasi dugun eta zer ari garen ikasten; emozioei eta osasunari garrantzia eman behar zaie, hala nola gorputzari, inguruari eta erlazioei». Umeek umeekin egoteko beharra dutela azaldu du.

Identifikatutako beharrak

Udalekuak egiteko identifikatutako beharrei dagokienez, urruntze fisikoaren eta emozionalaren arteko balantza izan du gogoan Lilik. Haren ustez, legeek agindutako urruntze fisikoak urruntze emozional bat ere eragin du. Halere, uste du hori eraldatzea posible dela: «Legeak urruntze fisikoa ezartzen duen arren, urruntze emozional bat ez du ezartzen; uste dugu udalekuek ekarpen handia egin dezaketela haurren emozioen kudeaketan». Adierazi du umeak denbora asko egon direla etxean konfinatuta, beste umeekin harremanik eduki gabe, eta behar hori badutela; baita normalean inguruan ez dituzten haurrekin erlazionatzekoa ere. Gaineratu du guraso batzuekin ere hitz egin dutela eta jakin dutela kontziliazio arazoak dituztela batzuek, eta, beraz, udalekuen beharra dutela. «Haurren beharra identifikatuta jada, garrantzitsua iruditzen zitzaigun udalekuak egitea, baina gurasoen beharra gehituz gero, oraindik handiagoa da beharra».

Goian elkarteko kideek ere erabaki bat hartu baino lehen bilera bat egin zuten auzoko eskolekin, guraso elkarteekin, begiraleekin, koordinatzaileekin, kale hezitzaileekin eta boluntario batzuekin. Behar jakin batzuk identifikatu zituzten. «Batetik, ikusi genuen familiek beharra zutela informazioa era egokian jasotzeko; bestetik, identifikatu genuen haurrek sozializatzeko beharra zutela, baita emozioak lantzekoa eta mugitzekoa ere», azaldu du Olaldek. Ohartarazi du pandemiaren aurretik jada baziren arrakalak handitu egin direla, eta gehiago sortu. Horiek leuntzeko beharra zegoela erabaki zuten, besteak beste, familien artean «desberdintasun handia» sortu dutelako aisiari eta eskolari dagokionez. Halere, hasieratik garbi zuten behar horiek guztiak «komunitatearekin batera» asetzen saiatuko zirela.

Gainontzeko bi taldeek bezalaxe, Dimensten proiektuko kideek ere umeen beharrizanak jarri zituzten erdigunean; haurrek haurrekin egoteko duten beharra, hain justu ere. «Hasieratik esan genuen lortu behar genuela umeak orain arte moduan aritzea: libre, elkar ukitzen eta batera jolasten», azaldu du Ziarrustak. Haren arabera, horri emango diote garrantzia, baina kontziente dira egoera momentu batetik bestera alda daitekeela, gizartean izurriaren beste olatu bat sor daitekeelako, esaterako. Halere, erantzukizunez, arrisku hori hartzeko prest daudela azaldu du: «Ez zitzaigun zentzuzkoa iruditzen udalekuak bertan behera uztea eta umeak herriko tabernetan ikustea».

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide